Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Malkoak euritan bezala

Gizakiek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut. Eraso ontziak sutan Oriongo sorbaldatik harago. Tannhäuser Atari ondoan, C-izpiek iluntasuna nola argitzen zuten ikusi dut. Une horiek guztiak denboran galdu egingo dira, malkoak euritan bezala. Hiltzeko garaia da».

Hitz ezagun horiek dira Nexus-6 motako Roy Batty erreplikantearen azkenak; berau “erretiratzeko” segika duen Rick Deckard blade runner-a heriotzatik salbatu ostean, euripean egiten dion aitortza da zehazki. 1982an Ridley Scottek argitara emandako “Blade Runner” filmak 2019ko azaroan kokatzen zuen etorkizun distopiko hura, “Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?” Philip K. Dick liburua oinarri. Hilabete honetan, baina, adimen artifizialak utzi duen azken berria da 30 kilometroko erradioan %78ko ziurtasunarekin tximistarik egongo den aurresateko gai dela. Urrunegi joan ziren, beraz, duela 37 urte androideen eta adimen artifizialaren garapenarekin, nahiz eta meteorologian aurreikuspen gaitasun itzela erakutsi, hilabetea hodeitza ilun eta hotzean, euritan blai emango genuela proiektatzean. Azaroa hilabete euritsua den bezain ziur ei zeuden sistemari sobratzen zaizkion, edo bere aurka borrokatzen diren “erreplikanteen” aurkako errepresio eta jazarpena itogarria izango zela 2019an ere. Ildo horretan, bustiaren gaineko euria besterik ez dakarkigu zientzia fikzio lan horrek.

Zalantza eragiten didana da 80ko hamarkadan errepresioaren bideak erreplikanteak adina aniztu eta gogortuko zirenik aurresaterik izango ote zuten. Amestuko ote zuten, 2019. urtean azaro euritsu bateko aste berean, hamaika ehiztari izango zirela han-hemenka “erreplikanteak erretiratzen”; izan Bolivian indigenak hiltzen, Bilbon migranteak atxilotzen edota Iruñean emakumeak bahitzen...

Noiz eta “erreplikanteen erretiroarekin” loturiko efemeride bi gogoratzen ditugunean herri txiki honetan. Batetik, espainiar erregimenaren aurka borrokatzeagatik azaroaren 20az “erretiratu” zituzten Santi eta Josu. Bestetik, Dominikar Errepublikako Trujillo diktadorearen aurka borrokatzeagatik Maria Teresa, Patricia eta Minerva Miraval ahizpak, azaroaren 25 batekin bahitu zituzten, jarraian heriotzara arte bortizki jipoituak izateko.

Zientzia fikzioaren artista horiek, imajinatzera helduko ote ziren 1981ean lehen aldiz egin zen Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna bizi-bizi aldarrikatuko zela oraindik ere 2019an? Baietz esango nuke nik, hori guztia kontenplatzen zutela etorkizun ilun batean androide batek gizakiari humanitatea zer den erakutsi behar diola planteatzean.

2019. urtea heldu da, eta ez du berarekin adimen artifizial nahikorik ekarri gizakioi humanitate lezioak emateko. Erreplikanteak, aldiz, han-hemenka ditugu, egunero, sinetsiko ez genituzkeen gauzak ikusi eta bizi dituztenak, tai gabe, egoera aldatzeko premiaren erakusle askotarikoak, atzo bezala gaur, azaroko euriak bezala, mela-mela uzten gaituztela. Ez daitezela denboran galdu, malkoak euritan bezala. •