Amagoia Mujika Telleria
infraganti

XABIER GARATE

Buruhandiak, erraldoiak eta eszenarako askotariko sorkuntzak egiten ditu Xabier Garate irundarrak. 1982. urtean hasi zen zaletasunez eta azkar bihurtu zitzaion ofizio. Berak dioenez, elementu bizigabeak egiten ditu, norbait barruan sartzen denean bizia hartzen dutenak. Berak gorputza ematen die; erabiltzen dituenak, arima.

I rungo bere tailerrean, esku artean dituen buruhandiek eta erraldoiek egiten diote harrera bisitariari. Kola usain sarkorra eta begiratu bereziak, haienak. Artean pieza bizigabeak direla dio Xabier Garate egileak, barruan pertsona bat sartzen denean hartzen dutela bizia. Hala izango da, baina begiratuek benetakoak dirudite tarteka.

Xabier Garate irundarrak ibilbide luzea du egina buruhandiak, erraldoiak eta bestelako sorkuntzak egiten. 1982. urtean hasi zen. «Txikitandik izan dut abilidadea eskuekin. Etxean ez neukan arte plastikoen inguruko giro berezirik; aita mekanikaria zen eta ama, etxekoandrea, eta ez zuten ondo ulertzen nire zaletasun hori. Probetxuzko lan batean aritzea nahi zuten eta, noski, eskulanetan aritzea ez zitzaien oso probetxuzkoa iruditzen. Gauza bat eta bestea ikasten aritu nintzen, baina ezerk ez ninduen harrapatzen. Kalean urte oso mugituak ziren, kaleak berreskuratzeko borroka puri-purian zegoen eta giro hartan nenbilen. Horrela hasi nintzen, kale antzerkirako maskarak-eta egiten, zerotik, intuizioz... –orain lan haiek ikustean txarrak iruditzen zaizkit–. Egin eta egin, enkarguak iristen hasi zitzaizkidan eta une batean pentsatu nuen bizimodua aurrera ateratzeko modu bat izan zitekeela. Zergatik ez?».

Orain oso modu kutunean gogoratzen du bere aitak izandako aldaketa. «Nire aitak sektore industrialean lan egiten zuen eta nik egiten nuena polita iruditzen zitzaion denbora-pasa modura, baina lanbide bezala ez zitzaion oso serioa iruditzen. Erretiratu zenean, askotan pasatzen zen tailerretik lagunen batekin eta oso harro erakusten zuen nire lana. ‘Begira nire semeak zer egiten duen eta honetatik bizi da’, esaten zuen. Errekonozimendu hori oso hunkigarria izan zen niretzat».

Hasiera hartan Oiartzunen zuen tailerra eta hain justu Oiartzungo Udalaren enkarguz egin zituen bere lehen buruhandiak, 1983. urtean. «Ausardia handiarekin eta intuizio hutsez hasi nintzen. Han eta hemen galdetuz, hau eta bestea ikusiz, nire lehen buruhandiak diseinatzen hasi nintzen. Justu garai hartan lagun bat itsasontzi bat egiten ari zen, poliesterrarekin. Eta material hori probatzea erabaki nuen. Geroxeago antzerki lan baterako maskarak eta pertsonaiak eskatu zizkidaten... eta gaur arte».

Hasieratik poliesterrarekin egiten du lan, kartoia baino gogorragoa eta iraupen luzeagokoa delako. «Oinarrizko lau ideiarekin hasi eta denborarekin ikasi dut poliesterra maneiatzen. Teknika hobetzen joan naiz eta gero eta sorkuntza arinagoak egiten ditut. Hori garrantzitsua da. Lehenengo buruhandi haiek lau kilo edota lau kilo eta erdi ingurukoak ziren, eta, gaur egungoak, berriz, bi kilo edota bi kilo eta erdikoak asko jota. Buruhandien kasuan, pisua eta ondo ikustea dira ezaugarririk garrantzitsuenak».

Erraldoien kasuan, arintasuna bezain garrantzitsua da pisua orekatua izatea. «Batzuetan erraldoiei pisua kendu nahian desorekatu egiten dira. Garrantzitsua da pisua behean egotea eta orekatua izatea, bestela erraza da oreka galtzea. Erraldoiak dantzatu egin behar dira eta horregatik da garrantzitsua egitura ondo orekatuta egotea».

