Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Dena eta ezer ez

Harvey Weinstenen sexu jazarpenei buruzko eskandalua argitara eman zuten «New York Times»-eko Jodi Kantor eta Megan Twohey kazetariek ematen zuten hitzaldi batera joateko gonbidapena jasotzeko zortea izan nuen duela bi aste. Istorioa kaleratu zutenetik bigarren urteurrena bete denean, “She said” izenburuko liburua aurkezteko erabili zuten Londreseko ekitaldia. Eskarmentu handiko kazetariak biak, Pulitzer saria irabazitakoak dira, baita beste hainbat aintzatespen ere. Kantorrek genero berdintasunaren alorrean lan ugari egin du eta Twohey, besteak beste, Trump presidentetzarako hautagai zenean, hainbat emakumek haren kontra egindako salaketen inguruko kontaketak lehenengoz ezagutzera eman zituena izan zen.

Wensteinen istorioa kaleratzeko erabakia hartu zuten arteko prozesu guztia biltzen da liburuan; kazetaritza liburu bat izan arren, ezin da ahaztu #metoo mugimendua mundu osoan zehar zabaltzeko istorio horrek izan zuen indarra eta ezarri zuen plataforma.

Bostehun bat pertsona egongo ginen auditorio formako gela hartan. Hunkigarria zen benetan haien testigantza zuzenean entzuteko aukera izatea. Eta, nardagarria jakitea datorren urtarrilean Wensteinen kasuaren inguruan hasiko den auzian zer gertatuko den aurreikustea oso zaila dela, eta guztiz posible dela Weinsten kargurik gabe ateratzea. Kazetarien hitzetan, oraindik ez omen dago garbi legeak eskatzen duen adina ebidentzia biltzeko gai izango ote diren. Behin baino gehiagotan errepikatu zuten bezala, historia osoan zehar gizonezkoek idatzi eta definitu dituzten marko juridikoan eta lege jakin batzuetan oinarrizko aldaketak ematen ez diren bitartean, behar baino zailtasun gehiago izango dituzte emakumeek.

Westeinen hiru biktima ere agertokian zeuden; haren idazkari izandako bi eta ekoizlearen enpresetako batean lana egiten zuen beste bat. Jasandako sexu-erasoen ostean, hirurek konfidentzialtasun kontratua sinatu zuten isiltasunaren truke. Hiruetatik bik kontratu hori hautsi zuten duela bi urte, kazetariei ebidentzia gehiago ematen laguntzeko. Hirugarrenaren kasuan, aldiz, bi aste bakarrik pasatu ziren bere istorioa publiko egitea erabaki zuenetik. Sekretu hori bizitza guztian gainean eramatearen pisuaz aritu zen. Modu elokuente batean kontatu zuen azken bi asteetan bizitzen ari zen esperientziaren kontradikzioa. Bere istorioa kalera ateratzean liberazioa sentituko zuela uste zuen arren, barrenean zeramatzan lotsak eta zamak zuten pisuaz aritu zen eta haren bizitzan zuen eraginaz –bikotekidearen, seme-alaben erreakzioak kudeatu beharra adibidez–. Kontratua hausteagatik, legearen aurrean kriminalak dira hirurak eta oraindik ez dakite zein izango den horren eragina.

Han zeuden guztiak emakumearen eskubideen inguruko debateari bultzada historiko bat ematear dira. Gela hartatik atera nintzen unetik oraindik presenteago daukat egiten duzun edozer gauzarekin ezberdintasun bat markatu ahal izateko beharra eta Kantor eta Twohey jelosia positiboz miresten ditut.

Biktimetako batek nire alboan eserita zegoen batek egindako galderari eman zion erantzuna ere iltzatuta gelditu zait. «Zer lortu duzue azken bi urteetan?». Erantzuna: «dena eta ezer ez». •