Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Gabonen kontra, agenda politiko ateo baten alde

Gabonen aurka nago, orain eta beti. Gehiegizkoak dira, edonondik begiratuta ere: lizunki kontsumistak dira, emozionalki infernu bat dira, era guztietako ajeak uzten dituzte, bakerik ez dute ematen eta luzeegiak dira. Erlijioaren ikuspuntutik ere ez dirudite eredugarriak. Borondate onenarekin eta mundu guztiak bultzatuta, «aurten bai» esaten dugu, baina gutxitan izaten dira espero dugun hori. Jakina, bapo jan, alkoholaz eta beste zenbait drogaz leporaino jarri, jaiegunak eta lan-aste motzak, maite ditugun zenbaitekin bildu, opariak, nostalgiaren makina haize egokitua balitz bezala etengabe martxan… Mundu honetan ontzat hartzen ditugun gauza gehienak biltzen dituzte eta, halere, nekez lortzen dute egiten dugun inbertsioaren eta lortzen dugun mozkinaren arteko desoreka gainditzea.

Moralki, joko zital baten parte dira. Umeak eta aitona-amonak bahitu gisa erabiltzen dituen jokoa. Batzuentzat lehenak direlako, «ilusioa egiten dielako». Eta besteentzat, agian, azkenekoak izango direlako. Zer gupidagabek ez luke keinu txiki hori egingo amatxi batengatik, edo ume batengatik? Hildakoen oroitzapenak ere bere funtzioa du aro honetan. Ez, ordea, zentzu terapeutiko batean. Alegia, ez modu askatzailean.

Adi, ez sentitu minduta egunotan hildako senarra edo ama faltan botatzen baduzu. Ni ere aitaz oroitzen naiz garai hauetan, afarietan egiten zituen txorakeriez eta abar. Koronabirusaren albo kalteetako bat indibidualismoaren eztanda eta gauza guztiak interes partikularren arabera neurtzeko joera bada ere, gauzez orokorrean hitz egin daiteke. Zuk –edo nik, edo Elgoibarko lehengusuak– ez edateak, opari garestirik ez erosteak edo Eguberri egunean pisto bat afaltzeak ez du jendarteari buruzko irakurketa baten pertinentzia deuseztatzen. Aurtengo tragediak ez luke ikuspuntu kritikoa ito behar.

Gurean, erlijioak bizitza sozial eta politikoa gehiegi baldintzatzen du. Adibidez, egutegia. Alor horretan, Aste Santukoa Gabonetakoa baino larriagoa da. Eskola egutegia goitik behera aldatzen du, irizpide arrazional guztiak hausten dituen denboraldiak sortuz: urte batean “hiruhilekoak” bi hilabetekoak dira eta hurrengoan, laukoak. 2020an eskola urtea sinesmen erlijioso baten arabera antolatzea zoroa da.

Beste adibide bat: curriculuma moldatu beharko dela argi dago, berez luzeegia zen curriculum batean konpetentzia berriak sartu beharko direlako. Erlijioa klaseetatik ateratzeko garaia da. Hezkuntzako sindikatuen eskaera historikoa da, eta orain hezkuntza komunitatean eztabaida zabaltzeko une aproposa da. Agian, ez erlijioaren aurka, baizik eta beste lehentasunen alde eginez.

Euskal jendartean sinestun jendearen eta sinesten ez dugunon arteko alde historikoa murrizten ari da. Inkesten arabera, gazteen artean, sinestunak ez direnak eta erlijioren baten jarraitzaile ez direnak gehiengoa dira. EAEn ateoak mezara doazenak baino gehiago gara. Oro har, agenda politikoa markatzeari uko egin diogu. Antiklerikalismoa baztertu dugu, eta horrekin batera eztabaida sozialak markatzeari uko egin diogu. Eutanasia bezalako gaietan, zibilizazioa gure alde doala dirudi; behar baino mantsoago, ordea. Ateismoak epistemologikoki materialista izateaz gain politikoa izateari uzten badio, sinesmen bihurtzeko arriskua du. Zientziari buruzko ikuspuntu erlijiosoa adibide ona da, oso gaurkoa. •