21/09/2019

Miren Azkarate Badiola
Kijera gazte(txe)a

Berrogei urte bete dira Iñaki Kijera gazte donostiarra erail zutela. Manifestazio batean parte hartzen ari zen 18 urteko gaztea zen, eta gaur egun oraindik onartu gabeko beste eraildako bat da zerrenda beltzean. Baina bere oroimenak bizirik dirau eta horren adibide garbia da Donostiako Parte Zaharreko gaztetxeak Kijera izena duela.

Gaztetxe horrek urtebete egin berri du oraintxe eta hori ospatzeko hainbat ekimen eta ekintza antolatu dituzte. Meritu galanta dute bertan aritzen diren gazteek, ez baita batere erraza gaur egun, auzoa zer bilakatu den ikusita, horrelako proiektu bat aurrera eramatea.

Urteak dira Donostiako Parte Zaharra turismotik bizi dela, baita hirian egon diren PSOEko eta EAJko alkateen politika horretara bideratuta dagoela ere, bertako auzotarren behar eta nahiei bizkarra emanik gainera. Baina azken urteetan egoera jasangaitza bilakatu da bertakoentzat; agintariei kontuak eskuetatik ihes egin diela iruditzen zait eta ez dut aldaketa zantzurik ikusten momentuz.

Eta desertu horren aurrean oasi txiki bat da Kijera gaztetxea: bertakoentzat (gazte, ume edo heldu) sortutako espazio bat. Urteetan auzoko ikastola izan zen eta dagoeneko hamabi urte hutsik zeramatzan eraikinean eraikitako txokoa. Auzotarrek auzotarrentzat, beste inork ez baitu haiengan pentsatuko.

Zorionak urteurren honetan eta urte askoan! •