Ainara LERTXUNDI
BRUNEITIK MUNDURA

Xaria lege islamikoaren muturreko interpretazioa ezarri du sultanak

Xaria lege islamikoaren muturreko interpretazioa ezarri du Bruneiko sultanak kontserbadoreen babesa bermatzeko. 2013. urtetik pixkanaka aplikatzen joan bada ere, apirilaren 3an indarrean sartu zen legedi berriak zigorrak nabarmen gogortzen ditu. Homosexualitatea eta adulterioa lapidazioarekin zigortzen ditu, esaterako.

Hassanal Bolkiah Bruneiko sultanak xaria lege islamikoaren muturreko interpretazioa ezarri du. Besteak beste, sexu berekoen arteko harremanak eta bikotetik kanpo izandako harremanak lapidazioarekin zigortuta egongo dira. Abortatzen duen emakumea jende aurrean zigortua izan daiteke. Zigor kode berriak lapurrei besoa edo hanka moztea ere aurreikusten du, eta musulmanak diren umeei beste erlijio edo fede batzuk erakustea «irain kriminal» gisa jasotzen du.

«Irakaspena islamikoak indartu nahi ditut herrialdean. Gure otoitzak beti Alarentzat dira», adierazi zuen Bolkiah sultanak hiriburuan, Bandar Seri Begawanen, eginiko agerraldian. 51 urte daramatza boterean. Petrolioaren ustiapenari esker aberatsa den herrialdea «zoriontsua eta bidezkoa» dela argudiatu zuen, jasotako kritika gogorrak isildu nahian. «Etorri nahi duen orori eskuak zabaltzen dizkiogu. Oso ondo egongo da gure artean. Bisitariek giro lasaia eta baketsua gozatuko dute Brunein», gaineratu zuen. Korana eta Mahoma profetaren esan eta ekintzak batzen ditu xaria lege islamikoak. Lau iturri ditu; Korana bera, hadiz –narrazioa– ; ijma –adostasuna–; eta ijtihad –esfortzua–.

“Bakerako bidea” esan nahi du xariak eta sinestun gehienentzat Jainkoaren hitza eta Jainkoak lurrean ezarritako arauak dira; etika, adorazioa, eguneroko bizitza eta jarduerak arautzen dituen Jaikoaren legea. Xariaren ezarpena kontserbadore erlijiosoen eta lege islamikoaren irakurketa malguago eta libreagoaren alde egiten dutenen arteko eztabaidagai da herrialde askotan.

Zigor gogorrenak hudud izena hartzen dute; eta adulterioa, homosexualitatea, bortxaketa, lapurreta eta hilketa zigortzeko erabiltzen dira.

Zergatik hartu du sultanak muturreko erabaki hau? Aditu eta behatzaileen arabera, Mendebaldetik gero eta urrutiago dagoen sultanerriko sektore ultrakontserbadoreenak bereganatu nahi ditu. Brunei Asiako hego-ekialdean xariaren muturreko interpretazioan oinarritutako zigor kodea ezartzen duen lehenengo herrialdea izatea nahi du sultanak. Islamarekin hertsiki lotuta dagoen irudia eman nahi du, kontserbadoreen sustengua lortzeko ekonomia krisian dagoen uneotan.

«Saudi Arabia bihurtzen ari da»

Borneo uhartean kokatutako Brunei, protektoratu britainiarra izan zen. 400.000 biztanle ditu egun, eta, petrolio ustiapen handiak baditu ere, azken urteetan ekonomia atzeraldian sartu da petrolioaren prezioak eta petrolio-erreserbek behera egin dutelako.

«Brunei Asia hego-ekialdeko Saudi Arabia bihurtzen ari da», ohartarazi du Bridget Welshek, Erromako John Cabot unibertsitateko adituak. «Erregimenak legitimitate erlijiosoa bereganatu nahi du bai ala bai, horren beharrean dagoelako. Eta, horretarako, ideologia islamiko kontserbadorea bere egin du. Ekonomia ahul dago eta erregimena dituen sustenguak galduko dituen beldur da; hori dela eta, erlijioarekiko menpekotasuna areagotzen ari da», gaineratu du Welshek.

Hain muturrekoak diren zigorrak ezartzeak Mendebaldeko inbertsioengan eragin negatiboa izan dezake adituek ohartarazi dutenez. Mendebaldeko hainbat herrialdek salatu dute jada harreman homosexualak edo bikotetik kanpoko harremanak dituztenak lapidatzea. Baina gertatzen ari denak bigarren irakurketa bat izan dezakeela ere iradoki dute. Bruneik Txinarekiko gerturatze politika bat abian jarri nahi omen du, eta, diotenez, Pekinek ez die giza eskubideen errespetuarekin lotutako kritikak egiten bazkide dituen herrialdeei.

