Xabier Izaga Gonzalez
OHOLTZARA BUELTA

Pandemiak emanaldiak eten zituen, baina antzerki munduan lanean segitu dute

Pandemiak gogor kolpatu ditu jendartearen osasuna, ekonomia, harremanak. Eta krisi guztietan bezala, kultura izan da sektorerik kaltetuenetako bat. Antzerkia ez da salbuespena izan; hala ere, emankizunak ez bezala, lana ez da eten eta datorren astean Aulestik Artedrama Euskal Laborategiaren XV. antzerki topaketak hartuko ditu.

Osasun krisiak krisi ekonomikoa ere eragin du, aurreko krisi ekonomikoa baino latzagoa. Krisiak murrizketak dakartza berekin, jakina, eta murrizketak kultura arloan normalak dira, jakina... Jakina? Badirudi, zoritxarrez, onartu samar dagoela horrelako segida. Hortik kultura jarduerak zoko betegarri hutsa direla esatera, tarte txikia dago. Areago, ez da falta kultura eragileek ezer egin gabe bizi direla uste duenik.

Kultura, krisi guztietan bezala, sektorerik kaltetuenetakoa izan da, beraz, eta haren baitan, nabarmen, antzerkia. Hala ere, emanaldiak eta mugikortasuna etenda ere, arlo horretako jendea ez dago, ez pandemia baino lehen ez haren garaian ere, besoak uztartuta. Horren erakusgarri, Artedrama Euskal Laborategiak datorren astean Aulestin egingo dituen antzerki topaketak, edo asteon, Senperen, Huts Teatroaren eta Artedramaren obraren sortze prozesuari segida emateko egonaldia.

Joan den martxoaren 17an, Artedramako lagunek mezu hau zabaldu zuten: «Gu ere iragarrita genituen ekitaldi guztiak bertan behera utzi beharrean aurkitzen gara». Pandemia Euskal antzerkiarentzat eta oro har kulturaren inguruan lanean dihardutenentzat kolpe gogorra izango zela esan zuten, baita lanean jarraituko zutela ere. Esan eta egin, atzeratuta baina ez berandu, lanak eginda datoz ostera: «Itzalean egindako lanaren uzta jasotzeko unea iritsi da».

Artedrama euskal laborategia

Euskal antzerkiaren hitzordu garrantzitsuenetarikoa ez zen ohi bezala udaberrian egin, baina datorren astelehenetik larunbatera bitartean Aulestik Artedrama Euskal Laborategiak antolatutako XV. topaketak hartuko ditu. Egileak eta ikusleak, aktoreak eta ikasi nahi dutenak ohi bezala programa oparo baten inguruan bilduko dira hamabosgarrenez arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunera.

“Zaldi Urdina” obraren emanaldiak bertan behera geratu ziren; hala ere, laster itzuliko da taulara Euskal Herriko hainbat lekutan, eta lehenik Aulestiko frontoian. Artedramaren, Axut! kolektiboaren eta Dejabu Panpin Laborategiaren lana datorren larunbatean emango dute. Hura bezala, egunero antzezlan bat ikusteko aukera izango da: Atx Teatroaren eskutik, “Tomiris”; Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren “Matriuska”; Tripak Kolektiboaren “Urruna”, eta Tartean Teatroaren “Tabernaria” eta “Ez dok hiru” obrak.

Halaber, eztabaidak, jakintza eta trukeak sustatzeko asmoz, bost ikastaro prestatu dituzte, guztiak euskaraz. Lerrook idazteko garaian haietan parte hartzeko plaza libre bakar bat baino ez zegoen.

Ikastaroak

Ander Lipus aktore, ikertzaile eta Artedramako zuzendariak “Arnasa” izeneko ikastaroa emango du. Horrela laburbildu du berak: «Begiak, hitza, adi, zaindu arnasa... Oinak, jauzi, dantza, entzun arnasa... Eskuak, oreka, indar, sentitu arnasa... Sena, hausnartu, jolastu, bizi arnasa... azken arnasa hartu arte».

Maika Etxekopar zuberotarrak “Jokorako bi kuadro” ikastaroa emango du. Ikasleei kuadro bi zabaltzeko asmoa du: «Lehenean, Iparraldeko antzerkiko ‘Herriko Bozak’ klasikoa ardatz, pertsonaia batetik bestera jauzi eginen dugu, pertsonaia estereotipoen arteko konbinazio desberdinak bilatuz, elkarren arteko harremanak pertsonaia bakoitzaz kontatzen duena landuz. Bigarrenean, giza neurriko txotxongiloen erabilpenaz jardungo gara».

