Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Banakakotik kolektibora: lasai partekatzearen indarra

Aurreko artikuluan oso gainetik aipatzen nuen bezala, garai ezegonkor honetan berebiziko garrantzia du taldeak. Banakotasunetik atera eta taldeak duen indarra sentitzeak, talde baten partaide garela sentitzeak ematen duen indarra, hain zuzen. Harremanak elkarteko lankideok urtero antolatzen ditugu geure barne hausnarketarako trebakuntza saioak, hala nola dolua, EMDR eta Nur teknika terapeutikoak gai hartuta, edota haurren garapen ebolutiboaren gainean. Hainbat eta hainbat izan ditugu Harremanak Osasun Zentroan.

Konfinamendu garaian, doluaren inguruko trebakuntza jaso genuen. Eta, trebakuntza saio horretan, ideia oso interesgarri bat entzun genuen eta, ondoren, landu: hain justu ere, dolua taldean lantzearen garrantzia. Izan aita, ama edo seme-alaba bat hil delako, proposatzen duguna da familia guztiarekin batera egitea saioak, guztiok elkar entzun eta husteko aukera izan dezagun aditu baten begiradapean.

Orain arte dolua banaka landu dugu gurean; orain, berriz, horrelako esperientziak sortzen hasi gara eta benetan ari dira ederrak izaten. Zergatik? Familia elkartu eta bakoitzaren banakotasuna errespetatuz jarduteak indarra ematen duelako, triste zaudenean, bihotzean mina duzunean, talde bateko kidea zarelako, eta bertan babesa duzulako.

Albokoa errazago ulertzen dugu nola sentitzen den entzuten diogunean, bizi garen dinamikan askotan ez baikaude ohituta horretaz hitz egitera. Izan ere, askotan beldurra ematen digu nola kontatu aitari nola sentitzen naizen ama hil delako, aita berak nahikoa duenean… Eta, horrela, geruzak joaten gara jartzen bata bestearen gainean, alegia, gero eta pisu handiagoa hartzen duten geruzak!

Gauza bera gertatu zaigu guraso eskolekin, ikaragarria izan da telematikoki lan egiteak ze onura ekarri dizkion partaide bakoitzari, eta gezurrik ez dizuet esango, baita niri ere.

Ze ilusiorekin pizten nuen Skype programa nire Urnietako talde kuttunarekin konektatzeko. Bat ikusi, bestea entzun, esperientziak elkartrukatuz, denon artean indarra hartuz alarma egoera xelebre hori ahalik eta ondoen eramateko. Elkarlagunduz, guraso taldea laguntza sare gisa eraikiz… Bata besteari laguntzen! Zein ederra!

Garai zailak datoz, ziurgabetasun handiko garaiak. 2020 urte berezia badoa aurrera: pandemia, aldaketak, heriotza asko, krisi ekonomikoa… Horregatik da hain garrantzitsua taldeekin lan egitea: talde terapia, guraso eskolak, dolua familian, dolua lantaldean, familia saioak terapian, lantaldeko saioak.

Esan bezala, talde horietan parte hartzeak indarra emango digu. Talde horiek eremu berriak izan behar dute, non aurreiritzirik gabe hausnartu daitekeen, iritziak eman, elkar entzun, hartu eta eman, azken finean, babesleku diren etxe emozionalak bilakatzen direlako.

Pandemia honetatik gauzak ikasi behar ditugu modu pertsonalean nahiz profesionalean, gauza berriak sortzeko indarra dugu, jendarteari begiratu eta zer behar dugun ikusi…

Osasun Zentroa haurren etxe bihurtzea da nire ametsa, haurrek eta beraien familiek zauriak sendatzeko atseden etxe gisa senti dezaten, non deskantsatu, osatu eta indarra hartu.

Eta, nola ez, geuk ere, Harremanak elkarteko zuzendaritzako kideok, zaintzeko taldea osatu dugu kanpoko aditu baten laguntza baliatuz, gu guztiok elkar zaintzeko, laguntzeko eta babesteko asmotan. •