Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

45 minutu

Hamabost minutuko hiriari buruz dezente hitz egin da azken asteotan, oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak eskura izatearen beharraz. Kontsentsua egon badago, baina zalantza batzuk plazaratu nituen txoko honetan bertan duela hilabete. Marina Garcesen «distantziarekin kontraesankorra ez den beste eskala bateko auzotasunaren» ideia aipatu nuen, eta zeinen garrantzitsuak diren, alde batetik, garraio publiko sare indartsua eta, bestetik, lurralde-antolamendu eta mugikortasun estrategia egokiak.

Zerbaiti izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik ez omen dago, eta izena topatu nion aurrekoan ideia horri: “45 minutuko lurraldea”. “La Vanguardia” egunkarian irakurri nuen, Assumpcio Puigek, Oriol Altisenchek, Xavier Marcetek eta Vicent Guallartek idatzitako “La Catalunya de los 45 minutos” artikuluan. Ingeniari eta arkitekto talde horrek argudiatzen du ohiko metropoli eremuaren kontzeptua errealitateak berak zaharkitu duela dagoeneko, eta herri sozialki eta ekologikoki arduratsua eraikitzeko irtenbidea ezin dela soilik Bartzelonako metropoli-eremuan konpondu, lurraldea eta hiriburua batera funtzionatuz baizik. Beste modu batera esanda: hiriburuan eta lurraldeko beste edozein lekutan antzeko aukerak izatea bermatu behar da.

Euskal Herrian pentsatu dut hurrena. Zein da 45 minutuko lurraldearen gure baliokidea? Nola egituratu 45 minutuko Euskal Herria? Katalunian agerikoa da Bartzelonaren makrozefalia, eta “La Vanguardia”-ko proposamena ez dator hori aldatzera. Euskal Herrian makrozefalia hori ez da hain agerikoa, Bilbo Handiaren indarra begi bistakoa den arren. Bilboren zentraltasun geografiko ezak eta euskal lurralde egitura deszentralizatuak zaildu egiten dio dominantzia posizio hori irabaztea.

Paul Baran ingeniariak hiru sare mota bereizi zituen. Sare zentralizatuak, deszentralizatuak eta banatuak. Germa Belek, “España capital París” liburuan, espainiar Administrazioaren inertzia historiko zentralizatzaileak aztertu zituen, Kataluniaren kaltetan izan direlakoan. Katalunian, hala ere, sare zentralizatu bat gailendu da baita, Bartzelona erdigune duena.

Euskal Herria deszentralizatuagoa da alde horretatik, eta hiriburuak dira eremu deszentralizatu bakoitzaren erdigune. 45 minutuko Euskal Herria, une honetan pentsatua dagoen moduan, EAEko hiru hiriburuak euren artean 45 minututan lotzeko proiektu batek egituratuko du –AHTk, alegia–. Geroxeago etorriko da akaso Iruñea eta lau urtean behin aipatzen den Donostia-Baiona InterCity trena. Erronka, iruditzen zait, sare deszentralizatu batetik sare banatu batera pasatzea izango da, non hiriburuez gain, haien artean daude herri handiak ere sare nagusira egoki konektaturik egongo diren autoaren beharrik gabe.

Beranduegi ez ote den, aletxo bat gehiago galdutako batailen zerrendan. •