Mirari Martiarena Iraola

Bizikleta eta sexua

Bizikletak eta sexuak antzekotasun bat omen dute: behin ikasitakoan ez zaizula sekula ahazten. Bizi guztirako omen dakizu batean, zein bestean. Ez nago seguru baieztapen horrek egiatik zenbat duen. Txirrindulariekin maitasun-gorroto harreman moduko bat dudala esan daiteke. Errepidera ateratzeko duten ausardiak eta abileziak liluratzen nau. Baina aldi berean traba egiten didate. Pazientzia izaten saiatzen naiz, eurek ere errepidean ibiltzeko nik autoan ibiltzeko adina eskubide dudala oroitarazten diot neure buruari. Baina presaka banabil hamahirugarren segundoan eurak madarikatzen hasten naiz. Hori bai, madarikazioak beti 1,5 metroko distantziatik egiten ditut. Madarikatu bai, baina beti segurtasunez.

Kontua da, ez dudala gogoan azken aldiz bizikletan noiz ibili nintzen, hogei urte inguru pasako ziren honezkero. Alegia, ez dakit bizikletan ibiltzen. Gehitu horri, umetan hartu nuen “bedeinkatuak” eragin zidala bizikletari beldur pixka bat hartzen. Askotan etortzen zait momentu hori burura. Ni maldan behera, bizikleta handi batekin, frenatzeko gai ez eta nire lehengusu Mikelek nola geratu ninduen. Sekulako kolpea hartu genuen eta zauri dezentekoak izan genituen.

Tinder txirrindulariz josita dago, askok galdetu didate ea gustuko dudan txirrindan ibiltzea. Nire erantzuna beti berbera da: «Niri mendian oinez ibiltzea gustatzen zait eta ez dakit bizikletan ibiltzen, bizikletarik ere ez dut». Ez dute sinesten bizikletan ibiltzen ez dakidala, haien azalpenak jaso eta praktikatu besterik ez omen dut egin behar. Ondoren bizikletan ibiltzearen abantailak saltzen dizkidate. Bat, oinez egiten dudan denbora berean askoz distantzia luzeagoa egingo omen nuke. Logikoa, bat formulako auto batekin bizikletan baino urrutiago iritsiko nintzatekeen modu berean. Bigarren abantaila, oso kirol konpletoa da eta argaltzeko oso ona. Eskerrik asko, ez naiz argaltzeko helburuz joaten mendira ibiltzera, gustatzen zaidalako baizik. Hori gutxi ez eta bizikleta elektriko bat erostera animatzen naute, 3.000 euro behin edo bitan erabiliko dudan gauza batean gastatzeko izango banitu bezala. Badakigu bizikleta estatiko asko nola bihurtzen diren etxeko pertxero on eta garestienak. Ez dut arrisku hori hartu nahi.

Hainbeste bizikleta gora eta behera, laneko kontu batek bizikleta gainera eramango nau. Lehenengo proposamena: Oso barregarria litzateke Mirari bizikleta gainean ikustea. Nik esan nuen ahaztua nuela eta nonbait grazia gehiago egin zien. Momentu horretan bertan hasi nintzen izerditan eta larritzen. Nola hasiko naiz ba ni lantegi horietan? Ni? Spinning-eko klase batean bizikleta estatikotik erori nintzen eta! Oraingoz ahizpari eskatu diot txirrinda, astebete darama garajean geldirik. Pasatzen naizen aldiro barre egiten didala iruditzen zait. Auskalo zer gertatuko den maitasun, ezinikusi harreman honetan. Hortzetakorik hartzen ez dudan bitartean gustura ibiltzeko moduan naiz.

Modan dago bizikletan ibiltzea, eguzkia irten orduko beti topatuko duzu baten bat errepidean edo mendian. Hau irakurtzen ari zaren momentuan, eta berdin du noiz irakurtzen duzun, larrua jotzen baino jende gehiago dabil bizikleta gainean. •