Mikel Zubimendi Berastegi
GOIAN BEGO «HOMO ECONOMICUS»-A

Hondatutako tresnekin bete den txabola hutsala bilakatu da zientzia ekonomikoa

Zientzia ekonomikoa zientzia sozialen artean gorena, intelektualki hegemonikoa, mundua ulertzeko betaurreko onenen jabea zela uste zen. Baina krisiak aurreikusteko bere ezinak zalantzan jarri du guztia. Beste mende bateko arazoak konpontzeko diseinatua, desmitifikatu egin behar da, bere onarpen absurdoen atzaparretatik aska gaitezen.

Aspaldi, XIX. mendean, John Stuart Mill ekonomistak eman zigun aurrenekoz Homo economicus-aren berri. Eta bereziki XX. mendetik hona, Homo economicus horrek inbaditu egin du akademia. Negozioen munduko ikasketak egiten dituzten gazteak bere irudi eta antzera prestatzen dira botere postuetarako.

Laburki, bere ezaugarriak honakoak dira: estimulu ekonomikoen aurrean portaera arrazionala du, informazioa modu egokian prozesatzeko gai da eta behar bezala jokatzen du beti, onurak maximizatuz, ahalegin txikienarekin irabazi handienak lortu asmoz. Homo economicus-a unibertsala eta intenporala omen da. Atzo, gaur eta biharkoa, planetaren edozein tokikoa, edozein sistema politikoren mendekoa. Errealitatearen informazio perfektua du, interes pertsonalak gidatuta, aukerak arrazionalki kalkulatu eta aztertzen ditu oparotasun propioa eskuratzeko.

Interes soziala interes pertsonalen batuketaren emaitza bada, oparotasun indibidualen batuketa da gizartearen oparotasuna. Bada, Homo economicus-arentzat ez dago interes komunik, ezta planetaren interesik ere. Ez dago emozio, maitasun, justizia, esker onik, ez bederen norberari interesatzen ez bazaio.

Beste hitz batzuekin esanda, Homo economicus-ak garela diotenentzat, ez dago gizakia berez berekoia eta zekena den onarpenetik abiatzen ez den zientzia sozialik. Eta, jakina, premisa lunatikoek konklusio eroetara eramaten gaituzte ezinbestean. Bereziki ikusgarria eta mingarria da hori zientzia ekonomikoaren kasuan.

Zientzia ekonomikoa zientzia sozial bat da eta zientzia sozial guztiek zapaltzen duten lurra mugimenduan dago analisten oinen azpian. Zientzia sozialen objektua beti delako ezegonkorra, fisika bezalako gainontzeko zientzia “gogorretan” ez bezala, zientzia sozialetako subjektuek pentsatu egiten dutelako.

Egun zientzia ekonomikoa ez da irakasten beste zientzia sozialak bezala, argudioen istorio bat bezala. Fisikaren antza duen diziplina bat bezala irakasten da, unibertsal eta ukaezinak diren egia matematikoen pixkanakako gauzapen bat bezala. Ez dakit eder eta dotore-dotore jantzitako eredu matematikoak egiarekin nahastu izanagatik den, edo matematikaren dotorezia hori fetitxe kutun egin izanagatik, edo merkatuak perfektuki funtzionatzen duen onarpenari suposatzen zaion zehaztasunarekin maitemindu izanagatik, baina hor azpian bada uste bat: ekonomiaren zientziak egungo mundua ikusi eta ulertzeko denetan betaurreko hoberenak eskaintzen ditu.

Errealitateak, baina, ezer gutxi du ikusteko eredu matematikoekin. Ekuazio batzuk baino askoz konplexuagoa da. Izan ere, ekonomian ez bezala, beste zientzia sozialetan, oro har, ulertzen da onarpen teorikoek ez dutela sekula errealitatea islatzen, alegia, sinplifikazioaren mesedetan egiten diren abstrakzioak direla.

