Ingo NIEBEL
POLONIA, GALTZAILE AMORRATUA

Lehen Mundu Gerrako hondakinetatik birsortu zeneko mendeurrena ospatu berri du Europa Erdialdeko herriak

Poloniako II. Errepublika eratu zeneko mendeurrena ospatu du aurten historian zehar Alemania eta Errusiak inguratuta bizi izan den herriak. Azaroaren 11ko jai nazionalean 200.000 poloniar atera ziren kalera. Gobernua ultraeskuinarekin atera zen kalera, muturrekoei protagonismoa kentzeko aitzakiarekin.

Manifestazioaren aurrean Andrrzej Duda presidentea eta Mateusz Moraviecki lehen ministroa zeuden, Prawo i Sprawiedliwosc alderdi kontserbadore, katoliko eta eskuindarraren agintariak (PiS, Legea eta Justizia). Atzean, berriz, muturreko poloniar nazionalistak eta faxistak zihoazen, duela bost urte Varsovian Errusiako enbaxadari eraso egin ziotenak. Oraingoan ez zuten liskarrik eragin.

PiSek kaleak eta jai nazionala ultren esku ez zuela utziko argudiatuz deitu zuen manifestazioan parte hartzera. Dena den, ultren ondoan desfilatuz mendebaldean Poloniak duen irudi ankerra baieztatzea baino ez du lortu alderdiak.

Parisen Macron presidente frantsesa eta bere gonbidatuak I. Mundu Gerrari (1914-1918) amaiera eman zion armistizioaren mendeurrena gogoratzeko bildu baziren ere, urtemugak bestelako esanahia du Polonian. Izan ere, duela 100 urte, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, nazio poloniarrak estatu propioa berreskuratu zuen, 223 urte lehenago Prusiak, Errusiak eta Austria-Hungariako Inperioak suntsitu zutena Erdialdeko Europako herrialdea euren artean partekatzeko.

Militarra presidente

1918ko azaroaren 11 hartan ordekari poloniarrek Jozef Pilsudski jenerala komandante buru izendatu zuten. Militarra alemaniarrekin eta austriarrekin batera aritu zen errusiarren aurka borrokan, estatu poloniar baten aldeko aliatuen apustua ez zela benetakoa ohartu zen arte. Geroago, Poloniako II. Errepublikako presidente izendatu zuten. Eta, azkenean, boterean betikotu zen estatu kolpe baten bitartez. Bistakoa denez, nazio subiranotasunaren heroia ez zen ez demokratarik iaioena.

Askoz iaioagoa zen Pilsudski kontu militarretan, Sobietar Batasun sortu berriaren Armada Gorri iraultzailea Varsoviako atarian bertan zela menderatu zuenean erakutsi zuen bezala. Ondoren Ukrainiako mendebaldeko eskualdea konkistatu zuen, 1795. urteko Poloniako mugak berreskuratuz. Polonia berriaren mendebaldean, berriz, Pilsudskiren soldaduek Alemaniako freikorps paramilitarrekin egin zuten topo, Posen eta Mendebaldeko Prusiako eskualdeetan aritzen zirenak. Azkenean, Versallesko Itunaren ondoren armagabetuta, Berlinek amore eman behar izan zuen eta alemaniar eta poloniar populazioek jaioterri zituzten lurraldeok Gerra Handian garaile izan ziren potentzien babesa zuen Varsoviako Gobernuari eman behar izan zizkion.

Aurrerago, 1934an, Adolf Hitlerren gobernu naziak «elkarri ez erasotzeko» ituna sinatu zuen Pilsudskiren exekutiboarekin, “bakezalea” zela adierazteko. Poloniako agintariak Alemaniarekin harremanak egonkortu nahi zituen, baina, aldi berean, Paris eta Londresen laguntza ere landu zuen, Berlinek eta Moskuk Poloniari “guraizearena egin” ez ziezaioten. Laster ikusiko zuenez, ez zuen helburua lortu.

1939ko abuztuan, Hitlerrek eta Stalinek Ribentropp-Molotov akordioa sinatu zuten, elkarri ez erasotzeko aginduaren truke berriro ere Polonia zatitu eta bereganatzea hitzartuz. Horrela bada, Hitlerrek Poloniaren inbasioari ekin ahal izan zion irailaren 1ean. Alemaniar tropak Stalinekin adostutako marrara iritsi baino lehen, Armada Gorriak bere zatia bereganatu zuen, hau da, 1795tik Pilsudskiren erasora bitarteko Ukrainiaren mendebaldeko lurraldea.

SS indarren komando bereziak

Alemaniako soldaduen atzetik, SS indar armatu nazien komando bereziak zetozen. 60.000 poloniarren izenak biltzen zituen “ikerketa zerrenda berezia” zeramaten esku artean. Heinrich Himmler SS indarren buruak Poloniako inteligentzia ezabatu nahi zuen. Urriaren bukaerarako 20.000 pertsona hil zituzten. Izena ere kendu zioten herrialdeari, “Okupatutako Poloniar Lurraldeen Gobernazio Orokorra” bezala izendatuz. Geroago etsaiak modu industrialean hiltzeko sistema hobetu zuten, Auschwitzeko sarraski-zelai ezaguna eraikiz.

