Ramon Sola

Dogma zaharkituetatik kontraesan berrietara

Dogmaz beteriko mundua astintzera etorri da pandemia. Duela hiru hilabete eskas indarrean ziren irizpide sakratu asko, egun batetik bestera baliorik gabe gelditu zaizkie beren defendatzaileei eta ziztu bizian alboratu behar izan dituzte, errukirik gabe, negar egiteko denborarik ere ez dago-eta.

Ekonomiaren esparrutik hasita, austeritatearen zaindari zorrotz izandako Europar Batasunak lehenik defizit arauak indargabetu zituen eta orain 750.000 milioi euroko plana bideratzeko prest ageri da; dirua bazen gero, eta ekonomia bizkortzeko tresna publiko baliogarriak ere bai. Estatu espainolean oinarrizko errenta sortu da estreinakoz, PSOE-UPren Gobernuak uste eta nahi baino dezente lehenago, eta zein eta EH Bildu hartu du bidaide Rajoyren lan erreforma ezabatzeko bidean. Estatu frantsesean, 200 euro musu truk emango dizkie Edouard Philipperen Gobernuak 25 urtez azpiko 800.000 gazteri. Totem handiak dira ziplo erortzen ari direnak.

Gizartearen uste sakon ugari ere hondoratu dira. Nagusia: geure adinekoak eta ezgaituak duintasunez tratatzeko aurrerapausoak ematen ari omen ginen, baina, bat-batean, hiltzen utzi ditugu, bakar-bakarrik askotan. Slavoj Zizek pentsalariak seinalatu duenez, gerratan larrien zauritutakoak izan ohi dira artatutako lehenak, baina oraingo hau gerra konbentzional bat baino krudelagoa gertatu da askotan. Zaintza lanak emakumeen eta gizonezkoen artean era parekideagoan banatzeko ere lanean ari omen ginen, baina hezkuntza presentzialaren etenak eta telelanak oraindik astunago bilakatu dute ama askok bizkar gainean zeramaten zama. Garraio publikoa etorkizuna zela esaten ari ginen, eta orain nor bere ibilgailu pribatuan mugitzeko agindu digute. Eskola askotan hormak botatzen ari ziren, eredu modernoek hala eskatzen zutelako, eta orain berriz eraikitzea egokiagoa omen da. Presoak beren segurtasuna bermatze aldera isolatu dituztela ziurtatu dute, baina are urrutiratuago eta bakartuago utzi dituzte horrela.

Txertoak susmagarri zirelakoan ari ginen eta orain txerto bat da guztion itxaropen bakarra. Osasuna ez zen gizartearen kezka-zerrendetan azaltzen eta, ustekabean, denbora luzerako guztion beldur nagusi bihurtu da. Klima aldaketa oraindik epe erdiko mehatxutzat baino ez genuen eta bat-batean naturaren eta gizakiaren arteko talkaren ondorioa begi bistan jarri zaigu krudelki. Zientzia frikikeriatzat hartzen hasita ginenean, zientziaren beharra gailendu da beste edozeren gainetik. Dibertsioak zirudien historiaren motorra egun, baina, aitaren batean, akabo dibertimendua!

Autoritarismoa zen mundu osoan eman beharreko borroka eta autoritarismo gardenena jasatea egokitu zaigu, alarma egoerarena. Eskuduntzak banan-banan negoziatzen ari zirela, goizetik gauera autogobernu guztia aginte bakarraren mesede nola ezabatu duten ikusi dugu, 155. artikulua irrigarri utziz. Gazteak euskal erreferentziak barneratzen ari zirela pentsatzen genuenean, estatuen ahotsa baino ez zaie entzunarazi. Muga berririk ez dela altxatu behar temati esaten duten horiek dira euskal muga berriz itxi dutenak.

Kontraesanak kudeatzea egungo politikagintzaren behar nagusietako zela maiz aipatzen ari zen unean, nork bere kontraesanak aurrez aurre topatu ditu, salbuespenik gabe. Ez dago bere konfort gunean eroso gelditu ahal izan den gizaki edo sektore politikorik. •