Asiako beste herrialde batzuetan bezala, enpresa txinatarrek diru mordoa inbertitzen dute Brunein ere. Pekinek bere influentzia ekonomiko eta soziala zabaldu nahi du kontinentean. Brunein hainbat proiektu aurreikusita ditu Txinak, horien artean, findegi bat, Brunein egingo den atzerriko inbertsiorik handiena. Urtegi bateko presa eta autobide bat ere eraikiko ditu Txinak.

Xi Jinping Txinako presidentea iazko azaroan izan zen Brunein. Hamahiru urte eta gero goi mandatari txinatar batek herrialdera egindako lehen bidaia zen.

Adituen hitzetan, zaila da jakitea herritarrak zenbateraino dauden xariaren alde, jende aurrean ez baitute sultanaren kontra hitz egiten. Hori bai, malaysiar jatorriko musulmanen artean harrera ona izan duela erabakiak aitortzen dute. Malaysiar jatorrikoak populazioaren %70 dira. «Oso harro nago sultanak hartutako erabakiarekin. Xaria betearazteak Bruneiren identitate islamiarra indartzen du», esan zuen Muhamad Antonik, petrolioaren sektorean lan egiten duen 27 urteko langileak.

Nazioartean, sultanaren erabakiak kritika gogorrak jaso ditu. Michelle Bachelet Nazio Batuetako Giza Eskubideen Goi Mandatariak, giza eskubideak urratzen dituzten zigor krudelak direla salatu zuen eta dei egin zion sultanari zigor kode berria atzera botatzeko. Elton John abeslariak ere gaitzetsi zituen neurriok eta George Clooney aktoreak herrialdeari boikot egiteko eskatu du. Human Rigths Watch gobernuz kanpoko erakundeko Asiarako zuzendariordeak, Phil Robertsonek, delitu izan beharko ez liratekeen jokabideentzat zigor arkaikoak ezartzen dituela zigor kode berriak nabarmendu du.

Non aplikatzen den xaria

Brunein ez ezik, beste hainbat herrialde musulmanetan ere aplikatzen dute xaria, esaterako Saudi Arabian. Herrialde horretako legediaren oinarrian dago eta duela gutxi arte, hudud zigorrak ohikoak ziren leku publikoetan. Sexu berekoen arteko harremanak legez kanpo egoteaz gain, heriotza zigorrarekin, jipoiekin edota kartzelarekin zigortuak izan daitezke. Ezpata bat erabiliz zigortuei burua edo gorputzeko beste atal bat publikoki moztea ohikoa zen ostiraletan Saudi Arabian. Adin txikikoen aurkako bortxaketa edo sexu abusuak zigortzeko, kondenatutako pertsona hil eta gurutze batean jarri izan dute Saudi Arabian.

Afganistaneko Konstituzioa ere xarian oinarritzen da, baina bere interpretazioa tokian tokiko ohiturei eta tribuei lotuta dago. Talibanak boterean egon ziren bitartean, 1996tik 2001era, muturrera eraman zuten; emakumeek ezin zuten etxetik atera gizonezko baten baimenik gabe eta burka janztea derrigorrezkoa bihurtu zen. Hudud zigorrak ere orokortu egin ziren. Egun ere, hainbat zonaldetan xariaren muturreko interpretazioa ezartzen dute talde armatuek, gero eta indar eta presentzia handiagoa baitute.

Indonesiako Aceh probintzian ere ezartzen da xaria. 2001. urtetik autonomia berezia du munduan musulman gehien bizi diren herrialdeko probintzia horrek. Bertan, apustuak, alkohola edatea, adulterioa eta homosexualitatea jipoi publikoekin zigortzen dituzte. Hala gertatu zen, adibidez, hilak 15ean. Segurtasun arrazoiengatik bere izena eman nahi izan ez zuen abokatu batek EFE agentziari azaldu zioenez, «kaltetuenak emakumeak dira. Emakumea erlijioaren oinarritzat hartzen da, eta, pilare hori apurtzen denean, erlijioa eta komunitatea apurtzen direla ebazten da». Mehatxuak jaso ditu emakumeen eskubideak defendatzeagatik.

«Herri batzuetako buruzagiek probokatzaile bat naizela diote emakumeek beraien ahotsa entzunarazi behar dutela diodalako. Agian, egunen batean atxilotu eta espetxeratu egingo naute eta den-dena galtzen dudan egun horretan baliteke askeagoa sentitzea pentsatzen dudana ozenago adierazteko», esan zuen.

