Xabier Izaga Gonzalez
Entrevue
Pablo Otxoa de Olza
sos himalaia fundazioko presidentea

«Sortu dudan enpresa txikiaz ez nago harro. Nepalen egin dugunaz nago harro»

Buru-belarri dabil Pablo Otxoa de Olza Belaguako I. Mendi Festaren antolaketan, buru-belarri bere anaia Iñakiren omenez sortu zuten SOS Himalaia Fundazioaren proiektuetan. Ostegunean Makaluko ibarrera abiatu zen, ur-araztegi bat eramateko, bertan egin duten ospitalean edateko ura izan dezaten. Bezperan, GAUR8rekin hitz egin zuen.

Belaguan zerbait ospatuko duzue, mendi festa denez gero.

Ospakizuna da, bai. Ekitaldia inguratzen duten xehetasunak eta ñabardurak alde batera utzita, alde batetik Fundazioaren hamar urteak ospatu nahi ditugu, hamar urteotan egin dugun lana. Izan ere, egia esateko, ez da gutxi; baliabide gutxirekin eta apaltasun handiarekin, funtsean jendearen indarrarekin aritu gara, behaztopatuz eta zutituz. Beste alde batetik, elkartzea ere bada gure helburua, hainbat bazkide, kolaboratzaile eta laguni mendi inguru horretan elkarrekin egoteko aukera ematea, mendia baita gure zereginaren jatorria eta batzen gaituena. Azkenik, zalantzarik gabe, gure lana hedatu nahi dugu. Horrelako proiektuak ezagutzen diren neurrian mugitzen da jendea, eta gure ezohiko gobernuz kanpoko erakundeak ez duela bulego handirik, ez dugula soldatarik jasotzen, lortzen dugun diru guztia Nepal aldera doala ikusten duenean, hurbildu eta lagundu egiten du.

Iñakiren familiak eta lagunek sortu zenuten elkartea, eta zu oso konprometituta zaude harekin. Proiektuak aurrera ateratzen ikusteak gogobetetasun handia emango dizu, noski.

Fundazioaren presidentea naiz, eta jo eta su aritzen naiz, [elkarteko kide] Elena, Laura, Mingmarekin... eta beste batzuekin batera. Ez naiz gauzak egiten dituen bakarra; beraz, ez duzu protagonismoa nigan jarri behar. Harro? Bai, oso harro nago. Askotan pentsatzen dut ziur naizela ohe batean kontziente hiltzen banaiz, behar zuen jendearentzat egin ditugun 13 eskolak, 289 etxebizitzak eta ospitalea gogoan izango ditudala. Behar zuen jendearentzat diot, zeren batzuetan oinetako berri batzuk behar ditugula esaten dugunean, egiatan oinetakoak erosi nahi ditugu, eta behar izatea beste gauza bat da.

Nik ez dut adreilu bakar bat ere jarri, diru pixka bat jarri dut, eta lan asko, ordu asko, gau asko. Orain badago laguntzen digun jende dezente. Hiltzen naizen egunean neure bizitzan egin dudana errepasatzeko aukera badut, nire seme-alabez eta honetaz harro sentituko naiz. Nik enpresa txiki bat sortu dut, baina horretaz ez nago harro. Horrek jaten ematen dit eta kito. Honetaz nago harro ni.

Iñakiren amets gauzatua da.

Bai, Iñakiren ametsa herri haietatik jaso zuena itzultzea zen. “Itzuli” aditza erabiltzen zuen berak. Asmo hori zuen, baina gauzatu gabe hil zen. Orduan, geuk egingo genuela pentsatu genuen. Horretan hasi ginen eta atzera-bueltarik gabeko bidea da. Lañotasun handiarekin, inkontzientzia pixka batekin sartu ginen, baina honaino ekarri gaitu bide horrek. Iñakiren gogoan haurrei laguntzea zegoen, baina gero ikusi genuen, esate baterako, ospitale batek helduei ere laguntzen diela, eta, heldurik ez badago, haurrak hil egiten direla. Oso oinarrizko gauzak dira, altuerako mendizalearen filosofiarekin oso bat datozenak: ibili ezean, jan ezean, hil egingo zara. Zerbait egiten ez baduzu, jende hori hil egingo da.

Mendia eta elkartasuna lotu egiten dira maiz.

Ez da kasualitatea. Begira, Jorge Egocheaga alpinista asturiarrak ez du fundaziorik, baina liburu bat idatzi, editatu eta saldu du, eta jaso duen diru guztia beka batzuk sortzeko erabili du, guk lan egiten dugun inguru berean, Makaluko ibarrean, haurrak eskolatzeko, han gehien-gehienek ez baitute horretarako baliabiderik. Eta haur horien ehuneko handi bat oso ona da ikasketetan. Edurne Pasaban itzal handiko tolosarra beste kasu bikain bat da. Fundazio bat du, guk harekin kolaboratu izan dugu eta bera gure ospakizun honekin ere laguntzen ari zaigu. Alex Txikon, bidegabekeria baten aurrean bi aldiz pentsatu gabe inplikatzen da. Iñurrategi anaiak, Pou anaiak, Denis Urubko… ez da kasualitatea.

