Nerea Ibarzabal Salegi

Bizi gabekoak kantatzen

Bertsolaritzak bi ausardia mota nagusi suposatzen dizkit: batetik lekua hartzea –oholtzara igotzea eta publikoaren bistan egotea ordu eta erdiz–, eta bestetik ahotsa(k) hartzea –nire iritzia plazaratzea inprobisazio ariketa batean, askotan beste pertsona batzuen ahotik kantatuz–. Tira, azken finean bi ekintza horiek definitzen dute ia bertsolaritza bera.

Beste batzuen ahotik kantatzen dut amona paperean jartzen nautenean edo errefuxiatu siriar baten larruan kantatzea dagokidanean. Ohituta gaude, sentitzen dugu ahots horienganako ardura. Ahots horien inguruko diskurtso bat garatuta izan edo ez, bertsolariari legitimitatea ematen zaio hainbat kolektiboren edo norbanakoren ahotik kantatzeko une batez, eta aitorpen horren barruan sortzen dugu –legitimitate maila aldakorra da, hori bai, bertsolariaren generoaren, adinaren, estatusaren… arabera, edonon bezala, zer esango dizuet ez dakizuenik–.

Nola ematen zaio legitimitatea norbere buruari edozein ahots bereganatzeko? Trans bertso saio batean sentitu dut argien. Binarismoak denok zapaltzen gaituen arren, feminista izan arren, transexualitateko diskurtsoenganako interesa izan arren aspalditik, inoiz ez bezain urduri igaro nuen saioa oholtzan. Iruditzen baitzitzaidan publikoan oholtzan baino bizipen, emozio, zauri gehiago egon zitezkeela gai honen inguruan; esan genezakeenak zuzenki eragin zezakeela beraiengan, eta topikoak erreproduzitzeak ez lukeela balioko han. Berez legitimitatea ematen ziguten kantatzeko, baina nik ezin nion aitortu neure buruari, asko kosta zitzaidan behintzat.

Pentsa zenbat urte daramatzagun etorkinen ahotik kantatzen, eta zein gutxitan sentituko genuen legitimitate falta hori. Ez publikoan, ez oholtzan, normalean ez dagoelako etorkinik esaten dugunari adi. Euskaldun zuriak gara euskaldun zuriei kantuan, eta hala ere uste dut beharrezkoa dela gaitegi horiek ateratzea, benetako interesez kritika soziala egiteko intentzioa baldin badugu behintzat, eta ez arinkeriaz jarduteko. Baina hobe litzateke publikora eta oholtzara etorkin afrikarrak iritsiko balira laster, ikusi nahiko nuke gure hanketako dardara eta kuestionamendua zenbait gairen aurrean. Ziurrenik gizonezkoek emakumeak agertzen hasi zirenean sentitu zuten berbera. «Orain arte beraiei buruz kantatu dudana nondik kantatu dut? Inporta zitzaidan benetan? Zer eskaini diezaioket borroka honi nagoen posiziotik?».

Lagun bertso-kide batek esan zuen bezala, agian beti betikook ari gara geure lekua kuestionatzen enegarrenez, eta beste batzuek inoiz ez dute horretan pentsatuko.

Oso gai zabala da eta bidean galdu naiz; berez puntu honetara iristea zen asmoa. Aste honetan entzun dut Amets Arzallusek Bertsolamintza jardunaldietan eskainitako hitzaldiaren lagin txiki bat Bertsoa.eus-en, eta hala zioen: «Lehen gatazka armatuari lotutako gaiak leku handia hartzen bazuen, aro berriarekin pixka bat diluitzen joan da». Bertsogintzan bezala, beste esparru askotan gertatu da. Honek esan nahi du lehen honi kantatzen ziotenak isildu egin direla, eta berriok ez garela ausartu, edo ez digutela galdetu. Ez dugula legitimitaterik sentitu, eta ez digutela eman. Ez dakizunean parekoen eta albokoen min posibleak kalkulatzen, ez duzulako ezer esaten badaezpada. Lizarra-Garaziren garaian lau urte genituenez, besteek hitz egin dezaten uzten dugu, garai gogorrak bizi izan zituztenek, baina beste horiek isilik badaude, azkenean inork ez du ahotsik hartzen.

Pentsatu beharko da zer egin transmisio horrekin, goizegi baita isiltzeko, eta ondorengoentzat are lausoagoa izango da. Ez zait dena kabitzen. Beste artikulu bat idatzi beharko dut, nik edo beste norbaitek. •