Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Min hau

Sexuen arteko harremanak eraldatzen doazen honetan, ezinbestekoa da hezkuntzari begirada bat botatzea. Zer pentsatzen dute gure haur eta gazteek? Egia ote da jendarte parekideago batean bizi direla? Lerro hauen bidez bizi ditudan esperientzia eta hausnarketak ezagutuko dituzu, ezin dut guztia adierazi, guztia gehiegi da, baina ideiarik deigarrienak azalduko ditut, ea zuen interesa ere pizten dudan.

Alde batetik, “diskurtsoa” menderatuta duten ikasleekin topatzen naiz. Politikoki zuzenak diren horiek, entzun nahi duguna esaten dutenak, alegia. Esaten dutenak ez du zerikusirik pentsatu eta sentitzen dutenarekin, ikusi besterik ez dago elkarri nola hitz egiten dioten eta elkar nola tratatzen duten. Eta hor dago gakoa. Diskurtsoa errepikatzen erakusten badiegu, esaten dutena aldatzen dute, baina ez pentsatzen dutena. Oso arriskutsua iruditzen zait halako estrategia erabiltzea, ez baitakigu zer pentsatzen duten eta ez badakigu, ezin dugu kuestionatu, birplanteatu, hausnartu. Hitzak aldatzen dira eta ez ideiak. Politikoki zuzenak izateak baditu bere arriskuak; ez duzu pentsatzen duzuna esaten, entzun nahi dutena baizik. Eta zer da garai hauetan entzun nahi duguna? Parekidetasuna dela helburua, emakumeok gizonek beste balio dugula, heteroarauak mugatzen gaituela... Badakite zer esan guk bakean uzteko.

Deigarria egiten zaidan beste profil bat aurkeztuko dizuet. Gogoratu haur eta gazteez ari naizela hitz egiten, helduon mundua beste gai bat da, ez independentea noski, baina gurea da ardura. Mutil sentitzen diren ikasleak ekarri nahi ditut lerro hauetara, mina sentitzen dutela adierazten dutenak. Asko eta askotan aurkitzen dugun kontakizuna izaten ari da, minduak sentitzen dira arrazoi desberdinengatik; erasotzaileak direla esaten diegula adierazten dute, mutil izateko duten modua matxista dela leporatzen diegula, neskei BETI ematen diegula arrazoia... Eta nazkatuak daude seinalatuak eta epaituak izateaz. Zer egiten dute min horrekin? Zer egiten dugu helduok hori entzutean? Entzuten diegu ala «hau da tokatzen zaizuena» esaten diegu?

Dikotomietan hezten ditugu, zintzoak eta gaiztoak, erasotuak eta erasotzaileak. Neska izateagatik biktima zara eta, beraz, mutil izateak erasotzaile bihurtzen zaitu. Haur eta gazteak dira, munduan beraien lekua zein den ikasten ari dira, nola harremandu nahi duten esploratzen, minarekin ahal dutena egiten... Esan bezala, ez dira helduak, ez dute guk dugun ardura bera eta ahaztu egiten zaigula uste dut. Kondenatzen baditugu, sinetsi egiten dute eta sinestean, kondena bete. Nazkatuta gaude emakumeak biktima garela entzuteaz, geure buruak defendatzeko gaitasuna eta eskubidea dugula jakinarazteko borrokan gabiltza eta dirudienez, mutil batzuk ere nazkatuta daude erasotzaileak direla entzuteaz. Haiek ez dira guztion aitak, aitonak, osabak, maitaleak, birraitonak... Gu ez garen moduan guztion amak, amonak, izebak, birramonak, maitaleak... Beraiek ordaindu behar dituzte haiek eragindako eta jasandako minak? Gure ardura tresnak eskaintzea da, helduok sortu dugun minaz babestea eta alternatibak daudela erakustea. Minak entzuteak ez du norberaren mina ukatzen, ez dugu gure mina ahaztu behar bestearena entzutean. Minak entzun eta zaindu behar ditugu, ez badugu egiten, minaren indarrak bide asko aurki ditzake eta gehiegitan, beste baten aurka. •