UEU
EKONOMIALARI EUSKALDUNEN BILTZARRA

«Historiatik etorkizunera» izan du goiburu lehen biltzarrak

UEU eta Ekonomisten Euskal Elkargoak, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra antolatu zuten, historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea helburu. Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan izan zen, joan den ostegunean.

Ostegunean, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra izan zen Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, “Historiatik etorkizunera” goiburupean. Etorkizunean UEU eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren ekimena bi urtean behin egiteko asmoa dute.

Goizean, Martin Azpilkuetak, duela bostehun urteko ekonomialari euskaldun batek, munduko ekonomiari egindako ekarpen teorikoetatik hasi ziren, eta Eibarren berrasmatze industriala ere hizpide izan zuten. Orainaldira jauzi eginda, besteak beste, klima aldaketak eta ekonomia zirkularrak enpresa errealetan dituzten eraginez, eta genero arrakalaz jardun zuten. Etorkizunari begira, berriz, datorren Europaren inguruan eta robotizazioak enpleguan izango dituen ondorioez jardun zuten.

Arratsaldean bi taller praktiko egin zituzten: bat, euskal pentsioei buruzko mahai-ingurua, eta, bestea, Wikipedia ekonomiko euskalduna elikatzeko ahaleginaren gainekoa.

Txostengile ugari eta ezagunen artean, Joseba Permach, Jule Goikoetxea, Maria Jose Aranguren eta Amaia Zumeaga izan ziren. Hona batzarraren eta eurek aurkeztu zituzten gaien gainean zer dioten.

 

Joseba Permach Ekonomialaria eta soziologoa

«Oso garrantzitsua iruditzen zait ekonomiak zientzia sozial izaera berreskuratzea»

Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra izan da Donostian egindakoa. Beharra zegoen? Zer eraman nahiko zenuke bertatik?

Zorionez Euskal Herria oinarri eta sare sozial handiko herria bada ere, oraindik herri desegituratua gara. Horregatik, euskal komunitatea ahalik eta esparru gehienetan biltzea eta egituratzea funtsezkoa iruditzen zait.

Ildo horretan, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra egitea oso garrantzitsua iruditzen zait gure arteko harremanak sortzeko, sakontzeko eta, ahal balitz, iraunkortzeko eta egituratzeko.

«Terminator 4.0: robotizazioaz eta enpleguaz hausnartzen» izan da biltzarrean landu duzun gaia. Azkenaldian robotizazioaz eta postuen galeraz asko hitz egin da, mehatxu gisa. Zer dago atzean? Zein da zure analisia?

Burua zizelkatu nahi digute frame edo marko nagusi batekin: robotizazioak milaka enplegu desagerraraziko ditu. Azkenaldian gaiari buruzko txostenak ugaldu dira eta establishment-aren komunikabideek aipatu frame-a barreiatzen ari dira iraunkorki gaiaren inguruko hamaika izenburu eta artikulu publiko eginez. Terminator 4.0 birusa deitu diot gure lanpostu eta bizitzarekin amaitzera omen datorren robotizazio prozesu horri.

Edonola, robotek pertsonok egiten dugun edo egin beharko genukeen lana murrizten dute; eta, beraz, ulertezina da positiboa beharko lukeena negatibotzat jotzea. Etorkizun distopikoaren hedapena ez da soilik telebistan ikusten ditugun telesailen bidez egiten ari, akademian edota etorkizunari buruz txostenak idazten dituztenak ere laguntzen ari dira horretan. Horrek guztiak ondorio sozial oso kezkagarriak ditu, itxaropena eta alternatiba aukerak mugatzen dituelako.

Jakina, interes ekonomiko handiak daude horretarako. Izan ere, Terminator 4.0 birusa irensten badugu, oro har, lan baldintzen okertzea ere onartuko dugu. Roboten aurrean gure lanak balio kualitatiboa galtzen badu, kapitalak aukera izango du lanaren kontrako ofentsiba berri bat garatzeko; eta balio kuantitatiboa eta soldatak murrizten jarraitzeko.