Zientzia ekonomikoak oso barneratua du bizitza antolatzeko orduan merkatua baino beste bide hoberik ez den ideia. Ekonomista askok, beren diziplinak munduaren argazki konplexu eta osoago bat ematen duela adieraziko digute. Oreka perfektu baten ipuin hegemonikoa kontatuko digute, merkatuak perfektuak direla lehia perfektua denean, denak denez jakingo duten mundu batean sinistea eskatuko digute, nahi beste konpainia ei dauden mundu batean, negozioak egiteko oztoporik gabeko munduan.

Hegemonia intelektuala

XX. mendearen zati handi batean, bereziki Bigarren Mundu Gerraren osteko hamarkadetan, ekonomiak hegemonia intelektuala lortu zuen. Beste zientzia sozial guztien artean punta-puntakoena bilakatu zen. Agenda politiko gehienak dominatzen zituen.

Hizkera eta pentsamendu propioa eraikita, negozioen munduan, gobernuen artean, gizarteko hainbat alorretan, ekonomiaren irakaspenek erabilgarrienak eta eraginkorrenak ziruditen. Politika asko ekonomiaren irakaspenen mamuek gidatzen zituzten. Gainera, zientzia sozialen artean aurreikusteko, etorkizuna iragartzeko ahalmena zuen bakarra omen zen.

Hegemonia hori, baina, kolokan dago gaur egun. Bereziki duela hamar urteko krisiarekin, higiezinen burbuilarekin eta finantza munduko krak erraldoiarekin, gauzak aldatzen hasi ziren zientzia ekonomikoarentzat. Entsegu batean irakurri nion Paul Krugman ekonomista eta Nobel saridunari ekonomista oso gutxik ikusi zutela krisiaren etorrera, baina porrot guztietan txikiena izan zela aurreikuspen edo iragarpen mailan egindakoa. Askoz ere inportanteagoa izan zela ofizioaren, lanbidearen itsukeria merkatu ekonomian horrelako porrot katastrofikoa emateko aukera kontuan ez izaterakoan.

Egia da egungo ekonomista handi eta ospetsuak ez direla bereziki fin ibili finantza krisi latzak aurreikusten, oparotasun orokorra errazten edota klima larrialdia prebenitzeko ereduak sortzen. Baina egia ere bada intelektual gisa aldarean kokatzerako orduan, autoritate handiko pertsonaia bezala aurkezterakoan, beren arrakastak ez duela parekorik. Tankera horretako autoritateak bakarrik erlijioaren historian ezagutu direla.

Azken urteotan, baina, mundu errealetik kontzeptualki aldendu eta krisiak usaintzeko erakutsitako erabateko ezinak ekonomistekiko mesfidantza ikaragarri hedatu du. Eta galderak mahai gainean daude jada: ekonomiaren diziplina zientifikoa arazo serio baten aurrean al dago? Inoiz izan badute, ekonomistek galdu al dute gizarteari ekarpen erabilgarri eta positiboak egiteko ahalmena? Egindako akatsetatik ikasteko umiltasunik erakusten al dute ekonomialariek? Ekonomiak eta ekonomistek oraindik ere eztabaida politiko eta publikoan eragin handia dute, baina, horrela izan behar al du?

Suhiltzaile trakets

Uste gero eta hedatuagoa da ekonomia handiak kudeatzeko ardura dutenen artean, zientzia ekonomikoak ez duela egun helburuak lortzeko balio, jada existitzen ez diren arazoak konpontzeko zientzia baten itxura hartzen ari delako. Hau da, diziplina bezala beste mende batekoak diren arazoak konpontzeko diseinaturik dagoen ideia nagusitzen ari da.

Ekonomistentzat mingarriak suerta daitezkeen analogiak ere irakurtzen dira. Suhiltzaile kuadrilla traketsa direla esaterako. Eta ekonomistek salbatu behar bagaituzte, gure esperantza bakarra etxean suterik ez izatea dela. Izan ere, ekonomian, “suteak” (burbuilak, desorekak…) ohikoak, saihetsezinak dira. Hori ikusita, porrot egiten dutenean, ekonomialariei ez al zaie inolako ardurarik eskatu behar?

Langile bat bere lana ongi betetzen ez duenean kanporatzen duten bezala, ekonomistek, hondamendira daramaten politikak preskribatzen dituztenean, milioika jende pobreziara bidaliz, ez al dute prezio bat ordaindu behar? Eta ez, ez da mendeku gosea. Zergatik saritzen dira ekonomialariok soldata handi eta karrera profesional txukunekin?