Amancay Gaztañaga ekuadortarrak “Pertsonaia gorpuzten” izenburuko tailerra horrela aurkeztu du: «Baimenik ematen al diogu geure buruari sormenaren jolasean murgiltzeko? Maskaratik testuraino iritsiko den bidaia bat proposatzen dizuet. Bertan, pertsonaia bat sortu eta zintzotasunez gorpuzteko zenbait tresna landuko ditugu».

Ximun Fuchsek “Nori mintzo garen” izenburupean duen erronka hauxe da: «Zein izango da gure antzerkia etorkizunean? Zerk egingo du euskaraz soilik erran ahalko dudala? Zein izango da dagokion forma? Poetika gaiak ekarriko digu. Talka zertan den identifikatu ondoren, estetika eta forma berez argituko zaigu. Nori mintzo natzaio?». Gaiak poetika ekarrita, estetika eta forma berez argituko direla dio. «Plazerez, jostalari, elkarlanean eta batak bestea aberastuz, gure istorioak konta ditzagun».

Marina Suarezek, azkenik, “Gorputz imajinarioa eta materia biziak” izeneko ikastaroan arakatuko ditu gorputzak, materia biziak, materia bizigabeekin, objektuekin eta espazioarekin dituen harremanak. «Harreman ezberdinetatik gorputzaren imajinarioa miatu, bertan espresio inkontzienteak aurkitzeko. Zentzugabea, ulertezina eta hortik sortzen diren poetikak praktikatuko ditugu».

“Zaldi Urdina” ez bezala, “Gernikak” obra bertan behera utzi behar izan zuten eta momentuz «izoztuta» dago bonbardaketaren urteurrenean ematea aurreikusita zeukaten lana. Gernikako elkarteek antzerki handi bat egiteko eskatu zioten Lipusi, eta 300 lagunek parte hartuko zuten ikuskizuna prestatzen ari zen hura, baina ez daki noiz izango duten emateko aukera, «pandemiaren kontu honek azkenean ziurgabetasunera eramaten zaitu eta ez dakizu atzera, aurrera edo nora egin», diotso GAUR8ri.

«Atzerrian lurra garratz»

Bertan behera geratu zitzaien beste proiektu bati ere heldu berri diote. Huts Teatroaren eta Artedramaren “Atzerrian lurra garratz” obraren sortze prozesua osatzen jarraitzeko egonaldia egin dute aste honetan Senperen. Laura Penagosek emango dio bizia pertsonaia nagusiari, Euskal Herrian bizi den artista kolonbiar Aurora Morari, hain zuzen. Komunitate indigena batetik etorria, haren «ezinegonak» kontatuko ditu obrak Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Gela batean, haren amets eta amesgaiztoak agertuko dira. Ander Lipus hainbat pertsonaiaren larruan sartuko da: Auroraren ahizparenean, amarenean, amona indigenarenean, nafar mutil lagunarenean... Senpereko hori obra gorpuzteko laugarren egonaldia dute, Hendaian, Gernikan eta Berrizen bana egin ostean. Hurrengoa, azaroan, Biarritzen izango da eta azken hilabetea Luhuson emango dute, otsailean hango Harri Xuri gelan izango baita estreinaldia.

Gai ugari biltzen ditu obrak, hala nola kolonialismoa eta indigenismoa, emakume migranteek Euskal Herrian bizitzen duten egoera, zaintzaren inguruko gogoetak, migranteen lan baldintzak, ikasi duten esparruan lan egiteko aukerarik eza, Kolonbiatik kontu politikoengatik ihesean doazenak... «Jendeari iritsiko zaizkion gaiak, nik uste», dio Lipusek, «eta, interesgarriena, benetako kolonbiar aktore bat dela. Euskaraz ikasi du eta haren bizipenetatik abiatuz fikziozko istorio bat kontatzera iritsi gara». Proiektuan Miren Amurizak, Ibon RGk, Arantza Floresek eta Barbara Rasok ere parte hartuko dute, obra taularatzeko lanetan.

Oholtzara bueltan, publiko aldetik oso harrera ona izango dutela uste du Lipusek: «Izugarrizko arrakasta izaten dugu eta orain ere hala izatea espero dugu, betiere protokoloari jarraituz. Badago halako espiritu bat, ‘kutsatzekotan, kutsa gaitezen antzerkiaz’ dioena. Kutsa gaitezen kulturaz. Badago antzerkira joateko aukera, egiten ari garena ez da zerbait eroa». Sei hilabete daramatza berak «ezer egin gabe», dena bulegoko lanak, eta horren ostean, datorren astean zapalduko du antzoki bat lehen aldiz. «30 urte daramatzat antzerkia egiten eta ez naiz inoiz hainbeste denbora egon areto bat zapaldu gabe». Orain gogotsu daudela dio, «jendeari eskaintzeko eta egiten dakigun horri ekiteko».

