Juantxo EGAÑA

Martzillan, petrolio bila

1950ean prentsak zioenez, George Cramer enpresaburu iparramerikarrari iruditu zitzaion, Nafarroan barrena egindako bidaia batean, Erriberak eta Bardeak antz handia zutela Texasekin alderdi geologikoari dagokionez. Nafarroan petrolioa aurkitzeko aukera ikusita, 1952tik 1953ra bitartean zundaketak egin ziren zenbait herritan, hala nola Lerinen, Faltzesen, Tuteran, Caparroson eta Martzillan, lurra zulatu eta petrolioa bilatzeko prospekzioak egiteko. Azkenik, Martzilla aukeratu zuten eta bertan jarri zuten 45 metroko altuera eta 1.300 tonako pisua zuen zulagailu bat, Ameriketako Estatu Batuetatik espresuki ekarria eta Bilboko portuan deskargatua. Bi enpresa arduratu ziren prospekzioaz: Valdebro eta Delta Drillng Co. Tayler amerikarra. 1953ko udaberrian hasi ziren prospekzioak egiten eta ia egunero Estatu osoko prentsak metro zulatuen lorpenen berri ematen zuen, Texastik etorri eta Tuteran ostatu hartu zuten langileei elkarrizketak eginez. Era berean, prentsak nekazarien kezken berri ematen zuen, petrolioa agertuz gero, beren lurrak desjabetuko lituzketelako. Goiburu batean hau jarri zuten: “Gaur erremolatxaz estalitako erregu-lurrak, dorre metalikoko baso izan daitezke bihar”. No-do albistegi frankistak ere eman zuen gertaeraren berri. Hilabete batzuk iraun zituzten prospekzioek eta ez zuten fruiturik eman. Uneren batean, Los Arcos herrira joateko aukera aztertu zuten, han zorte handiagoa izango ote zuten, baina azkenean aukera hori baztertu egin zen. “Norte. Semanario gráfico de actualidad” Donostiako aldizkariak Martzillako prospekzioei buruzko erreportaje bat argitaratu zuen, Peinado eta Mazo Tuterako argazkilariek egindako dorre zulatzailearen argazki batekin eta goiburu honekin: “¡Ojo! Que no es París ni New York. ¡Es Marcilla!”. Halaber, barnealdean Valentzian jaio eta Donostian bizi zen Juan Aygues argazkilariaren irudi batzuk ere bazituen erreportajeak. Horietan, langile batzuk ikus daitezke zulagailuan eta “Texas” izena jarri zioten Martzillako taberna baten kanpoaldean. Beharbada, prospekzio horien erakunde onuragarrienetako bat Nafarroako Eliza izan zen, prospekzioez arduratzen ziren konpainiek 100.000 pezetako dohaintza eman baitzioten.