Ula Iruretagoiena Busturia - ulissima05
Arkitektoa

Klima, lurraldea, hirigintza

Telebistan Mallorcako Sant Llorenc herritxoan euriteek sortutako hildakoen eta hondamendiaren inguruko albistea eman dutenean, erredakzioko kazetariek hirigintzako diagnosi-ariketatxo bat egin dute. Azalpenak herria kokatzen deneko lurraldearen plano baten laguntzaz eman dituzte, planoak aditzera ematen duelako gertatutakoaren arrazoia: herria bailararen behealdean eraikita dago, hiru ibairen igaroaldiak biltzen diren gune estrategikoan. Zoritxarreko kokapenari gehitu zaio urbanizazio lanek ibaia hormigoizko hormetan sartu dutela eta eraikinak ibaien bidegurutzean instalatu direla.

Sant Llorenc diseinatu zuten hirigileek justifikatuko zutenez, berez ibaiarenak diren espazioak okupatuz oinezko pasabide polit bat “irabazten” zen zuhaitz lerrokaduraren konpainian –eta etxebizitzen eraikuntzarekin zorroa ere puztuko zuten, noski–. Baina eurite zaparradak plangintzaren akatsak bistaratu ditu. Albistegiko kazetariak egoera bikain deskribatu du, hirigintzak “ur-bonba” bat eraiki duela esaterakoan. Sant Llorenc presa bat bilakatu da bailaretatik datorren ur-emariaren bideratzean oztopo bat delako. Albisteak ez al gaitu sofatik altxarazten, euskal lurraldean tankerako hamaika adibide ditugula dakigunean?

Leslie urakanak Europa jo eta lurraldeok zeharkatzean sortu dituen sarraskien gaineko berriak Naomi Kleinen «Honek dena aldatzen du. Kapitala klimaren aurka» liburua eskuartean dudala jarraitu ditut. Klimaren aferak maila planetarioan suposatzen duen erronkaren eta albisteon artean lotura zuzena egitea ezinbestekoa egin zait. Naomi Kleinek ez du antropozenoaren irudikapen apokaliptikoan oinarritutako mezurik igorri nahi; gure siestatik esnatu nahi gaitu, prokrastinatzeari uzteko, alegia.

Eguraldiaren telebista-tarteari dedikatzen diogun arretak ez luke soilik asteburuko planak egiteko balio behar; lurraldeko klimaren gertakizunez hausnartzeko tartea beharko luke. Teknologiak ez gaituelako salbatuko, ekologisten zeregina ez delako. Kleinek aldaketarako garaia dela dio, esparru guztietan egiturazko eraldaketak proposatu behar ditugula. Bakoitza bere alorretik.

2008ko krisialdi ekonomikoaren ondotik hirigintzaren etorkizuna hirien barnealdean zegoela adostu zen hirigile pentsalarien artean. Auzoak zentroan jarri eta birgaitzea zela hirien etorkizuna. Eta 2018. urtean, klimak hirigintzaren aro berri bat abiatzea exijitzen du. Hirigintza egiteko modua errotik aldatu behar da; erabilera-espazioak pentsatzearekin batera, uraren igoera eta uholdeetarako prestatzen hasi behar dugulako, beharrezko neurriak planteatuz eta horiek martxan jartzeko bideak erraztuz. Eszena honetan, ibai ertzetan eraikitzea lurralde-krimen bat dela aitortuko genuke (Donostiako Txomineneko auzune berriari txartel gorria). Are gehiago, deserosoak zaizkigun salbamendu-neurriak hartzera ohitu beharko gara: eraikinak bota eta biztanleria desplazatu; iragazkorrak diren urbanizazioak derrigortu (berriak eta dauzkagunak eraldatu), hormigoizko kanalak dinamitatu. Hirigintzak lurraldearen klimak sortzen dituen geografia berriari erantzuna eman beharko dio. •