 

Zapata berriak jantzita, Astigarraga kulturaren mapan kokatzeko

Joan den asteburuan Erribera kulturgunea inauguratu zuten Astigarragan. Ohiko inaugurazio ekitaldi bat baino askoz gehiago izan zen, ordea. Herriko kultur ekipamendu berriarekin batera “Zapata Berriak” egitasmoa abiatu zuen Hika Teatroak Udalarekin elkarlanean. Programa erakargarri bezain askotarikoa osatu zuten.

Larunbatean kulturgune berriari ongietorria egin zioten, baita zaharrari agur esan ere, horregatik antolatu zuten Kontxaenean ekitaldi txiki bat. Herritarrak zapata zaharrak jantzita joan ziren bertara, horiek kendu eta berriak jantzi zituzten, zaharrak Kontxaenean utzita, gune hura izan denaren lekuko.

Egitasmoaren helburuak honela laburbildu zituzten: «Kultura sormena erdigunera ekartzea; ekipamendu berria sorgune, elkargune, eztabaidagune bilakatzea; publiko berriak sortu eta fidelizatu; herritarrak sormen prozesuetara gerturatu, eta kohesio soziala hobetu eta pertenentzia sentimendua indartu komunitateko kideen artean, eta baita komunitatearen eta sortzaile eta artisten artean ere».

Teresa Sala Hika Teatroko kideak GAUR8ri azaldu dionez, astigartarren parte hartze itzela lortu dute. Udan zehar astigartar guztiei postal bat bidali zieten, eurek beste postal batean idatziz edo marrazkiz kultur etxe zaharrari beren agurra bidaltzeko, baita kulturgune berriari ongietorria ere. Jasotako postal guztiak Xabier Mujika eszenografoak eta Iñigo Telleria artista sonoroak sortu duten instalazio sonoroan daude; izan ere, idatzitako esaldi guztiekin, sentsazioekin, sentimenduekin grabatutako mezuak entzungai daude erakusketan. Astigartarren erantzuna ikaragarria izan da: 4.000 postalek osatzen dute instalazioa. Bide batez, esan beharra dago instalazio hori urriaren 10era arte egongo dela ikusgai Erriberan.

Horrez gain, ikus-entzunezko pieza bat sortu dute, 40 minutuko dokumentala. “Astigarraga” eta “kultura” hitzen arteko harremanari buruz, 40 astigartarren iritziak biltzen ditu. Askotariko adin eta profiletako herritarrei galdetu diete beraientzat kultura zer den, eta ea hamar urte barru Astigarraga kulturaren mapan kokatua ikusten duten. Dokumentala inaugurazio ekitaldian estreinatu zen.

Bestetik, Pau Figueres artista bisualak Erribera kultur ekipamendu berriko horma bat artelan bihurtu du, eta Agin Laburu astigartar bertsolari ezagunak “Erribera” kantuari letra berria egin dio, lehen aldiz inaugurazio ekitaldian abestu zutena.

Halaber, postalak bidali zituztenen artean prestatutako ibilbide artistiko bitan parte hartzeko aukera zozkatu zuten, betiere covid-19a dela-eta edukiera oso mugatuta dagoela kontuan izanda.

Asteburu osoko ekimen erakargarri eta oparoaren ondoren, Hika Teatroko kide Teresa Sala pozik ageri da: «Oso polita izan zen. Herri partaidetza sustatu nahi genuen. Hika Teatroan sinetsita gaude kultura ez dela publikoarentzat sortu behar, publikoarekin baizik. Nahi genuen eta lortu dugu herriak parte hartzea eta profesionalak elkartzea: herriko eragileak, dantza taldeak, txistulari taldea, Agin Laburu bertsolaria eta musikari profesionalak».

Salak dioenez, Astigarragak bikoiztu egin du azken urteetan bere biztanleria. «Astigartar berrien artean badaude, esate baterako, Inma Aranburo Orkestra Sinfonikoko biolinista, Xabier Mendiguren eta Alaine Agirre idazleak… eta horiek guztiek ere parte hartu dute». Hartara, ekimen horrek betiko astigartarrek eta berriek elkar ezagutzeko ere balio izan duela dio.

Bi eguneko ekimen potoloa, hilabeteko erakusketa edo instalazioa… baina zerbait gehiago ere bada Erribera Astigarragako kulturgune berria abiatzearekin batera lortu dena: herrian dagoen kulturarekiko sentsibilitatea islatzea. «Astigartarrek asko eskertu zuten beraiei galdetzea. Kulturarekiko sentsibilitatea piztu da, seguru», dio Teresa Salak.

Hika Teatroak zapata berriak jantzi eta Astigarraga kulturaren mapan kokatzeko lehen urratsa egin du.