Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

«Eppur si muove»

Ikusezin zaigun mikromunduak gure arreta bereganatu eta bizitzak baldintzatu dizkigunean, ikusgarria zaigun makromunduari begiratzeko gomendioa egin nuen pasa den artikuluan, lerrootatik maiz egin dudan bezala, zeruko astroei begiratzeko gomendioa, alegia. Esaten nuen, gainera, gizateriaren bizi laburrean betierekoa den zeruak atzo, gaur eta biharko gizakiekin konektatzeko aukera ematen ahal digula isolamendu egunotan. Edo gutxienez, zeozer originala eta ederra egitekoa, egunsentiaren aurretik Jupiter, Saturno eta Marteri begiratuz, hego-ekialdera ematen duen leihorik izanez gero. Alta, egun batzuk badira hodeitza ia etxe barrura ere sartu dela, eta ez dirudi datozenak askoz hobeagoak izango direnik ilargi berriko gau iluneko zeruaz gozatzeko. Pena handiz, Lirida izar iheskorren euritearen egun oparoenak euripean pasatzen ari zaizkigu.

Dena dela, apirilaren 25ean amaituko den Liriaden festaren ondotik heldu dira Eta Akuaridak, hilaren 20tik maiatzaren amaiera arte ikusgai izango direnak, nahiz eta beren maximoak ilargi betearekin bat egingo duen, maiatzaren 6aren bueltan. Ilargiaren eraginari iskin egiteko, kontuan izan gaurtik eta ordura arte, ilargia nahiko goiz sartuko dela, egunez egun gero eta beranduago, maiatzaren 6a hurbiltzean gau osoan presente izan arte. Izenak adierazten duenez, Akuarion erradiatuak daude izar iheskorrok, hau da, zeruan marrazten dituzten lerroak konstelazio honetan izango dute zentroa eta bertatik urruntzen ikusiko ditugu –zabor espazialak eragiten dituen izar iheskor artifizialetatik bereizteko oharra–. Hala, berriz ere, hego-ekialdera begiratzen duten leihoak izango dira aproposenak, irudiak jasotzen duenez, Akuario zonalde horretan baitago egunsentiaren aurretik.

Aldiz, mendebaldea baldin baduzue ikusgai, arratsero artizarraz gozatzeko aukera izateaz gain, Orion ere ikusiko duzue gaueko lehen orduetan. Beti bezain eder, Sirio seinalatzen diguten hiru izarreko gerrikoa, Betelgeuse gorrixka eta Rigel urdinxka batzen dituen ehiztariaren konstelazioak, zeresan ugari eman du egunotan. Izan ere, azken hilabeteotan Betelgeusen dirdiraren jaitsiera nabarmena neurtu da eta, horrek, supernoba bat bilakatu litekeen espekulazioa elikatu du, komunitate astronomikoan zirrara eraginez. Egia esan, aukera hori ez da oso probablea, dirdiraren jaitsieraren arrazoiak ez baitu zertan izan izarra hiltzen ari den seinale, eta kasua hori balitz ere, supernobaren fenomenoa emateko ehun mila urte pasa baitaitezke. Hala ere, fenomenoaren handitasunak ematen du amesteko bide, supernoba gisa lehertzean Ilargiaren pareko argitasuna eragingo bailuke Betelgeusek, hilabeteetan zehar egun argiz ikusgarri izanik, eta urteetan zehar gauez zeruan jaun da jabe izanik.

Hori bai, Orionen izar gorrixka gogoangarria betiko eraldatuko litzateke eta, hala, gaueko zeruak betierekoa izateari utziko lioke, apika, betierekoa ere izango ez den gizateriarentzat. Betelgeuse urrunegi dugu mugimendurik eragiteko, baina egunotan pilatzen diren borroka efemerideek pizturiko izar gorriak, horiek bai, supernoba bilakatzen asmatuko al dugu inoiz? •