Sobietarrek ere berea egin zuten Polonian 1940tik 1941ra bitartean: 25.000 poloniar ofizial erail zituzten, tartean 4.000 inguru Katyneko sarraskian. 1943. urtean erbesteko Gobernu poloniarraren buruak, Wladislaw Sikorskik, Gurutze Gorriari Katynen gertatutakoa ikertzeko eskatu zionean, Stalin sutan jarri zen. Hilabete batzuk geroago inoiz argitu gabeko aire istripu batean hil zen Gibraltarren Sikorski. Harremanak are gehiago gaiztotu ziren Armada Gorriak Varsoviako ghettoko matxinadari eta Poloniako Armadari laguntza ukatzean. Ondorioz naziek hiriburua guztiz suntsitu eta 200.000 poloniar erail zituzten.

II. Munduko Gerran, ez dira batere ezagunak poloniarren ekintza gogoangarriak. Baina izan ziren. Adibidez, Marian Rejeskiren eta beste hainbat poloniar matematikoren lana ezinbestekoa suertatu zitzaien britainiarrei alemaniarren kode-sistema, Enigma izenekoa, deszifratzeko.

Nazismoa garaituta, Poloniako Errepublika Popularra jaio zen, sobietar Anai Handiaren agindupean. Sobietar Batasuna Ukrainiako mendebaldeko lurraldeekin geratu zen, baina, trukean, Oder-Neisse lerrorainoko lurralde alemanak eta Prusia Ekialdeko hegoaldea eskaini zion Varsoviari.

Komunismoaren porrota

80ko hamarkadan, Solidarnosc langile mugimendua komunismoaren aurkako indar nagusi bilakatu zen, eta, Juan Pablo II.a orduko aita santuarekin batera, Varsoviako Ituneko herrialdeko alderdi komunista guztiak suntsitzea lortu zuten, domino-fitxak bailiren. Alderdien arteko hauteskundeen ostean, eta, konstituzio berriaren haritik, Rzeczpospolita Polska jaio zen.

Garai hartakoa da ere herrialdeko himnoa, honela hasten dena: «Oraingoz ez da galdua Polonia…». Hau da, momenturik zailenetan itxaropena mantentzeko deia eta leloa. Izan ere, Poloniaren egoera ez da batere samurra gaur egun ere. Mendebaldetik Europako Batasunak gogor kritikatzen ditu prentsa askatasunaren eta botere judizialaren aurkako Varsoviako Gobernuaren erasoak. Ekialdetik, Ukrainiako krisiak eta Moskuren interesek pil-pilean mantentzen dute Poloniaren beldurra. Beldurra eta paranoia, 2010ean Katynera bidean aire istripuz hil zen Lech Kaczynski presidentea zenaren inguruan sortutako konspirazio zurrumurruek agerian utzi bezala. Egun, bere biki Jaroslawek gidatzen du PiS alderdia, eta Donald Trump AEBetako presidentea du babesle berritzat...

Alemaniaren eta Errusiaren tartean beti eta betirako

Poloniarentzat agertoki txarrena Berlinen eta Moskuren artean harremanak hobetzea litzateke, esate baterako, Krimearen anexioagatik Europako Batasunak Errusiari jarri zizkion zigorrak atzera botatzea. Horrela bada, Varsoviak ez du begi onez ikusten North Stream II gasbidea, Errusia eta Alemania Itsaso Baltikoan barna batzen dituena, Polonia eta Ukrainia alde batera utzita. Izan ere, Varsoviak 1991n geoestrategikoki lortutako pisua galtzen du. Urte hartan, Parisekin eta Berlinekin batera, Weimarreko Triangelua sortu zuen, geopolitikan Polonia Europako bi potentzien ondoan jarriz. 2016an, PiSen Gobernuak AEBean base militarrak eta misil sistemak jarri zituen Polonian, Vladimir Putin presidente errusiarraren kanpo politikari desafio eginez. Donald Trump Etxe Zurira iritsi denetik, Varsoviak AEBekin lotura are gehiago sendotu nahi du. Washington, gainera, jeloskor da Emmanuel Macron presidente frantziarrak eta Angela Merkel kantzelari alemanak «benetako Armada europarra» sortzeko azaldutako planen aurrean. Beraz, PiS alderdiak herrialdearen gertuko aliatuak izan zitezkeenetatik are gehiago urruntzeko tentazioa izango du.

Egun, Berlinen eta Varsoviaren arteko harremanak gaiztotu egin dira. Poloniaren noraez autoritarioak, Merkelek errefuxiatuak hartu izanagatik egindako kritikek eta PiSen euromesfidantzak ez dizkiete harremanoi mesederik egiten. Gainera, II. Mundu Gerran Alemaniak Polonian eragindako kalteengandik ordain handiak exijitzen dizkio Poloniak Berlini. Izan ere, Alemaniak ez zion gudari amaiera bake itun baten bidez eman eta banakako akordioak sinatu zituen.

Azkenik, aipatu Alemaniako elite politiko eta mediatikoa zur eta lur gelditu zela PiSek udal hauteskundeak irabazi zituenean joan den urrian. Orain 2019ko hauteskundeetan aise galtzea espero du. Itxaropena ala desioa?