Mirari Martiarena Iraola

Balantzeak

Lesakatik urrun harrapatu ninduten 2019ko sanferminek, Kordoban, baina lesakar batekin solasean. «Niregatik sanferminik gabe geratu zara», esan zidan. «Lasai, datorren urtean ere hor egongo dira eta», erantzun nion. Ez nuen parranda galdu izanaren pena handirik izan egia esan, bisita horrek utzi baitzidan ajea. Oraindik barruan dudan aje emozionala. 2020an gaude eta pentsaezina zena gertatu da: aurten ez da sanferminik ospatuko.

2019ko ekainean hil zen amona Pilar. Bere bizitzako azken hilabeteetan argi ikusi nuen gizarte hau, erakundeak eta egitura soziala ez daudela prest gure aitona-amonak zaintzeko. Zaintza lan horiek ere izan zuten eta badute ajerik, hilabeteetako errusiar mendi emozionala eta dolua. Iritsi da 2020a eta covid-19ak erakutsi digu hori oso argi. Amona hil izanaren pena izugarria dut oraindik, baina berrogeialdi honetan egunero gogoratu dugu etxean, zortea izan genuen azken egunera arte bere ondoan egoten. Agur esateko zortea eta ohorea.

Lantoki batean eta bakarrizketak eskainiz osatzen nuen nire lan jarduna iaz. Gozatuz, ongi pasaz eta gure aitak esango lukeen bezala “diru pizar bat” irabaziz. Nahiz eta jakin kultura ahul zegoela, 2020ak lurpean dagoela erakutsi digu. Berrogeialdian sortzeko, sortzeko eta sortzeko esan digute. Ba ze nahi duzue esatea, nik ez dut ezer sortu. Ez emanaldi eta ez lan, eta lehen “diru pizarrak” zirenak are pizarragoak bihurtu dira orain.

Baina denbora ez da geratu. Sartu genituen hesolak, josi alanbreak, larreratu ardiak eta behiak. Zabaldu genituen gorotzak belarrak hazteko, udako lehen egunekin batera ebaki eta belar bolak egiteko. Bazterrak jo ditugu desbrozadorarekin, irauli genuen baratzeko lurra eta dagoeneko ari gara uzta gozatzen. Baserriko lanak ez du etenik izan berrogeialdian eta zortedunak garela entzun dugu etxetik ateratzeko aukera izan dugulako. Eta ez diot nik kontrakorik, baina aurreko urteetan inork ez du gure etxeko aterik jo, «oso leku politean bizi zarete, zortedunak zarete eta laguntzera nator» esanez.

Astekari honetan irakurri dugu azken hilabeteetan munduratu zaizkigula herritar berriak. Polita izan da euren bizipenak irakurtzea. Gure etxean ere bidean da izeba titulua emango didan txikia eta, nola ez, etengabeko prestaketa izaten ari da. Oraindik ezagutzen ez dugun arren, bere presentzia nabarmena da egunerokoan. Gurasoen etxean oraindik bazegoen nire gela zenaren arrastorik, baina ilobaren gela bihurtu da. Berarentzat izango diren gauzez beteta dago eta gelaren izen ofiziala jada ez da “Mirariren gela”. Eta ez, ez nago jeloskor, amak ni etxera itzultzeko saiakeran argudio ezin hobea eman baitit. Jada ez dut nire gelarik.

Ez nuen asko usteko urtebete geroago berriz ere GAUR8ko orrietan idazten izango nintzenik. Badakite ezetz esatea ez dela nire fuertea, ez didate erregutu itzultzeko eta nik ere gustura hartu dut berriz ere langintza. Gai argi-argirik gabe, sanferminei buruz idatzi nahian, edo covid-ari buruz edo langabeziari buruz… Ordenagailuaren aurrean jarri eta ideia zerrenda zaparrada eginez. Originala izan nahian, dena asmatuta dagoen garaian, ia guztia sortu den hilabeteen ondoren. Orain karaktere gehiagoko testuak eskatu dizkidate eta hemen nago luzerari ezin neurria hartuta, irakurle. Idazten dudan esaldi bakoitzean “kontatu karaktereak” klikatuz. Berriz ere zalantzan ea nire hitzek zerbaitetarako balio duten. Irribarre bat atera badizut, uztailerako nahikoa. Hurrengo urtean egingo dugu idatzitako ajearen balantzea, bitartean hementxe izango nauzue hilero. •