Badira, aurreko ideia nagusia zalantzan jartzen duten bestelako ikerketak ere, baina, jakina, horiek ez dute hainbesteko isla izaten komunikabide nagusietan.

«Historiatik etorkizunera» da biltzarraren goiburua. Zer ikasi beharko genuke historiatik?

Oso kritikoa naiz ekonomiak iraganean izan duen funtzioarekin; edo, zehazki, ekonomiaren paradigma nagusiak sistemaren legitimazioan bete duen funtzioarekin. Horregatik, ekonomia horri so egin eta bere akatsetatik ikasi beharko genukeela uste dut.

Hiru adibide jarriko ditut. Batetik, robotizazioarekin bezala, ekonomiak oro har prozesuak naturalizatu egiten ditu eta badirudi ez dagoela ezer egiterik. Ez, barka, robotak guk egiten ditugu, ez dute bizitza propiorik eta guk erabaki behar dugu jendartea nola antolatzen dugun. Oso garrantzitsua iruditzen zait ekonomiak historian zehar galdu duen zientzia sozial izaera berreskuratzea eta jendartea antolatzeko tresna bat dela aldarrikatzea. Guk ez ditugu fenomeno meteorologikoak aztertzen, pertsonen arteko harreman sozial eta ekonomikoak baizik.

Bigarren adibidea da ekonomiak historikoki faktore produktiboei so egin diela; zaintza lanek eta faktore erreproduktiboek gure gizarte antolaketan duten garrantzia kontuan hartu gabe. Horrekin amaitu beharra dago eta ekonomia feministaren begiradak asko lagundu dezake etorkizuna marraztu nahi dugun honetan.

Azkenik eta norabide berean, natur baliabideen gaineko hausnarketa gehitu nahiko nuke. Ekonomiaren paradigma nagusiak ukatu edo ezkutatu egin ditu natur baliabideak, ekosistema, energia edota kutsadura bere analisietatik. Ekonomiak, oro har, abstrakzioaren aldeko hautua egin du; eta horrekin, besteak beste, bizi garen planetaren errealitate fisikotik ihes egin du. Ekonomia ekologikoa, adibidez, ekarpen interesgarriak egiten ari da une honetan eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean ezinbestekoa ikusten dut haren ikuspegia. Beraz, ekonomiak eta ekonomialariok erronka oso handiak ditugu.

 

Jule Goikoetxea

Filosofoa, politologoa eta ikertzaile feminista

«Generoen desagerpenak bakarrik ekar dezake patriarkatuaren desagerpena»

Genero arrakalaz hitz egin duzu topaketan. Zer nabarmendu nahiko zenuke?

Nabarmendu nahiko nukeena da ez dela demokraziarik egongo patriarkatua existitzen baldin bada. Genero arrakalaz baino patriarkatuaz hitz egin behar dugula uste dut. Genero arrakala kontzeptuak ez du menderakuntza sistema oso bat aztertzeko eta ikusgarri egiteko balio. Gure arazoa ez baita genero arrakala, hau da, nahi duguna ez da generoen arteko berdintasuna, baizik eta generoen desagerpena: emakumeen eta gizonen desagerpena. Horrek bakarrik ekar dezakeelako patriarkatuaren desagerpena.

Hori lortzeko estrategiak anitzak dira, asko, ezberdinak, eta, batzuetan, kontrajarriak. Genero arrakala feminismo liberaletik datorren kontzeptua da. Beraz, azpimarratu nahi dudana da ordua dela patriarkatu liberal eta neoliberalaz hitz egiteko, ez genero arrakalaz.

«EAEko demokrazia patriarkala» azterlana argitaratu berri duzue Emakunderen eskutik. Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?

