Amagoia Mujika Telleria
infraganti

ARRATE ILLARO

Akaso ahobiziak eta belarriprestak agertuko zaizkio alboko aulkietan eserita, kantukide, hurrengo finalaurrekoarekin amets egiten duenean. Martxa bizian doazen bi trenetan igota dago uneotan Arrate Illaro (Getxo, 1989): Euskaraldia eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Bateko koordinatzailea da eta bestean finalaurrekoetara sailkatzea lortu du.

N ola ote dago Arrate Illaroren agenda? Euskaraldiko koordinatzailea da eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara sailkatu da. Euskaraldia azaroaren 23an hasiko da eta abenduaren 3an amaitu. Eta Illarok, okerrik ezean, finalaurrekoa jokatuko du abenduaren 1ean, Lekeition.

Agendarena galdetu eta hasperen egiten du, irribarrea galdu gabe hala ere. «Egia esan nahiko beteta daukat. Batez ere lanean nago zentratuta, Euskaraldian. Urte eta erdi daramagu honetan eta erabat horretara nago. Nire lagunek eta etxekoak pairatzen dute azken hilabeteetan lanarekiko dudan obsesio puntua. Baina gozatzen ari naiz eta ez da gogorra. Badakit hilabete batzuetako kontua dela».

Horixe igota dagoen trenetako bat. Bestea, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. «Urte hasieran ilusio bereziarekin eman nuen izena txapelketan. Aurrekoan ebakuntza bat izan nuen txapelketa garaian eta aurten ondo nahi nuen entrenatu, neukan arantza txiki hori atera. Oraingoz, nahi baino gutxiago ari naiz entrenatzen. Nire txapelketa une honetan Euskaraldia dela uste dut», aitortu du. Errespetutik egiten du, hala ere, aitorpena, badakielako txapelketa gauza serioa dela. «Txapelketara baldin bazoaz, prestatu egin behar duzu. Erantzukizuna duzu zure buruarekin, kantukideekin, publikoarekin, elkartearekin... Ahal dudana egiten ari naiz, tope nabilelako. Baina pentsatzen dut txapelketan ari diren beste bertsolari asko berdin ariko direla; bakoitzak bere ardurak ditu etxean, lanean... Nire lana une honetan publikoagoa da, baina bertsolari denek dituzte beren kargak».

Txapelketaren tren horretan oso aurrera iritsi da Arrate Illaro, finalaren aurreko geltokira. Hala ere, bidea ez da ordeka izan. «Aurten zalantza handia izan dut txapelketara aurkeztu edo ez. Udaberriko fasea pasata ere, zalantzan jarraitzen nuen eta udan presente izan dut zalantza. Txapelketan gehien pizten nauena, gehien erakartzen nauena, bertso eskolako entrenamendu prozesua da. Gure kasuan, gainera, dezente gaude txapelketan eta astean pare bat aldiz izaten da hitzordua entrenatzeko, Algortako bertso eskolan. Hortik aparte, norberaren lana egitea egokitzen da, eguneroko gaiak jarraitzea eta horiei buruzko gogoeta egitea; errimak lantzea; koadernoko lana... tira, saiatu naiz sikiera astean behin bertso eskolako hitzordura azaltzen, taldean lan egiteko. Eta, gainera, bertso eskolako lagunek asko laguntzen didate, ez didate uzten errenditzen eta entrenatzera behartzen naute. Asko estimatzen diet bultzada hori, presio hori ondo datorkit».

Bultzatuz-bultzatuz, finalaurrekoetara iritsi da Arrate Illaro, aspaldi ez bezala. «Bertso eskolako entrenamenduekin jarraituko dut. Saiatuko naiz gozatzen eta nire buruari gogor egiten, ahal dudan onena emateko. Saiatuko naiz ez erlaxatzen azken agurrera arte», aitortu du.

