Virginia Enebral
Entrevue
Tarcia medeiros
PSOL Brasilgo alderdi ezkertiarreko eleduna

«Lidergo kolektiboa behar da, alderdi batek ez baitu bakarrik Bolsonaroren aurkako erresistentzia bideratuko»

Eskuin muturraren aurka emakumeek jokatu beharreko papera azpimarratzendu Tarzia Medeirosek, Brasilgo PSOL ezkerreko alderdiko idazkari nagusiak.

Brasilgo PSOL alderdia sortu zutenetariko bat da Tarzia Medeiros. Jair Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiak hauteskundeak irabazi ondoren, borrokarako prest da. Hori bai, itun indartsu bat osatu ez ezik, mobilizazio soziala bultzatu beharra ere badagoela azpimarratu du. «Lidergo kolektiboa behar da, alderdi politiko batek ez baitu bakarrik Bolsonaroren aurkako erresistentzia bideratuko», ohartarazi du.

Hauteskundeetako lehen itzuliaren emaitzak ikusita, Bolsonaro presidente bihurtzea espero zenuten?

Ez, eta autokritika egin behar dugu. Orain dela urte batzuk hasi zen gora egiten eskubide zibilak eta LGTBI kolektiboko kideak arriskuan jartzen zituen ultraeskuina. Indarkeria eta mugimendu sozialen kriminalizazioa ere areagotzen joan da. Gazte indigenen edota beltzen hilketa tasak benetan ikaragarriak dira. Baita LGTBI kolektiboko kideenak ere. Isilpeko gerra zibil batean gaude. Horrez gain, 13 urtez ezkerreko gobernu bat izan ondoren, hedabideen eta legebiltzarraren eskutik kolpe bat eman zen Dilma Rousseff kargugabetzeko. Bolsonaro laguntzen duen Temerrek berak ahalbidetu zuen. Beraz, Bolsonaro ez da edonondik agertu. Ezin dugu ahaztu ere egun kaltetzen gaituen lege antiterrorista Dilmak sinatu zuela.

Nola lortzen du arrazista, misogino eta homofoboa den norbaitek Brasilgo presidente izatea?

Oraindik hausnarketa egiten gabiltza, baina elementu ezberdinen ondorioa dela esango nuke. Alde batetik, krisi ekonomikoak ekarri duen langabezia tasa, batez ere, gazteen artean. Bestetik, gazteriak ez zuen diktadura militarra ezagutu, ezta eskuineko alderdien sorkuntza ere. Ez dira alderdi politikoen antolaketa bertikalean ordezkatuta sentitzen. Azkenik, indarkeria eta ustelkeria daude. Ezkerreko alderdien ustelkeria etxekotu egiten du jendeak; ustelkeria eskuineko alderdietan ematen denean, berriz, herritarrak politikatik aldentzen dira. Eta haztegi horretan Bolsonaro alternatiba bezala agertzen da. Jendeak aurrekoarekin hautsi nahi zuen. Gainera, boterean zen bitartean, PT Langileen Alderdiak desmobilizazioa sustatu zuen. Euren ustez ez zen beharrezkoa kalera irtetea, dena ondo zegoelako. Eta orain behar denean, ohitura galdu da.

Halere, Lula da Silva espetxeratu arte, bozak irabazteko hautagai nagusia zen...

Lula PT bera baino handiagoa da. Bere ibilbidea erreferente bezala ikusten da. Bere ama, 6 seme-alabekin, ipar-ekialdea utzi eta Sao Paulora joan zen gosez ez hiltzeko. Lehendakaritzara heltzean pobreziaren eta berdintasun ezaren aurkako politika ugari ezarri zituen, batez ere, bere jaioterrian. Gainera, mundu mailako krisialdia saihestea lortu zuen. Jakin badakigu, hori bai, Lula bozkatuko luketen askok ez lioketela inoiz Haddadiri botoa emango.

Eta hautagaia Manuela d’Avila izan balitz?

Ez dut uste PTk Brasilgo Alderdi Komunistako kide bat zerrendaburu izatea utziko zuenik. Hala eta guztiz ere, gauzak ez ziren asko aldatuko. Izan ere, Ingurumeneko ministro eta presidente izateko hautagai izan zen Marina Silva ere bazegoen tartean. Baina muturreko garai batean bizi gara. Emakumea eta beltza izatea ez da nahikoa ez baduzu polo bat irudikatzen, Marielle Francok egiten zuen moduan, kasu. Bera zena izateagatik hautatua izan zen, ez baitzuen zerikusirik PSOL alderdiak ordezkatzen duenarekin.

Boto emaileen mapa ikusita, zatituta den lurralde bat geratzen da agerian. Testuinguru horretan alternatibak eraiki daitezke?

Erraza izan ez arren, baietz uste dugu. Ordezkaritza eta ekonomia krisiak ez ezik, 1988ko Konstituzioan lortutako eskubide sozialak ere murriztu nahi dituzte. PTk abian jarritako pentsio erreforma kate motzean lotu nahi zuen Temerrek. Erresistentzia eraikitzen ari gara baina batzuk, faxismoaren kontra egon arren, ez daude horren aurka. Gauza bera gertatzen da abortua debekatzeko legearekin ere. Itunak lotzea ez da batere erraza.