Patriarkatu liberalaren lau dimentsio aztertu ditugu. Erlazio patriarkalak lan ordainduan, lan ez ordainduan, estatuan eta eremu publiko-politikoan. Eremu bakoitzean ondorio eta proposamen ezberdinak atera ditugu. Patriarkatua birsortzeko mekanismo eta egitura nagusienak hurrengoak direla ondorioztatu dugu: batetik, gizonek egikaritzen duten emakumeen kontrako biolentzia materiala, biolentzia zuzena eta biolentzia sinbolikoaren mekanismoak, eta, bestetik, pribatizazio neoliberal eta kapitalista. Horiek guztiek familiaren, gizarte zibilaren, merkatuaren eta estatuaren bidez mamitzen dira.

«Historiatik etorkizunera» du goiburu biltzarrak. Zer ikasi beharko genuke historiatik?

Emantzipazio prozesuak luzeak direla; boterea ez dela eskatzen, hartu egin behar dela; konfrontaziorik gabe ez dagoela eraldaketarik, eta, eraldaketa makroa izan dadin, mikroa ere izan behar dela. Boterearen mikrofisika beharrezkoa dela, eta hori egin ahal izateko, ez da nahikoa zenbait praktika aldatzearekin, pentsatzeko modua aldatu behar da, eta hori da gehien kostatzen dena. Gatazka jarraiturik gabe, demokraziarik ez dagoela eta ez dela sekula demokrazia globalik egongo, demokrazia lokalik gabe.

Maria Jose Aranguren eta Amaia Zumeaga

Orkestra lehiakortasunaren euskal institutuko zuzendaria eta ikertzailea

«Lehiakortasuna eta ongizatea txanponaren bi aldeak dira, bata bestea gabe, ezin dira garatu»

Lehenengoz egin da Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra. Zer iruditzen zaizue?

Horrelako espazioak sortzea eta sustatzea beharrezkoa da. Horrek ekonomiari lotutako alor ezberdinetako ikuspegiek elkar elikatzeko eta ikasteko aukera paregabea eskaintzen du. Era berean, etorkizunerako sinergiak lantzeko potentzialitate handiko sarea eskaintzen du.

Lehiakortasuna eta ongizatea izan dituzue mintzagai zuen hitzaldian. Zer nabarmendu duzue?

Lehiakortasuna eta ongizatea txanponaren bi aldeak dira; eta bata bestea gabe ezin dira garatu. Gaur egun, lurralde baten garapen jasangarrirako, gakoa da lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko harreman zuzena ulertzea.

Euskal ereduan betidanik zaindu izan da gizartearen ongizatea; eta sustatutako lehiakortasunak ikuspegi inklusiboa izan du kontuan; gizartearen ongizatea bermatzeak lehiakortasuna handitzeko baliabideak sortzen dituela ulertuz, eta alderantziz.

Gizarte kapitala zaindu behar da, lurralde garapen jasangarria bermatzeko. Horretarako, lehiakortasunaren kontzeptualizazio inklusiboagoa landu behar dugu, ongizatearen zerbitzura bideratuz; eta ongizatea, lehiakortasunari ekarpena egiteko baliabide moduan. Sistemako onuradunen arteko oreka topatu behar da; guztiak, behar duten tamainan, irabazten ateratzeko.

Historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da jardunaldiaren helburua. Zer ikasi beharko genuke historiatik?

Askotan emaitzetan zentratu izan gara, baina lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko benetako lotura duen ekonomia ikuspegi bat eraikitzeko, beharrezkoa dugu fokua prozesuan jartzea. Prozesu horrek, gainera, inklusiboa izan behar du, eta belaunaldi desberdinen arteko ikasketa bultzatu. Iraganean izandako esperientziak, eta egun dugun ezagutza, etorkizunean baliabide bilakatzen dira; betiere belaunaldi desberdinen arteko elkartruke bat badago. Era berean, beharrezkoa da lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko oreka lantzen jarraitzea lurralde garapen jasangarria lortu ahal izateko.