Antton Izagirre

Herkules eta Hidra

Herkules eta Hidra pertsonaiak gizartean eta politikan izan ohi diren botere borrokak irudikatzeko erabili izan dira historian zehar.

Greziar mitologiak kontatzen du Herkules heroi jainkotuak zazpi buruko Hidra sugearen aurka egindako borroka eta haren gainean lortutako garaipena.

Kapitalismoaren sorreratik bertatik, elite komertzialek Herkules mitoaren sinboloa, beren interesen defentsan, Hidraren aurka eginiko borrokarekin irudikatu nahi izan zuten. Horrela, Herkules bilakatu zuten arrazoiaren sinbolo, mundu mailako hedapen ekonomikoa zilegi egiten zuen botere eta mendekotasun berrien jainko. Ordena berri horri kontrajarriaz, desordena, erresistentzia eta inperio eta kapitalismoaren mehatxu modura irudikatuko zuten Hidra. Herkulesek eliteek nahi zuten gobernu ona irudikatuko zuen. Hidraren buru anitzek, behartsuak, zerbitzariak, langileak, esklaboak, pentsalari erradikalak ordezkatuko zituen.

Esan beharrik ez, Herkulesek Hidra menderatu zuen moduan, ekonomian eliteen desirak gailenduko zirela balio unibertsal modura.

Egun hauetan, Venezuela aitzakia hartuta, mundu mailan ematen ari diren oreka geopolitiko eta estrategikoek gaurkotasunez jantzi dute arestian gogora ekarri dugun borroka mitologiko hori.

Gaur egun ere, Estatu Batuek gidatzen duten politika eta estrategia inperialistaren alboan lerrokatu diren Europako estatu, gobernu eta agintariek Herkulesen ustezko jainko izaera arrazionala eta demokratikoa dela aldarrikatzen dute. Odolez eta heriotzaz azpiratu ahal izan zuen Herkulesek Hidra, ez bestela. Hortxe mehatxua.

Herkulesek defendatzen duen ordena eta mundu-ekonomia besterik ez dagoen ustea helarazi nahi digute eliteek, baina Hidrak borrokatu egin behar du, beste ordena baten bila.

Ez ote ditu buruak galduko! •