Zeintzuk dira Bolsonarok martxan jarri nahi dituen proiektuak?

Ideologiarik gabeko ikastetxeak, armen aldeko legea, ezkontza homosexualen aurkakoa... Eta beste aldetik, pentsioen erreforma, hortik aterako baitute aldaketak martxan jartzeko dirua. Agenda faxistari neoliberala gehituko diote, eta, erdi-erdian, herri erresistentzia eragozteko egitasmoak jarriko dituzte. Ideologiarik gabeko ikastetxeen kontua, adibidez, ikaragarria da: zer irakatsiko den zehaztu nahi dute, katedra askatasuna murriztu...

Horrelako mehatxuaren aurrean, zergatik ez da jendea kalera irteten?

Mobilizazioak daude baina ez behar beste. Hauteskundeak baino lehen, ElNao ekimena sortu zen. Deialdia mugimendu feministak bultzatu ez arren, emakumeak izan ziren batez ere. Etxean ez direla geratuko eta gizonek baino gutxiago irabazi nahi ez dutela aldarrikatzeko irten ziren kalera. “Puta versus santua” dikotomia mahaigaineratu zuten. Bolsonaroren alde bazaude, emakume agurgarria zara; kalera irteten bazara, ordea, emagaldua. LGTBI kolektiboa ere atera zen kalera. Baina boteredunek mugimenduok bereganatu zituzten azkenerako. Eta galdu egin ginen. Egun dauzkagun eskubideak lortzeko zenbat borrokatu behar izan genuen ez dakien belaunaldi oso bat dago. Horrez gain, borrokaren subjektu izan nahi dute. Aldaketa bat ematen ari da parte hartzean.

Trump AEBetan, Salvini Italian, Bolsonaro Brasilen... Guztiak desilusioaren seme-alabak dira. Nola piztu daiteke ilusioa berriro?

Lidergo kolektibo baten bidez. Marielle Francoren hilketaren ondoren hiru emakume beltz izan ziren hautatuak. Erantzun bat izan zen. Marielle bizirik dago eta bere haziak gara denok. Borroka kolektibo baten bozeramaileak gara.

Zein paper bete nahi du testuinguru horretan PSOLek?

Kalean eskatzen denaren tresna bihurtzea da gure helburua. Itunak osatuko ditugu: Alderdi Komunistarekin, APIB indigenen mugimenduarekin, MTST Etxerik Gabeko Langileen Mugimenduarekin, mugimendu feministarekin, LGTBI kolektiboarekin, arrazakeriaren kontrako eragileekin... Ahulenak babestu behar ditugu, eta argi izan alderdi politiko batek ez duela bakarrik erresistentzia bideratuko: fronte bat eraiki behar dugu.

Nola antolatzen da hori?

Erabateko erronka da. Erabakiak ezin dira mugimenduak kontuan hartu gabe zuzendaritza batzorde batean hartu. Galdetu, entzun eta adostu beharra dago. Jendeak hitz egin eta parte hartu nahi du: beltzek, emakumeek, nekazariek, indigenek... Jende horren guztiaren ordezkari izatea ez da batere erraza.

Kuotak ezartzeaz gain, zer egiten du PSOL alderdiak emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko?

Emakumeek parte hartu ahal izateko baldintzak bermatu, hala nola, batzarretan egoteko seme-alaben bidaiak ordaindu, haurtzaindegia eskaini... Estatuak ematen duen finantzaketaren %5 emakumeen presentzia ziurtatzeko ekintzetan bideratu behar da legez Brasilen: mintegiak, formakuntza...

Nola babesten dituzue ikusgarri bihurtzea erabakitzen duten emakumeak?

Zaila da, batzuk hirien kanpoaldeetan bizi direlako, adibidez, mehatxuen menpe dauden kide transexual batzuk. Horregatik segurtasun sistema bat antolatzea erabaki dugu. Segurtasuna ziurtatzea ezinbestekoa da parte hartzea bermatzeko, hau da, pertsonala kolektibo bihurtu behar dugu, azken finean besteon bozeramaileak dira-eta. Marielle Francoren hilketak mezu argia bidali zuen: boterea ez da favelatik etorritako emakume lesbiana eta beltz batentzako lekua.

Zein da emakumeek jokatuko duten rola?

Kaltetuenak izango gara, horregatik egon beharra dugu prest. Pentsioen erreforma errealitate bihurtzen bada emakume nekazariek hamar urte gehiago lan egin beharko dute. Osasunera bideratutako dirua murrizten bada, zama emakumeek jasango dute. Ez da gorputz edota abortuaren auzia soilik, bizitza berarekin lotuta dago.

Ultraeskuineko alderdiei aurre egiteko, emakumeen eskubideak bigarren maila batean jartzen dira askotan...

Baina kontuok ezin dira banandu. Egiturazko arazoak emakumeen arazoekin lotuta daude. Krisi ekonomiko batean, Estatuak euskarri izateari uzten dionean, hots, eginkizun soziala, gaixoen, helduen eta umeen zaintza alboratzen duenean, emakumeak horiek beren gain har dezaten saiatuko da. Horretarako, eskubideak murriztuko dizkie. Ohiko familia ereduak haurdunaldiaren borondatezko etenaldiarekin edota LGTBI kolektiboarekin harreman estua du...