Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

MAIALEN KORTABARRIA

Arratsaldero entzuten da haren ahotsa Arrosa Sareko «Zebrabidea» magazinean. Bigarren urtea du irratsaio horretan, hasierako beldurrak gaindituta. Ordu dezente eskaintzen dio lan horri, horregatik azkenaldion ez du gai-jartzaile egiten, noizbehinka baino ez. Oso gauza interesgarriak kontatu dizkigu bere bi jardun horien gainean.

Ez da bertsolaria, baina mikrofono aurrean badu inprobisaziorako tartea. Arratsaldero 16.00etatik 18.00etara bitartean entzun daiteke Maialen Kortabarria gasteiztarraren ahotsa, Arrosa Sareko “Zebrabidea” magazina gidatzen baitu. Urpean ere ez dela isiltzen esaten diote, nahiz eta, dioenez, duela zenbait urte Hala Bediko “Kantoia” magazinean hasi zenean monosilaboak baino ez zituen esaten.

Bigarren denboraldia du “Zebrabidea” magazinean, Nekane Zinkunegik hiru urtez programaren ardura izan ostean Hamaika telebistara joan zenean hartu baitzuen berak «errespetu handia» eragiten zion ardura hori. «Nik Nekane entzuten nuen irratian, eta pentsatzen nuen: ‘nola egingo dut nik Nekaneren lana?’», eta zalantzak izan zituen, ordurako irratian halako eskarmentua bazuen arren. Izan ere, duela ia sei urte eskatu zioten Hala Bedi irratian kolaboratzeko, Euskal Ikasketak egiten ari zela. Hain zuzen, ikasleen programa batean hasi zen beste lagun batekin ikasle pisuetako elikaduraren gaineko atala egiten, hozkailuan dituzten jakiekin presta zitezkeen plateren errezetak ematen. Bitxia, inondik ere, bera ez baitzen ikasle pisu batean bizi, gurasoen etxean baizik; hala ere, beste herrialdeetako ikasleengandik informazioa lortuz egiten zuen irratiko programa.

Urtebetetsu igarota, berriro deitu zioten Hala Beditik, magazin batean kolaboratzeko. “Zebrabidea” amaitutakoan, Arabako kulturari tarte berezia eskaintzen dion “Kantoia” ordubeteko magazina hasten da Hala Bedin. Maialeni halako beldurra ematen zion, programa serioagoa iruditzen baitzitzaion. Hiru bat urte eman zituen programan, bere hitz urriak neurtzen, baina kezkatu gabe, hiru lagunen artean egiten baitzuten magazina, «eta besteak oso onak dira». Batzuetan, ordea, berak bakarrik egin behar izan zuen, eta horrela hasi zen mikrofonoaren aurrean trebatzen, «gero eta gusturago» egiten.

Duela urte eta erditsu, Arrosa Sarean “Zebrabidea” irratsaiorako erreleboa bilatzen hasi zirenean, ea ausartuko zen esan zioten eta bera ausartu egin zen. Irratiko atzeko lan guztia ezagutu duela dio. Eta merezi duela mundu hori ezagutzea.

Gazteak, emakumeak...

Pena handia dela dio Maialenek gazte jendeak irratia gutxi entzutea. Oraindik esfortzu bat egin beharra dagoela uste du, gazteak irratira hurbiltzeko. Dioenez, gazte batek ekoizten duen zerbait gazteengana iristea errazagoa da, nonbait, antzeko kodeak erabiltzen dituztelako, hurbiltasun handiagoa dagoelako. Baina alderantzizkoa ere gertatzen dela dio, heldu batzuk urrundu daitezkeela. Zaila omen da ahalik eta publiko gehienarengana iristea.

“Zebrabidea” Euskal Herri guztirako emititzen den magazina da eta, maiz gertatzen denaz beste, Bizkaian eta Gipuzkoan zentratu gabe Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria pixka bat alboratuta ez gelditzeko apustua egin zuten. Bera arabarra izanda, beharbada beste herrialde horietako edukiak sartzea errazagoa dela uste du, eta berarentzat Arabako gaiak sartzea errazagoa den arren, saiatzen dira gaiak banatzen. “Irratien tartea” atalean, esate baterako, egunero Arrosako irrati batekin konexioa egiten dute, euren eskualdeko kronika egin edota lekuan lekuko agendaren berri eman dezan.

