21/09/2019

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Ikasturte berrirako gonbita

Ikasturteko lehen eskola eguna da Gipuzkoako herri euskaldun bateko hezigunean. Garik zazpi urte ditu eta bigarren urtea du Euskal Herrian eta hezigune horretan; ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako bigarren mailan arituko da. Ibaik, aldiz, sei urte ditu eta lehen eguna du hezigunean; hark lehenengo maila hasi du. Beste herri bateko hezigunetik dator, txikia zela bere guraso izango zirenek ekarri zuten herriko hezigunetik, hain zuzen.

Goiz erdian, bakoitza bere taldekideekin jaitsi da jolastokira. Gari hurreratu zaio Ibairi eta halaxe esan dio: «Yo soy de Cuba ¿y tú de que país eres?». Ibaik, berriz, batere zalantzarik egin gabe «Yo soy de Hernani» erantzun dio.

Harrigarria izan da ordura arte ezezagunak ziren bi haurren arteko gerturatzea. Ez da kasualitatez izan, ordea. Biak ala biak beltzarana dute azala, eta ile kizkur handia. Erraz identifikatuko zuten elkar, gainerako haurren zuritasunaren erdian kidetuta sentituko zuten beren burua.

Eta pertsonen patua da kidetu beharra, berdinekin, edo guregandik antzekoenak direnekin, kidetu beharra. Horrela egin dugu munduan gaudenetik, eta horrela egin beharko dugu biziraun nahi badugu, behintzat.

Bi haurrak besteen artean ikusita, egia da, beraien larruaren kolorea dela atentzioa ematen duen lehen ezaugarria. Baina badira helduok ezagutzen ditugun bien arteko beste hainbat konexio. Adibidez, biak etorkinak izan arren eta biak Euskal Herritik oso urrun jaio arren, biak dituzte izen euskaldunak. Beraien sorlekuak urrunekoa izan arren, familiako norbaitek lotzen zituen Euskal Herrira. Badituzte, bistan da, beraien artean desberdintasun sakonak, baten hizkuntza euskara da eta bestearentzat nahikoa arrotza izaten jarraitzen du.

Bi mutikoei eta ateraldiari begira, hainbat ideia etorri zaizkit arrapaladan. Helduok, eta batik bat hezkuntza arloan gabiltzanok, etorkin deitzen diegunei buruz esaten ari garena –ez dezagun ahantz asko euskal herritarrak direla, gure moduan– segregazioari, inklusioari, harrerari, egokitzapenari eta beste hainbati buruz ari garenean.

Berehala nire burua irudikatu dut Johannesburgoko eskola bateko jolastokian. Halako batean, ni bezain azal zuria duen laguna begitandu dut. Nire erreakzioa irudikatu nahian nabil. Beste zuria alemaniarra izan arren edota errusiarra etxekotzat hartuko nukeela ziur naiz.

Hezigunetik atera eta etxerako bidean, lagunak gure herriko kaleetako batean topatu duen horma izkiriatuaren argazkia bidali dit. Argazkia zabaldu dudanean “Procurad que salgan con más curiosidad que deberes” irakurri dut. Gari eta Ibai etorri zaizkit burura, haien jakin-mina. Eta nire buruari galdetu diot zer-nolako lekua ote duen jakin-minak heziguneetan, txostenetatik at, noski. Zenbat hartzen ote dugun kontuan, zenbat arduratzen ote gaituen, zenbat zaintzen ote dugun gure jardunean! Norbaitek proposamen iradokitzaile bat utzi digu horman idatzirik: «Saiatu etxerako lanekin baino jakin-min handiagorekin irten daitezen».

Nik, badaezpada, nire koaderno estreinatu berrian idatzi dut gonbita: «Ez utzi jakin-mina ihartzen!». Ez da erronka makala. Saiatu behar dut... bizitza bizitzen. •