Juantxo EGAÑA

Mateo Mugica, altxamendu frankista txalotu zuen idiazabaldarra

Mateo Mugica 1870. urtean jaio zen Idiazabalen. 1924. urtean Iruñeko apezpiku izendatu zuten eta, lau urte geroago, Gasteizko apezpiku. Gasteizko apezpikutzak, gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiko elizbarrutiak hartzen zituen bere baitan. Garai horretakoa da Enrique Guineak egindako argazkia. Bertan, Mugica bera ageri da, seminaristaz inguratuta.

Errepublikaren kontrakoa zen eta Espainiatik kanporatua izan zen 1931. urtean. 1933an itzultzeko baimena jaso zuen. 1936an altxamendu frankista babestu zuen Mateo Mugicak. Radio Vitorian aldarrikatu zuenez, «ezin duzue inolaz ere, ez zuzenean ez zeharka, armada espainolaren eta bere laguntzaileen hausturan parte hartu; erreketeak, falangistak eta herriko miliziak, benetako bandera espainola astinduz –bi kolorekoa–, modu heroikoan ari dira erlijioaren eta aberriaren alde borrokan». Era berean, baina, apezpiku espainolek altxamendu frankistaren alde sinatutako eskutitz kolektiboa ez zuen sinatu Mugicak. Hartara, Goma kardinalari eskutitz bat bidali zion Italiatik, ez sinatzeko bere arrazoiak azalduz. «Zortzi hilabete baino gehiago daramatzat nire elizbarrutitik urrundua. Fisikoki nire tokian nagoenean –Gasteizko apezpikutza–, dokumentu hori sinatzeko modua izan dezaket. Desio dut eta Jaunari eskatzen diot Franco Jeneralisimoaren garaipena gorri guztien gainetik», idatzi zuen.

Altxamendu frankista txalotu arren, Estatu espainoletik kanporatua izan zen disidentziagatik. Kanbon bizi izan zen, harik eta 1947an bueltatzeko baimena eman zioten arte. Zarautzen bizi izan zen 1968. urtean hil zen arte.