Gorka Elejabarrieta

Erreferendumak

Azaroaren 23an Bougainvillek independentzia erreferenduma egingo du, baldin eta oraingoan data mantentzea lortzen badute. Ekainerako zehaztu zuten hasieran, urrira atzeratu ostean eta azkenean azaroan kokatu. Papua Ginea Berriaren eta Bougainvilleren arteko bake akordioak 2020ko ekaina baino lehen independentzia aukera gisa jasoko zuen erreferendum bat egin behar zela zehazten zuen. Akordio beraren arabera, erreferendumaren emaitza ez da derrigor bete behar, eta, hala, azken erabakia Papua Ginea Berriaren esku egongo da. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia eta Aieteko Adierazpena irakurri zuen nazioarteko ordezkaria da Bouganvilleko Erreferendum Batzordeko lehendakaria. Batzorde horren esku dago erreferendumaren antolaketa. Galdera eta erantzunak ere erabakita daude: «Zer nahi duzu Bougainvillerako? A) Autonomia gehiago. B) Independentzia».

Independentzia bai ala ez bezalako galdera ekidin da; hala ere, baietzak irabazteko aukera handia da, eta, kasu horretan, nahiz eta azken erabakia Gobernu zentralaren esku egon, zailtasun handiak izango ditu emaitza ez errespetatzeko. Melanesian gauza asko oso arin aldatzen ari direla dirudi.

Kaledonia Berrian, esaterako, kanakek bigarren erreferenduma noiz egin zehaztu behar dute, Noumeako Bake Akordioen arabera hiru egiteko eskubidea daukate-eta. Teorian, bigarrena 2020an egingo da, eta, bigarren hori ere unionismoak irabaztekotan, hirugarrena 2022an. 2018ko erreferendumean independentistek uste baino babes handiagoa lortu zuten, bozen %43,3, eta horrek 2020ko erreferendumera begira esperantzak handitu zituen. Hala ere, denbora aurrera doa eta ez dago batere argi behar dituzten zazpi puntu horiek igotzeko gaitasuna izango duten edo ez. Melanesiar estatuen taldeak eragin handia dauka zonaldean eta haren babesa, orain arte erakutsi duenaren parekoa, erabakigarria izan daiteke.

Ozeano Baretik Europara gatoz bueltan eta gure kontinente zahar honetan gauza dezente gertatzera doazela agerikoa da. Brexita lurrikara politiko, ekonomiko eta soziologikoa eragiten ari da, bai behintzat Erresuma Batuan. [Bide batez, HBOn dagoen “Years and Years” telesaila ikustea sutsuki gomendatzen dizuet, oso aurreikuspen ona egiten baitu datorkigun Erresuma Batuaren, Europaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan].

Ipar Irlandan, inkesten arabera, batasunaren aldeko babesak gehiengoa eskuratu berri du, edo eskuratzekotan da. 40 urte baino gutxiagokoen artean babesa dezente altuagoa izanik, gainera, denbora kontu hutsa dela dirudi. Brexitak, gainera, denbora tarte hori azkartu egin dezake dudarik gabe. Eskozia ere antzeko bidetik doa. Bigarren erreferenduma noiz eta nola antolatu zehazten ari dira, Gobernu zentralarekin eztabaidan; adosten edo desadosten. Flandria beti geratzen da gure radarretik urruti, baina ezin ahaztu azken hauteskundeak N-VA alderdi independentistak irabazi zituela berriz ere. Badago Europan ere nora begiratu, zer aztertu eta zer ikasi.

Katalunian udazken eta negu beroak datozela ematen du, sententziak independentismoa berriro elkartzea lor dezake, eta, edozein kasutan, zigorrak gogorrak badira (eta espainiar Estatuak ez du normalean horrelakoetan huts egiten), erantzuna eta jendartearen haserrea tamainakoak izango dira. Aipatu ditugun gainontzeko kasu guztiekin alderatuta, diferentzia nagusia da espainiar Estatuak ez duela erreferendumik adostuko, eta, ondorioz, konponbidea edo aurrera begirako pausoak hori kontuan hartuz erabaki eta adostu behar direla. Gu kasu berean gaude: hobe dugu kataluniarrekin indarrak elkartzen jarraitu eta posible den heinean gure bideak adostea. Elkarrekin indar gehiago baitugu, baita aukera gehiago ere. •