Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
Igor Etxeberria Diez
Bera Bera-ko kudeatzailea

«Komentario eta jarrera desegokiak azkar identifikatu behar dira»

Bera Bera kirol elkartean 2017. urtetik daukate jazarpenaren kontrako protokoloa indarrean. Kirolariak, bertako langileak, une horretan bertan lanean ari direnak... denak babestea da helburua.

Nondik nora sortu zen protokoloa lantzeko ideia?

Mila kirolari inguruko elkartea da Bera Bera, jende asko mugitzen da bertan eta garrantzitsua da arauak garbi izatea. Kirol elkarte bezala –eta gure kasuan emakumeen eskubaloia da erreferente nagusia– berdintasunaren eta kontziliazioaren bidean neurriak hartzeko lanketa egiten hasi ginen. Eta ikusi genuen emakumeen eskubaloi taldeak daukan ikusgarritasuna baliatu genezakeela zenbait aldarrikapen egiteko. Batetik, kanpora begira emakume kirolari profesionalek topatu ohi dituzten arazoak azaleratu nahi genituen. Eta, bestetik, barrura begira, protokolo bat lantzea erabaki genuen, jazarpen kasu baten aurrean nola jokatu zehazteko.

Protokoloa egitea bera hausnarketarako bidea izan daiteke.

Kirol elkarte bezala, kirolaren balioak eta etika dira gure ardura nagusia. Balio horien parte dira noski elkarrekiko errespetua, jazarpenik ez egotea, tratu ona ematea… Guretzat hausnarketa hori kirol emaitzen gainetik dago.

Emakumeak gehiengo diren kirol inguruneetan ohikoagoak dira horrelako hausnarketak, lehiatik apartekoak.

Segur aski bai. Guk mila kirolari inguru ditugu elkartean, zortzi urtetik hasita, eta %60 baino gehiago emakumezkoak dira. Balioen eta elkarrekiko errespetuaren inguruan sentsibilizazio handia dago gurean. Gure filosofiak ere eragiten du; ardura berezia daukagu kirolaren eta harremanen inguruko balioekin.

2017an onartu zenuten protokoloa. Bera Berako parte diren kirolari guztiek daukate horren berri.

Bai. Protokoloa gure web orrialdean daukagu eskura eta, horrez gain, jazarpen kasu baten aurrean zer egin laburtzen duten grafikoak ere baditugu. Lau urrats errazetan, kirolariei eta familiei azaltzen zaie zer egin behar duten jazarpen kasu baten aurrean, norengana jo dezaketen. Normalean kirolari berriak gerturatzen direnean elkartera, bete behar dituzten inprimakiekin batera, protokoloaren berri ere ematen diegu. Saiatzen gara garbi adierazten horrelako egoeraren bat ematen bada, ate bat baino gehiago dauzkatela eskura, haientzat erosoena dena jo dezaten. Entrenatzailearengana gerturatu daitezke, beren kirol arloko –bederatzi arlo ditugu– arduradunarekin harremanetan jar daitezke edo zuzenean nirekin, kirol elkarteko arduradun bezala.

Bera Berara iristen diren familia askorentzat ezustekoa izango da.

Bai, eta iritsi zaizkigu horren inguruko iritziak, protokoloarena oso egokia iruditzen zaiela esanez. Eta beste zenbait kirol elkartetako gurasoak ere jarri dira gurekin harremanetan, jakin-minez, nola egin dugun galdetuz… Askotan galdetzen digute ea derrigorrezkoa den horrelako protokolo bat izatea kirol elkarteetan. Derrigorrezkoa ez da, baina beharrezkoa bai.

Elkartearentzat garrantzitsua da protokoloa izatea?

Lasaitasun bat ematen digu. Jazarpen kasu bat gertatuz gero, zein pauso eman behar diren garbi edukitzea garrantzitsua da, bai biktimarentzat eta baita elkartearentzat ere. Protokoloa egiteko elkartearen barruan lantalde bat sortu genuen eta kirol arlo desberdinak elkarlanean aritu ginen. Lanketa hori oso interesgarria da, gaia mahai gainean jartzen delako eta horri buruz hausnartu egiten delako. Lasaiago geratu ginen. Onena da protokoloa ez aktibatu behar izatea, jazarpen kasurik ez gertatzea, baina gertatzen bada, badaukagu tresna bat horri aurre egiteko. Etxeko lanak eginak ditugu. Gero, gertatzen bada, ez da samurra izango, latza eta desatsegina izango da, baina gutxienez baditugu tresnak prestatuta eta horrek lasaitasuna ematen digu.

Kirola eremu lehiakorra izan ohi da, erasokorra askotan. Egoera bortitz asko normaltzat hartzen dira.

Bai, eta horri buruz asko hausnartu genuen protokoloa egiteko orduan. Komentario, jarrera eta egoera desegokiak gertatzen direnean azkar identifikatu behar dira eta garrantzia eman, ez hartu arinkeriatzat. Protokoloa landu dugun lantaldean garbi dugu gauza horiekin adi egon behar dugula. Batzuetan, gauza txikiak edo arinak direlakoan, ez dira kontuan hartzen eta dagoeneko arazoa oso handia denean edo berandu denean esku hartzen da. Errotik lan egin behar da. Adi egotea da gure ardura.

Okerrenean jarrita, jazarpen bat gertatuz gero, zein dira jarraitu beharreko pausoak?

Lehendabizi ikerketa edo balorazio prozesu bat jartzen da martxan. Gertatu dena jasotzen da. Kirol arloko arduradunak, nik neuk eta beste arloetako pertsona batek edo bik osatuko genuke lantaldea. Protokoloan zehaztuta dago nola jaso informazioa; azkartasuna, konfidentzialtasuna, errespetuzko tratua, babesa…

Behin informazioa jasota, kasuaren arabera, elkartearen barruan konponduko genuke edo kanpoko laguntza eskatu. Kasu bakoitzean aztertu behar da zer egin.