Mirza Ardi Indonesiako unibertsitate irakaslearen aburuz, «xaria ez da delitugileak makil batekin jipoitzea edota emakumeak zapia erabiltzera behartzea. Xaria hezkuntzaren sinonimo da: pertsonen arteko desberdintasunak murriztea eta agintaritza egokia ditu helburu». Horregatik deitoratzen du, 2015ean zigor kodea berrikusi zutenean, gizarte zibileko ahots moderatuenek baztertu izana. Intelektual aurrerakoienen artean izua eta autozentsura zabaldu direla aitortzen du Ardik.

2015ean Rosnida Sari unibertsitate irakasleak ikasle musulmanak eliza bat ikustera eraman zituen Aceh probintzian. Nahiz eta ekintza akademiko hutsa izan, ikasleak kristautu nahi izateaz akusatu eta bizitza akademikotik alboratu zuten. Mehatxuak ere jaso zituen.

Sudanen 1983an jarri zuten indarrean xaria, modu aleatorioan aplikatu badute ere. Lapidazioa legean jasota dagoen arren, azken hamarkadetan ez dute muturreko zigor hori erabili. Dena den, ekintzaileek salatzen dutenez, urtero ehunka emakume jipoitzen dituzte «moralaren aurkako jarrerak» izateagatik. Omar al-Bashir presidentearen kontrako mobilizazioetan parte hartzeagatik ere zigortu zituzten zenbait emakume jipoituak izatera, baina apelazio gorte batek epaia bertan behera utzi zuen.

Pakistanen, Zia ul Haq diktadore militarrak 1979an jarri zituen indarrean hudud zigorrak. Bi epaitegi mota ezarri zituen: zigor kodea oinarri zutenak eta xaria aplikatzen zutenak. Azken horiek adulterioa, epaitegietan egindako akusazio faltsuak, jabetzarekin loturiko delituak eta droga nahiz alkohol kontsumoa epaitzen zituzten.

Emakumeek debekatuta zuten auzi potoloetan deklaratzea. Bortxaketa eta adulterio auzietan, «ospe oneko» lau gizon musulmanen testigantza beharrezkoa zen. 2006an, diputatuek gehiengo zabalarekin adostu zuten Emakume Babesteko Legea. Adulterioa eta bortxaketa epaitegi arruntetan epaitu beharreko delituak direla erabaki zuten.

Nigerian, 36 estatuetatik hamabitan ezartzen dute xaria hainbat delitu zigortzeko. Epaileek gorputzeko atalen bat moztea agindu dezakete, baina oso gutxitan egiten dute.

Qatarren, norbaitek ezkontzatik kanpoko sexu harremanak baditu, ehun zigor kolpe jasotzera kondenatu dezakete. Harremana musulmana den emakume baten eta musulmana ez den gizonezko baten artekoa bada, heriotza zigorra ere aurreikusita dago. Alkohola edatea ere debekatuta dago; zigorra jipoi bat jasotzea da.

 

Virgin Australia airelinearen erabakia

Virgin Australia airelineak bertan behera utzi du Royal Brunei hegazkin konpainiarekin sinatutako akordioa. Bruneira oporretara joan nahi zuten Virgineko langileek hegaldi merkeagoak eros zitzaketen akordio horren arabera. Virgin Australiako bigarren airelinearik garrantzitsuena da, Qantas konpainiaren ostean.

Posta elektronikoko mezu baten bidez, Virginek bere langileei ohartarazi zien xaria musulmanei zein musulmanak ez direnei ezartzen zaiela Asiako herrialdean, baita bertan denbora gutxirako badaude edota «Brunein erregistratutako hegazkin baten barruan» badaude ere. «Australian baimenduta dauden eta guztiz legezkoak diren jokabideak gogorki zigortzen ditu Bruneik. Horrenbestez, tripulazioaren garraiorako sinatutako akordioa deuseztatutzat ematen dugu», adierazi zien langileei airelineak. Bien bitartean, Royal Bruneik Virgin Australiaren hegaldietan –Australia barnean egiten dituen hegaldietan– libre gelditzen diren eserlekuak saltzen jarraituko du.

Qantas enpresako presidenteak, Alan Joycek, ez zuen adierazpenik egin nahi izan gaiaren inguruan. Ez zuen argitu Royal Bruneirekin duen lankidetza akordioa mantenduko duen edota Virgin Australiak bezalaxe bertan behera utziko duen. Joyce homosexuala da.