AFP
BIKINGOEN SEKRETUEN BILA

Norvegian arkeologoak lur azpiko itsasontzi hilobien aztarnak aztertzen ari dira

Itsasontzien kroskoak erabiltzen zituzten bikingoek garai hartako «jarl» (noble edo jauntxoak) eta erregeak ohore guztiekin lurperatzeko. Norvegiako arkeologoek hilobi batzuk aurkitu dituzte, azkena hego-ekialdean dagoen Halden herritik gertu. Eta bertan ari dira herri ospetsu bezain ezezagun horien historia argitzeko aztarnen bila.

Zentimetroz zentimetro ari dira lurra arakatzen mila urteko erlikien bila. Apurka-apurka, baina etengabe, norvegiar arkeologo taldeak bitxia oso den bikingoen itsasontzi hilobi bat azaleratzen dihardu, haren sekretuek hitz egin dezaten.

Nor dago hemen lurperatuta? Zer erritu erabili zuten ehorzteko? Geratu al dira hileta ofrendak? Horrela bada, zer azaltzen dute bertan bizi zen gizarteari buruz? Aztarnak pieza nanoak baino ez dira, zohikatzetan nahasita, eta ezjakin batek ez lituzke ikusi ere egingo, baina 20 metro dituen itsasontziak erantzun asko ematen dizkie adituei.

Hori bai, erantsita dauden onddo mikroskopikoek guztiz suntsitu baino lehen, arkeologoek presa dute haren sekretuak ezagutzeko.

Itsasontzi hilobiak

Pozik daude; izan ere, mende bat baino gehiago igaro da 1904an itsasontzi bikingo bat aztertzeko aukera izan zutenetik. Urte hartan Osebergeko itsasontzia azaleratu zen, handik ez oso urrun, fiordoaren beste aldeko kostan.

«Itsasontzi hilobi oso gutxi daude», azaldu du indusketa lanen arduradunak, Camilla Cecilie Wennek. «Izugarrizko zortea izan dut, gutxi direlako bere ibilbidean horrelako aukera duten arkeologoak», gaineratu du Osloko Unibertsitatearen Historia Kulturaleko Museoko arduraduna ere badenak.

Norvegiako hego-ekialdean kokatutako Halden herritik gertu dagoen antzinako nekropolia karpa handi batek babesten du. Barruan dozena bat pertsona ari dira lanean, jantzi fluoreszenteekin, belauniko, lurra miatzen. Radar geologiko batek atzeman zituen itsasontziaren siluetak 2018an. Lurperatuta zegoen, baina ondoan zegoen tumulu batek pista eman zien adituei. Lehen laginen deskonposizioa oso aurreratuta zegoenez, indusketak berehala hastea erabaki zuten.

 

VIP bikingoa

Momentuz, gilaren zati bat baino ez dute egoera onean eskuratu. Analisien arabera, 800. urte inguruan porturatu zen itsasontzia. Zulo batean lurperatu zuten, muino baten azpian, hilobi gisa erabiltzeko.

Zer dela eta? «Itsasontzi batekin lurperatzen bazaituzte, argi dago bikingoen VIP bat zarela», azaldu du Wennek.

Erregea? Erregina? Jarl bat (noblea)? Erantzuna oraindik azaleratu ez diren hondakinetan egon daiteke, edo bikingoen aroan (VIII. mende erditik XI. mendera arte) hilobietan uzten ziren ofrendetan –armak, bitxiak, ontziak, tresnak eta lanabesak eta abar–.

Tokia arpilatua izan da sarritan eta horrek erlikiak aurkitzeko aukerak murrizteaz gain, itsasontziaren degradazioa areagotu egin du. XIX. mendearen bukaeran, gainera, tumulua zapaldu egin zuten landa eremua egiteko. Itsasontzi hilobiaren goiko aldea erabat suntsituta geratu zen eta uste da bertan zegoela hilobi ganbera bat izan zitekeena.

Halaber, litekeena da hilobia beste goi agintari bikingo batzuek profanatu izana, hango aberastasunak eskuratu eta, bide batez, beraien botere berria eta legitimitatea indartzeko.

Animalien hezurrak

Oraindik nahiko urria da arkeologoek aurkitu duten “altxorra”: errematxe metaliko batzuk, ia guztiz herdoilduta, hezur batzuk... «Hauek handiegiak dira gizakienak izateko», ziurtatu du Karine Fure Andreassen kolore laranja duen hezur handi bat erakutsiz. «Tamalez ez dugu agintari bikingorik aurrez aurre, zaldia edo abelgorri bat baizik», gaineratu du.

Hala ere «horrek hilobiratutako pertsonaren handinahia adierazten du. Garai hartan benetan aberatsa behar zuen izan bere ehorzketan horrelako animaliak sakrifikatzeko agintzen zuenak», jarraitu du adituak.

Karparen albo batean, Jan Bergek, urre meatzarien gisara, galbahe batean ureztatzen du lur tontor bat, historiako “pipita” bat aurkitzeko asmoz.

«Ez dut uste perla bitxiren bat aurkituko dudanik», azaldu du eskualdeko administrazioko arkeologoak. «Preziatuena aspaldi atzeman zuten. Eta burdinaz egindakoa edo organikoa zen guztia suntsitu egin du denborak».

Hala ere, horrek ez du inolaz ere kikildu bikingo itxura duen gizon bizarduna. «Ez gabiltza altxorraren bila. Niri interesatzen zaidana zera da, garai hartan zer produzitzen zen jakitea, ehorzketak nola egiten ziren ezagutzea eta bikingoen aroko ekintzak interpretatu ahal izatea». Hori bai dela agortzen ez den altxorra.