Gorka Elejabarrieta

Monzon eta Companys, Palmerston ahaztu gabe

Estatu independente izan nahi duen edozein estaturik gabeko herrik badaki behar-beharrezkoa duela nazioarteko aitortza. Prozesu adostuetan ez da izan ohi horretarako zailtasunik. Utzi berri duzun estatuak zu aitortua izateko arazorik jartzen ez duenean, normala da gainontzeko estatu guztiek zurekin harremanak izateko interesa adieraztea. Prozesu ez adostuetan aldiz aitorpena prozesu luze, gatazkatsu eta konplikatua izan ohi da. Kosovoko kasua horren adibide argi bat da, baina badira bestelakoak, hura baino are konplikatuagoak eta gatazkatsuagoak direnak. Artsakh Errepublikan Azerbaijan Turkiaren laguntzarekin gauzatzen ari den eraso onartezina da horren beste adibide bat. Taiwanen kasua eta beste asko ere aipa litezke. Eta esan bezala, kanpoko babes eta aitorpenik gabe, partziala bada ere, oso zaila edo ezinezkoa da estatu independente bilakatzea eta horrela jardutea.

Telesforo Monzonek ederki deskribatu zuen prozesu hori. Merezi du Iñaki Anasagastik 1978an egin zion elkarrizketa irakurtzea [https://labur.eus/r0E4n]. Bertan Telesforok dio konfrontazio edo gerra egoera batekin hasi eta norbere enbaxadoreen harrera eta onarpenarekin amaitzen dela estaturik gabeko nazio baten independentziarako bidea. Eta arrazoi du, orduan egin zituen adierazpen horiek oraindik ere gaurkotasun osoa daukate. Nazioarteko komunitatea, estatu guztiak, oro har, haien interesen arabera eta defentsan jarduten baitira nazioarteko politikan. Norbere posizioa nola indartu, norbere helburuak nola lortu. Guztiak. Itsaso horretan nabigatzeak berebiziko garrantzia dauka, transatlantiko batean doazen estatuek erraztasun gehiago dauzkate itsaso eta ozeano horietan bidea egiteko, baina batel txikietan goazen nazio txikiok arreta handiz aztertu behar ditugu eguraldia eta itsasoaren egoera eta aurreikuspenak; izan ere, gure bidaia horretan hondoratzeko arriskua egon badago.

Lord Palmerstonek, XIX. mendean Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak, ederki definitu zuen estatuen nazioarteko politika zertan datzan: «Ez da zuzena herrialde hau edo beste hori Ingalaterraren betiko aliatu edo biziarteko etsai izendatzea. Ez daukagu betiko aliaturik eta ez daukagu biziarteko etsairik ere. Gure interesak dira betiko eta biziarteko, eta interes horiei jarraitzea da gure egin beharrekoa». Ezin hori baino argiago adierazi.

Garrantzitsua da munduak nola funtzionatzen duen ondo ulertzea, bestela ezinezkoa baita joko zelai horretan norbere politikak eta egitekoak zehaztea, eta, are gehiago, norbere helburuak erdiestea. Ez da guk nahi genukeen mundua, eta mundu hori eraldatzeko, hobetzeko ahaleginen partaide izan behar dugu dudarik gabe, baina errealitate horretatik abiaturik. Lluis Companys-ek botatako esaldi famatua parafraseatuz, munduko aldarri justu guztiek dauzkate euren defendatzaileak, baina Euskal Herriak, aldiz, gu bakarrik gaitu.

Ideia horien arabera eraiki behar du Euskal Herriak bere nazioarteko politika. Herri txikia gara eta horregatik ahal den heinean nazioarteko politika estatu politika izatea lortu beharra dago. Unibertsala ahaztu gabe, baztertu gabe, gure herriaren interesak defendatuko dituen nazioarteko politika bat. Bide horretan aliatuak behar dira, etxean eta kanpoan, eta aliatuak betiko ez direnez, egunero zaindu eta ureztatu behar dira. Aliatuak izatea bezain garrantzitsua da ahalik eta etsairik gutxien izatea, etxean eta kanpoan, sekula santan ezin dugulako ahaztu bi estatu ditugula une oro –frantziar eta espainiar estatuak– nazioartean ere gure aliatu kopurua txikitzen eta gure etsai kopurua handitzen saiatzen. •