Mendizalea solidarioa da maiz jendeak bizirauteko gorriak ikusten dituen lekuetan egiten duelako bere jarduera profesionala; mendiak eskalatzeko baliabide garrantzitsuak erabiltzen dituzte eta pentsatzen dute hori nolabait konpondu beharra dagoela. Konpontzeko modua da beren jarduera profesionalarekin batera jarduera solidario hori egitea. Eta pentsatzen dute hori egingo ez balute, bihozgabeak izango liratekeela. Osasun arloko jendea ere oso solidarioa da.

Hala ere, zuen elkartean eta zuen kolaboratzaileen artean denetatik dago.

Nire anaiaren erreskate ahalegina kontatzen duen “Pura Vida” filmak “Campobase” aldizkarian Iñakik idazten zuen zutabetik hartu zuen izenburua. Aldizkari hori beste elkartasun eredu bat da. Guk hamar urteotan doako publizitatea izan dugu bertan. Izan ere, mendizaleak eta erizainak eta medikuak ez dira solidario bakarrak. Gure elkartean denetatik dago, bai, Nafarroan, Euskal Herrian eta leku guztietan. Beharbada beste herri batzuetan ez hainbeste, baina hemen bai, gure izaerarekin bat dator, eta izaera hori oso ondo dago. 2010ean, biolinak egiten dituen lagun bat topatu genuen, Fernando Solar. Elkartearen aldeko ongintzazko kontzertu bat antolatu zezakeela esan zigun, 82 musikarirekin, inondik ezagutzen ez genuen lagun batek! Horrelako jendearekin mugitu izan gara. Horrela egin dugu egin duguna. Funtsean, jende askoren esfortzuak batu eta bultzatu ditugu, han, Nepalen, ahalik eta eragin zuzenena izan dezaten.

Ospitalea 30.000 lagunentzako zerbitzua da.

Zaila da kopurua zehaztea, hasteko, ez baitago errolda osorik; biztanleak oso sakabanatuta daude. Populazio mota garai bateko Euskal Herrikoaren antzekoa da, baserri antzekoak dira, baina askoz apalagoak, eta mendian oso barreiatuak. Baina inguru hartako leku batean zubi bat eginez gero, ez zaude oker, kopuru hori izan liteke, bai.

Guk hura topatu genuenean beharra benetakoa zela ikusi genuen, inolako arreta medikurik jasotzen ez zuten herritar ugari zeudela, inoiz mediku bat ikusi gabe jaio, bizi eta hiltzen zen jendea, eta, gure proiektu motarekin bat ez bazetorren ere, gure proiektuak askoz apalagoak baitziren, ondo pentsatzea merezi zuela ikusi genuen. Jakina, bestelakoa litzateke Katmanduko eraikitzaile bat joan eta diru publikoa tartean dela ikusita, bere negozioa egitea. Umiltasunez egin dugu, euro bakoitzarekin, errupia bakoitzarekin, zer egiten den hurbiletik jarraituta. Eta oso ondo atera da.

Laster hara joatekoa zara, ezta?

Bai, etzi, ur-araztegia muntatzera, 400 kiloko tramankulua da, eta helikopteroz eraman beharra dago, ez baitago errepiderik. Neurri handian pertsona batek eman duen diruarekin erosi dugu. 18.000 euro balio duen trastea da, e? Eta hara bidaltzea beste mila eta koska. Gasteizko mediku batek, izenik ezin dizut esan, erdia baino gehiago jarri zuen. Bestetik, Kordoban bada 3.000 biztanle inguruko herri bat, elkarte bat oso solidarioa, Carcabuey elkartea, eta ezkerreko gobernua duena. Herri horretako jendeak dirua biltzeari ekin zion eta lortu zuenarekin eta medikuak emandakoarekin erosi dugu ur-araztegia. Harrigarria da: nola iristen zaigu laguntza existitzen denik ere ez dakigun Kordobako herrixka batetik? Edo nola herentzia bat edo dena delakoa jaso duen euskal mediku batek ematen digu haren parte bat? Horren aurrean, guk ezin gardenagoak eta prestuagoak izan beharra daukagu, Iñakiren antzera.

Haren espirituak gidatzen du elkartea…

Bai, jakina. Guk haren arrastoari jarraitzen diogula diogu. Ni ez naiz haren laurdenik ere, baina ikasi dugu, eta bidea argi daukagu. Dagoeneko ospitalea abian da, emakumeak erditzera joaten dira, laster ur garbia izango dugu, abuztuan bederatzi boluntario kataluniar izan dira eta euste-horma bat eraiki dute haurrak aldapetatik eror ez daitezen, eta leher egiteko moduan lan egin dute, ospitalerako osasun-pauta asko ezarri dituzte, baita erregistroak ondo eramateko ere…

Besterik?

Jendea anima dadila I. Mendi Festara etortzen, proiektuarekin solidarioa izan dadin, munduko laguntza guztia behar dugu-eta. Nahi duenak gure web orria ere bisita dezake: www.soshimalaya.org.