joseangel.oria@gaur8.info
KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Azken ebola izurritea berpiztu egin da, adituen itxaropenak hankaz gora botata

Osasunaren Mundu Erakundeak joan den asteartean gogorarazi zuenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan sortutako azken ebola agerraldiak nazioarteko eragina duen osasun larrialdi izaten jarraitzen du. Nazioarteko babesaren eta koordinazioaren beharrean daude oraindik, birusa hedatzeko arriskua txikia den arren.

Kongoko Errepublika Demokratikoan sortu zen Ebola birusa, oihanaren erdian dagoen izen bereko ibai batetik gertu, eta tarteka kapitulu berriak idatzi beharrean izaten dira bertan. Azkenekoa orain hogei hilabete inguru hasi zitzaien, eta guztiek uste zuten joan den igandean amaiera emateko moduan izango liratekeela, gaixo berririk izango ez zutelako, baina kasu berriak antzeman dituzte eta agintariek lasaitasuna eskatu beharrean ikusi dute beren burua.

Butanukako berriak

Nyonyi Bwana Kawa Beni hiriko alkateak lasai egoteko eskatu die herritarrei, azken egunotan ebolak kutsatutako bi lagun hil ondoren. Samintasun handiz hitz egin zuen agintariak Butanuka auzoan atzemandako kasu berrien eraginez. Hildakoekin harremanen bat izan duten herritar guztiei agintariekin hitz egiteko eskatu zien, izurriteari eusteko neurriak hartzeko aukera izateko. «Zenbat eta lehenago etorri tratamendua jasotzera, orduan eta bizirik ateratzeko aukera gehiago izango dute pazienteek», gogorarazi zuen Kawak, Okapi irratiak emandako informazioaren arabera.

Osasunaren Mundu Erakundeko eledunek Actualite Kongoko berri agentziari esan ziotenez, bigarren hildakoa joan den igandean izan zen: 11 hilabeteko haurtxoa zen.

Erietxe berean hil zen aurreko ostiralean 26 urteko gizon bat, elektrikaria ogibidez, bera ere ebolaren eraginez. Nazioarteko erakundeak oraindik ez daki nondik nora ibili zen gaztea birusak kutsatzeko: ebola pasa duten pertsonekin inolako harremanik ez zuen izan, ikerketen arabera, eta bera ere gaixotasuna pasa gabea zen.

Agerraldi puntualak

Ikerlariek hasiera batean ez zuten baztertu hildako herritar horrek bere garaian ebola pasa, bizirik atera eta orain berriz gaixotzea, baina azkenean hipotesi hori ere alde batera utzi zuten.

Espezialistek esplikatzen dute ebola izurriteen azken egunetan ohikoak izaten direla agerraldi puntualak azaltzea. Eta kasu bakar bat izateak ez duela derrigorrez esan nahi birusa hedatuko denik.

Kongoarren itxaropen guztiak hankaz gora bota dituzte bi heriotza horiek. Agintariek espero zuten kasu berri gehiagorik ez erregistratzea eta, modu horretan, joan den astelehenean, hilaren 13an alegia, izurritea amaitutzat ematea. Egun horretan betetzen ziren birus horren koarentenak eskatzen dituen 42 egunak, baina orain kontaketa berriz hasi beharko dute, koronabirusak bazter guztietan eragiten dituen arazoen erdian gainera. Ez da lan samurra izango.

%66ko hilkortasuna

Egungo agerraldia hasi zenetik, ebolak 3.456 pertsona kutsatu ditu, Ituri eta Ipar Kivu Kongoko ipar-ekialdeko probintzietan batez ere. Horietako 2.276 lagun hil dira. Beraz, egungo ebola agerraldiaren hilkortasun tasa ikaragarria da: %66 ingurukoa. Kongoko Errepublika Demokratikoak inoiz jasan behar izan duen ebola izurriterik larriena da egungoa. Nazioarteko agintariek beraiek ere badakite hori.

Munduak emango dion babesaren eta koordinazioaren beharrean daude Kongoko Errepublika Demokratikoan oraindik. Adituek arrisku handian dauden herritar guztiei txertoa ematea gomendatu dute, «txertaketa baita birusaren hedapena mendean edukitzeko dugun osasun publikorako tresnarik onena».

Hori bai, askoz ere biktima gehiago eragin zituen gaixotasun berak Afrikako mendebaldeko herrialdeetan 2014tik aurrera. Orduan, datu ofizialen arabera, 11.000 pertsona hil zituen ebolak, Kongotik milaka kilometrora.

Ebolari eusteko ahaleginean, osasun ekipoek bi txerto berri izan zituzten lagun, baina herritar askoren mesfidantzak ez zien batere lagundu. Gainera, talde armatu jakin batzuen eraginez, oso kaltetutako eremu batzuetara iristerik ere ez zuten izan, osasun langileei eraso egin zieten-eta.

Harrika osasun langileen aurka

Aurreko asteburuan, gaur zortzi hain zuzen, hildako elektrikariaren etxeko kutsadura garbitzera joandako Osasunaren Mundu Erakundeko langileak harrika hartu zituzten gazte batzuek. Baita hildakoaren kontaktuak biltzen ari ziren agintariak ere, Boubacar Diallo nazioarteko erakundeko eledunak jakinarazi duenez.

«Hemengo jendearentzat ebola bukatuta dago –adierazi zien adituak kazetariei–. Ezin dute ulertu nola iritsi den kasu berria, izurritearen bukaera aldarrikatzeko bi egun baino falta ez zirela», esan dio Diallok Reuters berri agentziari.

Edouard Beigbeder Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko eledunak heriotza horien balorazio tristea egin zuen kazetarien aurrean: «Izurrite mortal honen aurkako borrokan Gobernuak lorpen izugarri bat lortzeko bi egun besterik falta ez zirenean iritsi zaigu berri tamalgarria».

Edonola ere, Nazio Batuen agentziak ebolak kaltetutako eremuetan jarraitzeko erabakia hartu du. Baita Beni hirian bertan ere. «Baieztatutako kasuaren etxeko kutsadura garbitzeko lanean ari diren ekipoekin bat egiten dugu eta bertako osasun agintariekin eta aliatuekin harremanetan jarraitzen dugu kutsatutako familiei eta horien seme-alabei laguntza emateko».

Epe luzeko laguntza

Aurrera begira, Beigbederek uste du kaltetutako herriei epe luzeko laguntza ematearen garrantzia oso garbi utzi duela izurriteak, birusa berriz pizteko arriskua murrizteko gauzarik onena herritar horiei orain laguntzea delakoan.

Birusak oso denbora gutxi behar du gaixotuaren immunitate-sistema erabat suntsitzeko. Sintomak asko aldatzen dira paziente batetik bestera, baina kasu gehienetan sukarra, buruko mina eta gerrikoa ere ageri dira, malariak ematen dituen sintoma berberak, alegia. Horregatik da hain zaila kasu batzuetan gaixotasuna antzematea, eta hain garrantzitsua zentro medikuren batera joatea. Inguruan zentroren bat izanez gero, jakina.

Ebola izurritearen azken agerraldia 2018ko abuztuan hasi zen, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko hiru probintziatan.

Azken datu ofizialen arabera, 3.456 pertsona kutsatu ditu. Horietako 2.276 hil dira. Adituek nabarmendu dute oraingo gaitzaren biktima nagusiak umeak izaten ari direla, kasu guztien %30etik gora. Aurreko izurriteetan umeen %20 baino ez ziren kutsatzen. Adituek ez dute argitu zergatik horrenbesteko aldaketa.