Erraldoien kasuan ere asko hobetu da teknika eta gero eta erosoagoak dira muntatzeko eta aldean eramateko.

Eszenarako materiala

Esan bezala, nagusiki buruhandiak eta erraldoiak egiten ditu. Horrez gain, eszenarako materiala ere sortzen du; dantza talde eta antzerki talde desberdinekin ibilbide luzea du egina. Tarteka, bestelako eskaerak ere izaten ditu, publizitate agentziaren batenak kasu. «Oso lan desberdinak dira horiek. Iragarki baterako osagairen bat egitea adibidez. Horrelako lanak ez zaizkit hainbeste gustatzen, ez dutelako bizirik hartzen. Nik askotan esaten dudanez, nire lanak elementu bizigabeak dira eta kalera ateratzen dituztenean edo eszenara igotzen dituztenean hartzen dute bizia. Hori da benetan gustatzen zaidana. Ez dira altzariak, ez dira estatikoak. Nik gorputza ematen diet eta, gero, erabiltzen dituenak arima jartzen die. Hori da benetan gustatzen zaidana».

Adibidez, aurten 32. edizioa beteko du Irungo Zanpantzar pertsonaiak. «Bertako inauteriak berreskuratzeko lanetan ari zirela-eta, horretarako propio pertsonaia bat sortzeko eskatu zidaten. Horrela sortu genuen Zanpantzar erraldoi hori, kalejira giroan ibiltzeko pertsonaia handia eta zalapartatsua. Pentsa, dagoeneko tradizio bihurtu da. Hitz potoloa da, baina horrela da. Hori niretzat sekulakoa da».

Maskarak ere egiten ditu, dantza talde eta antzerki talde desberdinek egindako enkarguei erantzuten. «Maskarekin gauza oso bitxia gertatzen da. Maskarak dantzaria edo aktorea txotxongilo bihurtzen du, panpina. Eta panpinak pertsonak ez dituen lizentziak izaten ditu. Dantzariari edo aktoreari baimentzen ez zaizkion gauzak baimentzen zaizkio panpinari. Badut lagun bentrilokuo bat, nik egindako panpina batekin aritzen dena. Eta hark askotan esaten du panpinak esaten dituen astakeriak berak ezin dituela esan, bestela jendea haserretu egingo litzatekeela berarekin. Aldiz, panpinari onartu egiten dizkiote. Are gehiago, ba omen da panpinarekin eztabaidan hasten denik ere! Oso gauza bitxia eta polita da. Hor, inkontzientean, badugu zerbait kolektiboa, sentsazio bat edo sinismen bat, panpinekin era berezian konektatzen gaituena».

Garatek egiten duen pieza bakoitza pieza bakarra da, errepikaezina. «Ez dut molderik egiten, ez zaidalako gustatzen. Horregatik, pieza bakoitza bakarra da. Nire buruhandiak eta erraldoiak anai-arrebak izango dira beren artean, nire eskuetatik atera direlako eta teknika berarekin eginak izan direlako. Elkarren antza izango dute, baina sekula ez dira berdinak izango. Eta hori asko gustatzen zait. Pintatu ere beti desberdin egiten ditut».

Inguruari arretaz begira

Pieza horietako bakoitzaren atzean mimoz eta talentuz egindako eskulanaz gain, informazio bilketa bat ere badago; kultura, folklorea, mitologia, antropologia, historia... adar asko ukitzen dituen bilketa. «Folklorea, mitologia... izugarri gustukoak ditut eta pertsonaiak sortzeko iturri oparoa dira. Nola inork ez dituen ikusi, horiek oso modu askean interpreta ditzakezu eta horrek liluratu egiten nau. Zer egin eta nola egin. Sorkuntzak bi parteak ditu eta batean zein bestean nire kasa moldatu naiz. Proba-akatsa, proba-akatsa... horrelaxe ikasi dut. Autodidakta naizela esan dezaket, baina ez hainbeste nire kasa ikasi dudalako, ingurukoei oso adi begiratuz ikasi dudalako baizik. Hemen sekulako maisua izan dugu, Crispin Fernandez de Barrena artista. Bere lana ez da askorik aitortu eta aparteko lanak egin izan ditu; berdin altzari bat berdin tailu bat. Artista hutsa. Nik orduak eta orduak eman ditut harekin hizketan eta asko ikasi dut. Beti nago adi, inguruari arretaz begira, eta horrela ikasi dut nagusiki».

