Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Kanpainak

Aspaldian ez zenidaten idatzi. Eta bai, aitortzen dut mespretxatua sentitu naizela, aterki baten gisa ahaztutako maitale baten moduan.

Egia esanda, nik ere halaxe tratatu zaituztet: ohepeko kutxa sekretuetan edo etxe aldaketatik etxe aldaketara bidean galdutako gauzen zerrenda infinituan ezkutatuta egon zarete azken aldian. Tarteka ezagunen batek eman izan dit zuen berri; egunkari eta albistegietan ere aritu izan naiz zuen bila. Banekien ordea laster itzuliko zinetela nigana; ni berezi senti nendin ahaleginduko zinetela. Denbora igaro den arren ez nauzuela ahaztu, bizitzak bakoitza bere lekuan jarri duela, besterik ez. Eta hemen zaudete, oka egitera doan postontzi-aho honetan, bankuko gutunez, etxetresna elektrikoen katalogoz eta janari azkarren iragarkiz inguratuta.

Kontu handiz zabaldu ditut zuen gutun-azalak, hauteskunde kanpainak heltzen diren aldiro errepikatzen dudan zeremonia goxoan. Zuen argazkiak miatu ditut; plano kontrapikatuak nola landu dituzuen berezi bai baina bereizi agertu nahi ezean. Gaztetasunaren indar eta adorea erakutsi nahian misteriotsuki ezkutatutako zimurrak eta, aldi berean, heldutasunaren ardura eta segurtasuna azaltzeko kolore gezako arropak eta begirada ziurrak. Oreka ezinezkoak azaldu nahiaren zera erridikulu eta, aldi berean, miresgarri hori.

Denok berdinak zaretela entzuten dut garagardo aparretako aparteko hizketaldietan. Nik ez dut sinesten, ezin dut sinetsi, ez dut sinetsi nahi. Denok berdinak bazarete, ze zentzu dauka honek guztiak? Denok berdinak bazarete, nork agintzen du hemen? Inorengan ez sinestea da, batzuetan, gure erabakimenari uko egiteko biderik motzena.

Beti gustatu izan zaizkit hauteskunde kanpainak. Sentitzen dut, baina denok izaten dugu bizioren bat gordean. Hauteskunde kanpaina bere argazki betikoekin, bere molde zaharkituekin. Inork gutunik idazten ez duen garaiotan jasotako gutun limurtzaileekin. Publizitate irakasle batek kontatu zigun behin: garai bateko iragarkiek produktua saltzen zuten, gure behar bat asetzeko juxtu produktu hori zela egokiena, horixe esaten ziguten. Azkenean, ordea, produktuak ez, beharrak saltzen hasi ziren: nahiak desio eta desioak premia bilakatu zituen merkatuaren Abiadura Handiko Trenak. Horregatik irribarre eginarazten didazue nire “benetako beharrak” zein diren esaten didazuenean: beharrak, benetakoa ez denean, beharretik ere ez baitu askorik izaten.

Nostalgiaz eta tristezia pixka batez irakurri ditut zuen gutunak. Kanpainak iristen diren aldiro zuek ere merkatuaren legera makurtzen zaretelako; kontsumo objektu soil bilakatzen zaretelako: zuek erosteak gure inguruan posizio bat, irudi bat ematen digula sinestarazten diguzuelako. Baina, akaso, horixe da maitemintzen garenean bilatzen duguna ere. •