Agian arazoa ez da gertatuko dena aurreikustea, hori ez delako zientzia ekonomikoaren baliotasun zientifikoaren froga. Agian arazoa ez da ekonomia ulertzeko tresnen falta. Ekonomisten jokaera eta pizgarrien egitura da gakoa agian. Agintariak ez desafiatzeko, beharrezkoa ez den konplexutasuna ematen diotelako beren lanei. Eta, ondorioz, erabilera gutxiko diziplina bat sortzen ari delako, boterea zilegi bilakatzeko soilik erabiltzen dena.

Galdera heretikoen beharra

Jakina badaudela ekarpen eta ikuspegi oso interesanteak, zientzia ekonomikoaren teoria heterodoxoak (marxista, austriarra, postkeynesiarra, feminista…), berdintasunaz, jasangarritasunaz, ongizateaz edo giza garapenaz jarduten direnak. Baina egia ere bada korronteon adierazleak “seriotzat” jotako unibertsitateko departamentuetatik eta tribuna publikoetatik at daudela.

Zientzia ekonomiko modernoa zenbait usteren gainean eraiki da eta ezinbestekoa da horiek deseraikitzea. Galdera heretikoak behar dira, barra-barra: hain argia eta azkarra al da prezioen mekanismoa? Produktibitatea handitzea beti al da ona? Hazkundea beti da gehiago? Erabaki hobeak hartzea eta aurrerabide erreala imajinatzea zaila da diziplina desmitifikatu eta bere irakaspen, onarpen absurdo eta matematika abstraktuen mendekotasunaren atzaparretatik askatzeke. Norabide horretan ezinbesteko lana utzi digu Robert Skidelsky baroi eta ekonomiaren historialari britainiarrak: “Money and Government: The Past and Future of Economics”.

Ekonomisten hainbat obsesio zalantzan jartzen dira bertan, inflazioarena adibidez. Ekonomia fakultateetan oraindik ere erakusten da gobernuaren lehen betebeharra –askorentzat berezko betebehar bakarra– prezioen egonkortasuna bermatzea dela. Gobernuentzat dirua inprimatze hutsa berezko bekatua dela. Inflazioa urruti mantentzen bada, gobernu eta banku zentralen ekintza koordinatuekin merkatuak berak aurkituko omen du «langabezia naturalaren tasa», eta, inbertsoreak, prezioen seinale argioi probetxua ateraz, gai izango dira hazkunde osasuntsu bat bermatzeko.

Skidelskyk zalantzan jarri du ere epe motzeko shock ekonomikoak merkatuaren autoerregulazio ahalmenak askatu eta epe luzeko onurak dakarren ustea. Eta, beraz, gobernuek merkatuek beren oreka naturala aurkitzeko bidea libre utzi behar dutela.

Bere atzaparretatik askatu

Zenbat buru, hainbat aburu. Egongo dira zientzia ekonomikoak “zigorra” merezi ez duela uste dutenak, errugabe dela, eta, errurik badu, oraindik konpon daitekeela, autozuzenketarako indarra duelako.

Zientzia ekonomikoa diziplina garrantzitsua da eta izaten jarraituko du. Mundua ulertzeko dugun tresna inportanteenetako bat. Erronkak itzelak dira: globalizazioaren kudeaketa, inteligentzia artifizialaren aroan langile klasea osasuntsu mantentzea, planeta kolapso klimatikotik salbatzea... Azterketa ekonomikotik ere etorriko da konponbidea.

Intelektualki ez da erraza izango, eta, politikoki, are zailagoa izango da. Beharko dira krisi berriak, agian 2008koa baino are latzagoak. Beharko dira aldaketa politiko erradikalak, agian gazteen matxinada global bat. Baina nahitaezkoa, hil ala bizikoa, izango da instituzio publikoak zientzia ekonomiko neoklasikoaren atzaparretatik askatzea, komunikabideen gainean duen kontrol ia teologikoarekin bukatzea, gizakion motibazio eta aukeren horizonteen gainean egiten dituen definizioekin behingoz apurtzea.