Euskalgintzak, une berezia

Pentsatzekoa da azken asteak ez direla lasaiak izaten ari getxoztarrarentzat. Burua hainbeste tokitan izanda, ez da samurra izango oholtzara igotzea, prentsaurreko bat ematea, elkarrizketa bati erantzutea... Bere buruarekin harritzen ari ote den galdetu eta barre egiten du Illarok. «Igual bai. Egia esan azken urte eta erdian asko ikasi dut. Pribilegiatua sentitzen naiz euskalgintzan une honetan eta toki honetan egon ahal izateagatik. Jende askorekin ari naiz ikasten; harremanak, lankidetza, bilerak... Sentitzen dut izugarri ari naizela ikasten eta erritmoari eusten ari naizela. Duela hilabete batzuk pentsatzen nuen sasoi honetan nekatuago, erreago eta gaindituago egongo nintzela, eta, egia esan, oso gustura nago. Lanpetuta, baina pozik».

Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea ere bada. Justu gogoeta garai betean dago Bertsozale Elkartea, baina Arrate Illarok «lan baimena» dauka pixka batean aparte ibiltzeko. «Ahal dudanean saiatzen naiz joaten. Nik izugarri ikasi dut Bertsozale Elkartean. Eta han ikasitakoak balio dit orain egiten ari naizen lanean. Batzuetan sentitzen dut Euskaraldian nagoela Bertsozale Elkartean ikasi dudanari esker».

Euskalgintzak une berezia bizi duela sentitzen du. «Ez bakarrik ahobizi edo belarriprest izango diren herritar guztiengatik; lankidetzagatik, kohesioagatik... Konbentzituta nago urratsak ematen ari garela. Euskalgintzaren barruan benetan ari gara lankidetzan, erakunde publikoekin benetan ari gara lanean, gizarte eragileak norabide berdinean ari gara lanean... Inplikazio handia sentitzen dut eta benetan pribilegiatua sentitzen naiz». Horixe bere motorra.

Euskaraldiak haize berri bat dakar, hizkuntzaren normalizazioaren alde jarduteko ertz berriak dakartza. Ahobiziak ulertzen duenari euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren. Eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.

Belarriprestak, berriz, euskaraz egiteko eskatuko du, ulertzen duelako. Agian erdaraz erantzungo dizu, baina zuk berari euskaraz egitea nahi du.

«Aldaketa bat probokatzen ari garela uste dut. Norbaitek gazteleraz edo frantsesez egiten dizunean, ez diozu zertan hizkuntza horretan erantzun, zuk jarraitu dezakezu euskaraz egiten. Elkarrizketa elebidunak posible dira. Gainera, horiek ekarri dezakete elkarrizketa euskarara, eta ez beti egiten duten bezala, erdarara. Eta hor mentalitate aldaketa bat egin daitekeela sentitzen dut».

Hamaika eguneko ariketa horretatik kanpo –batzuek hobeto eta besteek okerrago egingo dute–, izena eman dutenek egin duten gogoetari balio berezia ematen dio Illarok. «Gure hizkuntza praktikari buruz gogoeta egitea izugarri emankorra iruditzen zait. Horrekin dagoeneko emaitza ona iruditzen zait».

Ez luke nahi, hala ere, inork bere burua zigortzea ariketa ez duelako behar bezain zuzen egin. «Euskaldunok badugu joera gure burua zigortzekoa; erdarara pasatu garelako gaizki sentitzea; lehen hitza euskaraz ez dugulako egin gaizki sentitzea...».

Geltoki berri bat

Euskaraldiak geltoki berri bat paratu dio euskararen normalizazioari, ahobiziek eta belarriprestek nolabaiteko lasaitasun linguistikoa topatu dezaketen geltoki bat. «Oraindik lana dugu egiteko. Euskararen ezagutzan indarra egiten jarraitu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun oztopoak gainditu behar ditugu. Baina pauso bat emateko momentuan egon gaitezke. Erabaki pertsonaletan jarri dugu aurten indarra –entitateen erabakietan ere eragiten saiatzen ari gara–, eta erabaki pertsonal horien indarrak mugiarazi ditzakete entitateak. Baina, noski, erakundeekin ere lan egin behar da».

Informazioa zabaldu eta zabaldu ari diren arren, kontziente da «oraindik herritar askok ez dutela Euskaraldiaren berri». «Euskara askotan ahizpa txikia da; bai albistegietako berrien ordenan eta baita kaleko elkarrizketetan ere. Baina, tira, Euskaraldia arnas luzeko proposamen bat da. Aurten saiatuko gara pauso batzuk ematen, baina gehiago eman beharko dira». •