Halaber, emakumearen apustua ere egin zuten eta, gaiak emakume baten ikuspuntutik jorratuta, horrek badu edukietan isla. «Eta ez ‘Zebrabidea’-n bakarrik». Izan ere, Maialenek gogorarazten duenez, Arrosa Sarean feminismoa lantzen duten irratsaio dezente daude, zuzen zein zeharkakoak. «Gero eta emakume ahots gehiago daude Arrosa Sareko irratietan».

Gai-jartzaile

Ez da bertsolaria, baina duela bi aste Legutioko Kultur Etxean Manex Agirre, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra eta Julio Sotok landu behar zituzten gaiak erabaki zituen. 2012ko Arabako Kuadrilla arteko Txapelketan hasi zen gai-jartzaile eta aurkezle lanetan. «Oso nahi gabeko gauza izan zen», dio. Harrezkero, plaza eta txapelketa askotan jardun du, tartean Arabako Txapelketako final batean. Orain ez dago Arabako gai-jartzaile taldean, azkenaldion gero eta saio gutxiagotan parte hartzen baitu; hala ere, noizbehinka deitzen diote.

Maialenen ustez, gaur egun seguruenik gizon baino emakume gai-jartzaile gehiago dago. Eta horrekin loturik bada mintzen duen kontu bat, sarritan entzun duena, alegia, hainbeste emakumezko bertso-jartzaile izatea normala dela, azafata lana delako. Ezjakintasunetik esana, inondik ere. «Atzetik dagoen lana ez dute kontuan hartzen, ez baita aurkezle lana bakarrik, ez da agertokira igotzea bakarrik. Gaiak ondo pentsatu behar dira, eta hori saioan islatzen da».

Nabarmena da, edonola ere, gero emakumezko gai-jartzaile eta bertsolari gehiago direla. «Lehenagotik zetorren joera hori. Gai-jartzaileak ez du inprobisatu behar, eta inprobisazioa ez da izan oraintsu arte emakumeei oholtza gainean egiten uzten zitzaien gauza. Bestetik, gu ez gara protagonista, etxean egindako lana eramaten dugu agertokira.», dio.

Gai-jartzaileek gaien bilakaeran eragin dute, jakina, eta emakumeak lan horretan jardutea bilakaera horretan nabari dela uste du Maialenek: «Feminismoak planteatzen dituen ildo konkretu batzuk ere nabaritzen dira gaietan, momentuko errealitatearen isla. Nik orain hasieran jarritako gaiak ikusiko banitu, seguru ez nukeela pentsatuko nik idatzitakoak direla. Hori esan dut feminismoaz ari garela, baina beste edozein gairekin ere berdintsu gerta liteke».

Adinari dagokionez, Araban behintzat adin guztietakoak daude, «baina jende gazteari lan horri heltzea kostatzen zaion susmoa dut».

Eta epaimahaia? «Ikusi ere ez dira egiten», erantzun du berehala. «Ia ezkutuan lan egiten dute, oso lan kritikatua da eta ez da ezagutzen. Jende gazteari dagokionez, lan horretara hurbiltzea are gehiago kostatzen zaio, batez ere bertso eskoletan edo bertso munduan ez dabiltzanei. Gainera, epaimahaia txapelketetan baino ez dago, eta saio gehienak epailerik gabekoak dira urtean zehar». Emakumeak gutxi dira lan horretan: «ez da erraza, are gutxiago emakume gaztea horretan jardutea. Faktore bat izan liteke, nire iritziz, emakumea beti epaitua izaten ohituta dagoela, eta zu, beti epaitua izan zarena, areago gaztea izanda, halako batean epaile rolean sartzeak zail gertatu behar du. Nor naiz ni hori ondo dagoen edo ez esateko?». Baina dudarik gabe emakumeek ere bertan izan behar dutela dio. Horregatik oso garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaio, esate baterako, Ainhoa Aizpurua, besteak beste Txapelketa Nagusiko finalean jardun zuen epaile gaztea, lan horretan jardutea. «Emakume gazte bat egoteak emakume gehiago eta, oro har, gazte gehiago hurbilaraz ditzake mundu horretara». Luze jo du solasak, eta jarrai genezake, baina irratsaioa prestatu behar du, hitz egiten jarraitzeko. •