Iñaki Soto

Giza kapitalaren gainbehera da endekapenaren hasiera

Ez dugu sinisten, ez oraindik. Agian, gure bizitzan zehar gertatu ez diren gauza gehiegi sinistu ditugulako dagoeneko. Politikan, batez ere politikan, gure desioak eta errealitatea maizegi nahastu ditugulako. Baina estatubatuar inperioaren erorketa ez da ezinezkoa. Eta badakigu. Logika baten barruan sartzen da. Ezin dugu gertatuko denik ziurtatu, noski, baina gerta daitekeela esaten hasi behar dugula uste dut.

Ez da guk uste genuen moduan gertatuko, hori ziur. Adibidez, ez genuen uste arrazagatiko gatazkak horrelako matxinadarik piztuko zuenik. Are gutxiago pandemiaren zurrunbiloan eta hauteskunde prozesuaren erdian. Nik behintzat ez nuen espero eta neurria hartzea kostatzen ari zait. AEBen gainbeheraren adierazleak aspalditik datoz. Baita Txinaren gorakadarenak ere. Baten erorketa sinistu ez dugun bezala, alternatibarako ez gara behar bezala prestatu.

Ekialdera begira jarri

Duela zenbait urte, Elkargiren urteko batzar batean, Pedro Luis Uriartek eta Mario Fernandezek sarrerako hitzaldiak eman zituzten. Orduan ez genuen uste Fernandez eror zitekeenik ere. Hitzaldi bikaina eman zuen, baina hori beste kontu bat da. Uriarteren txandan, bera umea zenean, Domund eguneko diru bilketan beltz baten, indiar baten eta txinatar baten buruak irudikatzen zituzten itsulapikoekin kalez kale ibiltzen zirela oroitu zuen. Bere ustez, argi ibili ezean, hemendik urte gutxi batzuetara Txinan europarren irudiekin apaindutako eltzeitsuekin ibiliko dira, guri laguntza emateko eskatzen.

Txina, inperio gisa, bideragarria da? Agian goiz da esateko, baina baietz dirudi. Galdera egiteak, besterik gabe, alternatiba gisa kontuan hartzen dela erakusten du. Arrazismoaz ari garenez, guztiok behar dugun lanketa orokorrarekin batera, aldatzen hasi beharko dugu txinatarrekiko ezezagutza ere, txinatarrekiko mesprezuzko jarrerak. Euskal industriak eta kooperatibismoak bide bat egin dute Txinan, eta herri gisa baliatu beharko genuke. Bai behintzat gure buruak itsulapiko batean ez baditugu ikusi nahi.

Kaskarkeria eta endekapena

Egunotan, nola ez, Sobietar Batasunaren erorketaz oroitu gara. Orduan, ez genuen sinistu nahi. Badira gainbehera hura azaltzen duten teoria ekonomiko eta geopolitikoak. Gerra baten eskemaren araberako azalpenak dira, eta logika bat badute, zuzenak izan daitezke. Edonola ere, AEBekiko gerraren logikan ulertu ordez, nik nahiago dut Sobietar Batasunaren gainbehera bere buruaren biziraupenaren eta garapenaren arabera neurtzea. Alegia, bere buruarekin lehian, izan zitekeenaren eta izan zenaren arteko aldea ebaluatuz.

Gizarte sistemen endekapena kapital humanoaren maila gainbeheran sartzean abiatzen da. Botere egiturak endogamiko bihurtzean, eztabaida ezinezko bilakatzean, diziplinaren ordez leialtasuna hobestean, mediocrity delakoa nagusitzen denean… lehenago edo beranduago, ezertarako mailarik ez dutenak goian biltzen dira eta, okerragoa dena, balio handiko lagunek ez diote ezeri jaramonik egiten. AEBetan Trump da endekapen horren adierazle nagusia. Baita Joe Biden ere, beste maila batean. Egunotan kalean dabiltzan matxinoak eta babesa ematen dieten buru argiak dira gainbehera hori gera dezaketen indar bakarrak. Edo hori sinistu nahi dute. Agian, dugu. •