Maite Ubiria

Klimaren aldeko dinamika versus ekologismo liberala

Iazko udazkenaz geroztik, klima aldaketaren aurrean engaiamendu sendoak hartu beharrean, gobernuek planetaren suntsipena ekartzen duten politikak hobesten jarraitzen dutela salatu dute milaka gaztek mundu zabalean. Europara gerturatuz, Belgikan, Alemanian, Suitzan edo Britainia Handian lurraren eta bizitzaren aldeko deiadarrak ikasgeletatik karrikara jauzi egin du. Globalizazioaren kodeak xehe-xehe aplikatuz, mobilizazioaren ikono bilakatu den Greta Thunberg ikasle gazte suediarrak pizturiko alarmaren oihartzuna fite biderkatu dute sare sozialek.

Heldu den ostiralean iraganen den ikasleen protestak anbizio globala baina gauzapen lokala izanen duen heinean, diskurtso orokorretatik haratago, tokian tokiko jardun okerrak azalarazteko balio behar luke. Finean, arazoaren muinera jo du klima aldaketa bere segurtasun pertsonalaren aurkako arriskuen artean kokatzen duen belaunaldiak: itxura demokratikoko gobernuen gainetik, kapitalismo globalaren exekutatzaileak daude. Are, multinazionalek egiten duten baliabideen ustiapen zoroak mota ezberdinetako babesleak ditu. Horietako batzuk hondamendi sozial eta ekologikoa gezurtatzera ausartzen dira, beste batzuek, aldiz, diskurtsoa berdez tindatu arren, ez dute jokatzen larrialdi klimatikoak eskatzen duen adinako ausardiarekin. Donald Trump bezalako agintariek sortzen duten asaldura beren alde jarriz, itxuraz zentzudunago jokatzen duten bertze mandatari batzuek antzeko jarduerak babesten dituzte, gizarteari mezu nahasiak zuzenduz, ekologismoaren bertsio liberala –hots, faltsukeriaz jositakoa– promozionatuz.

Klimaren aldeko dinamika iraunkorra martxan dago aspalditik Estatu frantsesean. Ipar Euskal Herrian, belaunaldien arteko konplizitateak birsortzeko gai izan den mugimendua azkarra bada. Lurralde antolaketa integral baten eskasiaren erruz laborantza eremuetako eta hiriguneetako biztanleen artean sortu den interes talkari aurre eginez, eredu berriak jorratzeko nahiak esparruak irabazi ditu. Alternatiba ekimena birritan Baionan antolatu izanak aldaketa sakonaren aldeko korronteak emeki-emeki indarra hartu duela frogatzen du. Mitifikazioetan erori gabe, egitasmo zehatzen errailen gainean, posible baino ezinbestekoa den gizarte antolaketa berriaren aldeko ibilbidea martxan jarri da. Espanturik gabe, hurbileko zirkuituak berreskuratuz, esperientzia kritiko horrek ikusmolde propioa ematen dio martxoaren 15eko deialdiari. Euskal lurralde osoan, bistan da, erritmoak ez dira berdinak, nahiz eta gero eta gehiago alternatiben eraikuntzak eskala nazionalera jotzen duen marko naturalaren bila.

Europako hauteskundeen atarian, erronka ekologikoa berriz ere komenentziazko bandera gisa erabiltzeko asmoa agertu du Emmanuel Macronek. Europa «birsortzeko» bere proposamena 28 herrialdetako hedabideen bidez zabaldu du. Hala ere, bere etxeko bilana zinez eskasa izanik, bere ekimena ez da, inondik inora, gai izan 2017an Sorbonan plazaratu zuen diskurtso fundatzailearen dirdira errepikatzeko. Hori gutxi ez eta Macronen gobernukide izan zen Nicolas Hulot izar ekologistak oholtza hartu du berriz, justizia soziala eta klimatikoa gainditu gabeko ikasgaitzat hartzen duen manifestua sinatuz. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan isla izanen duen protestaren atarian zabalduriko agiriek ere, komunikazio ekimenak hobesten dituzten erakundeen itxurakeria salatzeko xede argia eta adibide zehatzak jaso dituzte. •