Iker Barandiaran

Zaindu maite duzun hori

Ados, ditxosozko koronabirusa eta berak ekarri duen statu quo-a gelditzeko etorri dira. Onartu dezagun. Beno, egia esan, ez dakit zerk ekarri duen zer, zein den lehenengo: statu quo berri baten norbaiten nahiak ekarri duen koronabirusa edo koronabirusak ekarri duen erabateko bizitza aldaketa erradikal hau.

Demagun koronabirusa eta bere ondorioak luzarorako –noiz arte, auskalo!– geldituko direla. Gogorra izan da askorentzat, izaten ari da oraindik ere, eta ziur oraindik ere ondorio latzak eta luzeak izango dituela. Gauza asko dira eta izango dira txarrak, baina, besterik ezean, ahalegindu gaitezen horren alde onak ikusten eta egoera berri honi ahalik eta modu positiboenean aurre egiten.

Lehenik eta behin, balio izan digu aspalditik bizi dugun erritmo zoroa apur bat geldiarazteko, edo behintzat horretaz hobeto jabetzeko. Noizbehinka komeni da gelditu, gauzak perspektiban ikusi eta hausnartzea. Uste dut gehienok gai izan garela neurri batean edo bestean ariketa hori egiteko. Ea zer ondorioztatu dugun…

Hausnarketa honekin bat etorri da gizarteak, guk guztiok, bizi dugunaren miseriak –ugariak– azaleratzea. Nora goaz erritmo honetan, abiadura honetan…? Ematen diegu merezi duten balioa gertatzen zaizkigun gauza txikiei? Bada ordua! Gaizki gaudenean edo zerbait faltan dugunean konturatzen gara gauzen balioaz, zerk daukan garrantzia eta zerk ez. Lagunekin, familiakoekin edo maite ditugunekin egotea da, adibidez, funtsezkoa. Eta orain, egoera honetan, aspaldiko partez, hasi gara konturatzen zer gutxi erreparatzen diegun maite ditugunei.

Bestalde, denbora hau baliatzen ari gara hein batean aspalditik egitear genituen hainbat zeregin berrartzeko edo hasteko. Eta horien bitartez, atzera, baina baita aurrera begiratzeko ere.

Miseriei dagokionez ohartu gara –lehen zalantza izpirik bagenuen– egora hau, beste edozein bezala, baliatu izan dutela batzuek are eta gehiago aberasteko; eta egunotan egunero hildako, kutsatutako… eta bestelako pertsona kopuruez hitz egiten badigute ere, horientzat pertsonek ezer gutxi balio dutela.

Ildo beretik geldiune honek erakutsi digu ere natura, errekurtsoak, gure mundua… edo dagokiona agortzen ari garela. Gure etxeko balkoi edo leihoetatik erreparatu ahal izan diegu bat-bateko eguraldi aldaketei, inguruan dauden baina orain arte beldurtuta genituen hainbeste animalia eta hegaztiri, eta autorik gabeko kaleak eta errealitateak ere badirela gogoratu ahal izan dugu.

Baliabideak agortzen direla jabetzeaz gain, jarri dugu mahai gainean horien banaketa eta kudeaketa zentzuzkoago baten premia, naturarena zein guk gure zergekin ordaintzen dugunarena. Eta horregatik geldiarazi beharko genituzke behingoz gizarteari onura zuzenik emango ez dieten abiadura handiko trena moduko proiektuak.

Oso agerian gelditu da, nola ez bada, gure kontsumo eredua. Herriko saltoki eta negozio txikiek pertsianak jaisten dituztenean gure herriek ez dutela arimarik, ez bizitzarik, ez ezer. Ez direla deus. Bada, oraingo itzalaldikoa bat-batekoa izan bada ere, gu geu ari gara luzaroan gure kaleen argia eta bizitza poliki-poliki amatatzen. Butakatik ipurdia ez altxatzearren, lau zentimo (edo lau euro, berdin dit) aurreztearren eta modernoenak garenaren uste ustelean Amazon eta antzeko plataforma multinazional eta gupidagabeei soilik erosketak barra-barra eginda.

Zaplazteko galanta jaso dugu, baina gure esku dago gehiago jasotzen jarraitzea edo ez. •