Aitortu duenez, kalean doanean ere aurpegiak zorrotz begiratzen ditu, formak, ertzak, zimurrak, sudurraren zubia... Gero, bere buruhandi eta erraldoiak kalean jasotakoarekin janzten ditu. Eta aurpegiek, Garateren begietara, pista asko ematen dituzte. «Aurpegiera desberdinak tasun desberdinak iradokitzen dizkigute; inkontzientean barneratuta ditugun kodeak dira. Adibidez, kopeta altuak eta zabalak, pertsona mentalak iradoki ditzake; begitartea denean espazio nagusia, berriz, emozionaltasuna iradokitzen da; eta beheko partea nagusitzen denean, ahoa eta kokotxa, oso pertsona primitiboa marrazten da... Badira pertsonaren zenbait ezaugarri nabarmentzeko teknikak».

Askotariko enkarguak eta eskaerak jasotzen baditu ere, Euskal Herri mailan lan egitea gustatzen zaio bereziki. «Niretzat oso-oso garrantzitsua da bezeroa tailerrera etortzea, nola lan egiten dudan ikustea, aurpegiz aurpegi detaileei buruz hitz egitea... Zuzeneko harreman hori gustatzen zait eta horregatik lan egiten dut bereziki Euskal Herri mailan. Bartzelonara, Galiziara... ere bidali ditut lanak, baina zuzeneko harremana izateko gertuko bezeroak izatea gustatzen zait».

Prozesioetatik, festara

Garai batean herri askotako erraldoiek errege-erreginak irudikatzen zituzten. Festak herritartzen hasi zirenean, pertsonaia horiek berritzearen aldeko apustua egin zuten herri askotan eta mitologiari eta tokian tokiko pertsonaiei begiratu zieten kasu askotan. «Festaren demokratizazio bat eman zen neurri batean».

Badirudi erraldoien historia XVI. mende inguruan hasi zela eta normalean prozesio erlijiosoetan parte hartzen zuten, ez festa giroko kalejiretan. «Badirudi erraldoiek funtzio jakina zutela. Garai hartan jende askok ez zekienez irakurtzen, erraldoiek kontatzen zuten nolabait prozesio horien mezua. Beste interpretazio batzuen arabera, berriz, erraldoiek noblezia irudikatzen zuten, ongiaren eta zuzentasunaren irudi zirelako nobleak. Eta buruhandiak, aldiz, gaiztoak, bihurriak, okerrak... ziren, gizartearen parte hori irudikatzen zuten».

Buruhandiak neska-mutikoen atzetik korrika ibiltzen dira, harrapatzen dutena astinduz –erratzarekin, maskuriarekin...–. Hori da errituala. Garatek, baina, kezkatuta ikusten du akaso hori aldatu egingo dela aurrerantzean. «Niretzat garrantzitsua da buruhandiak arduraz aritzea, haurren atzetik ibiltzea, jolasean eta indarra neurtuz. Beldurra duen haur txikiari, adibidez, beste era batera hurbildu behar zaio. Normalean horrela izaten da. Baina herri batzuetan gertatzen da gaztetxoek hartzea buruhandiak eta harrapatzen duten guztia indarrez astintzea. Gauza horiek zaindu egin behar dira. Izan ere, uneren batean norbaitek buruhandien jarduna eraso bezala ulertzen badu, jolasaren kontzeptu hori hausten bada, zentzua galtzen du buruhandiak».

Xabier Garateren ustez buruhandi eta erraldoien kalejirak ikuskizun zoragarria dira, «kalean ematen da, dohain eta publiko guztiarentzat. Gainera, espazio zabala betetzen dute beren presentziarekin, jolasekin eta musikarekin. Nire ustez ondo zaindu beharreko ikuskizuna da, ezin dena galtzen utzi». •