Iñaki Sanz-Azkue

GIZAKIAK SUGANDILARI BEHATZEN DIONEAN...

1978ko udaberria. Herpetologo gazte bat Beorburuko (Nafarroa) San Bartolome elizako hormari so dago. Koadernoa eta arkatza eskuan, bere begiek harrien arteko mugimenduei jarraitzen diete. Behaketa pertsonala da. Sugandilak eta gizakia aurrez aurre. 2020ko azaroaren 28a. Jaizkibelgo itsaslabarreko arroken artean olatuen talka baino ez da entzuten. Mugimendurik ez hareharrizko eremu mortuan. Eguerdiko 14:00etan, alabaina, zerbait aldatzen ari dela sumatu dugu. Buru txiki eta zapal batzuk azaldu dira gure pareko zirrikituan. Hemen dira sugandilak. Hasi da behaketa.

Alberto Gosa, 80ko hamarkadan, apunteak hartzen.
Alberto Gosa, 80ko hamarkadan, apunteak hartzen.

Argazki bat atera diogu sugandila multzoari. Klik! Familia argazkia dirudi. Hamar burutik gora Jaizkibelgo itsaslabarreko zirrikitu berean. Sugandila gutxi sumatzen da inguruan. Gure aurrean, ordea, taldean agertu dira bat-batean. Liolepis sugandilak (Podarcis liolepis) dira. Guztiak zirrikitu berean. Neguaren atarian, azaro eguzkitsua dugu 2020ko hau Euskal Herrian, baina badator aldaketa; jakingo al dute sugandilek hori?

Jaizkibelgo Talaia bidean gora eta behera dabil jendea. Arrasto higatuari jarraituz doaz guztiak. Kasik ilara bat osatuz, itsasoari paralelo. XXI. mendeko gizartean denborarik ez behaketarako. Ez astirik, ez begirik inguruari begiratzeko.

Beorburuko ermitaren aurrean, herpetologoa bere bakardadean. Alberto Gosa, biologo gazte bat, apunteak hartzen ari da. Behaketa tradizionala da erabiltzen duen metodoa. 1980 eta 1982 urteen artean bertako paretan dagoen horma sugandila (Podarcis muralis) populazioaren jarraipena eta ikerketa ari da egiten. Eskala txikiko zientzia. Alferrikako lana, askoren ustean.

Albertok, ordea, badaki zertan ari den. Ohartu da hango saurio guztiak espezie berekoak direla. Horma sugandilak dira. Ondo ezagutzen du populazioko sugandila bakoitza, jada. Liolepis sugandilaren bila ere ibili da inguruan, baina ez du alerik aurkitu.

Behaketa bat argazkitan

Behaketarekin batera etortzen diren galderak dira jakin-nahia pizten dutenak. Zientziarako bidea irekiko dutenak, esaterako, adin gazteetan. Eta hortxe, jolas baten moduan, fotogramaz fotograma ikusten ari garen pelikula bat analizatuko bagenu bezala, etortzen zaigu une bakoitza aztertzeko gogoa. Sugandilen bizimoduari lupa txikiarekin begiratuz. Itsasoko olatuen zartada atzean dugula hasten dira argazkiak eta galderak:

Klik!

1. Behaketa: Azaroa da, eguzkia nagusi da, baina tenperaturak ez dira altuak. Galdera: sugandilak neguaren atarian?

Hotzen etorreraren aurretik, eguzki izpi guztiak dira ongietorriak sugandilarentzat. Azken finean, narrastiak dira, eta narrasti guztiak bezala, izaki ektotermoak dira. Kanpoko beroa behar dute gorputza aktibatzeko (heliotermoak dira) eta tenperatura jaisten hasi aurretik euren bizi aktibitatea mantentzeko. Horretarako dute gorputz eta azal fina. Apenas gantzik gabea. Neguan aktibitatea asko jaisten dute. Brumazioan sartzen direla esan ohi da.

Klik!

2. Behaketa: Itsaslabarreko sugandila guztiak bat-batean azaldu dira, eguerdian eta zirrikitu berean. Inguruko arroketan ez da sugandilarik ageri. Zergatik ote?

Eguzki izpien indarra ez da nahikoa izan eguerdira arte, eta hareharriak denbora behar du berotzeko, eta sugandilak harriaren beroarekin, tigmotermiaz, berotzeko. Bi gauzak gertatu direnean, ikusi ditugu sugandilak zirrikitutik burua ateratzen. Guztiak arroka berean. Izan ere, zirrikitua zabala eta luzea da, eta hegoaldera begiratzen du. Bikaina, neguko eguzki izpi bakanak arriskurik gabe hartzeko.

Klik!

 3. Behaketa: Sugandila guztiak taldean atera dira. Arrak, emeak, kumeak. Guztiak zulo berean zeuden ezkutatuak. Galdera: elkarrekin pasatzen al dute negua?

Udaberrian, sugandilen ugal garaian, ar bakoitzak bere lurraldea defendatzen du. Lurraldekoiak dira. Ugal garaiaren ostean, ordea, agresibitatea jaitsi, testuingurua aldatu eta lurraldetasuna puskatu egiten da. Horregatik, ez da harritzekoa sugandila guztiak arroka berean egotea, ezta bata bestearen gainean ikustea eguzkia hartzen.

Beorburuko ermitan, 1982an amaitu zuen Alberto Gosak bertako populazioaren jarraipena. Hiru urteko lanaren ostean bukatu zen azterketa. Alferrikako azterketa?

1985a da. Lehenbiziko aldiz, Alberto Gosak liolepis sugandilaren aleak ikusi ditu Beorburun. Ermitatik 1,3 kilometrora dagoen eremu batean aurkitu ditu, aurretik ikusi gabeko eremuan. Oso gutxi daude. Behaketaren datuak jaso ditu.

Izan ere, herpetologo gazteak badaki datua interesgarria dela. Pagadien (Fagus sylvatica) eta harizti azpikantauriarren (Quercus humilis + hibridoak) mugan ari da lanean. Bertan nahasten dira Europa erdialdetik datozen espezieak eta eremu mediterraneo hezetik datozenak. Ziur asko, bere behaketak ez dira orain interpretagarriak izango, baina etorkizunera begira, nork daki? Ondo aukeraturiko eremuan ari da lanean. Bost urte pasatu ditu ermita zaharreko hormari begira; behaketa zientifikoa eginez. Agian berarentzat ez, baina ondorengo herpetologoentzat baliagarriak izan daitezkeen datuak hartzen.

Mugimenduen behaketa itsasertzean

Eguzkiak goxo jotzen du Jaizkibelgo itsaslabarrean. Gorputza berotuta, hasten dira mugimenduak, eta mugimenduekin batera, sugandilen jokabideei buruzko hipotesiak. Behaketa, galdera zaparradaren iturri.

Klik!

4. Behaketa: Sugandila guztiak zirrikitutik asko aldendu gabe ari dira eguzkia hartzen, gorputza zabal-zabal eginda. Horietatik txikiena taldetik aldendu da. Galdera: zergatik?

Sugandila gaztea aurtengo uda hasieran jaio da. Azalera txikiko gorputza du oraindik, beraz, lehenbizikoa izan da berotzen. Tenperatura aldaketa tasa handiak ditu. Horregatik, lehenbizikoa aktibatzen. Bero gehiago jasotzeko, gorputza zabaltzen dute, podarcis generoan ohikoa den moduan. Zenbat eta azalera gehiago jarri eguzkiari begira, orduan eta azkarrago igoko da gorputzeko tenperatura. Gaztetasunak ematen duen ausardia edo ezjakintasuna dira zirrikitutik aterarazi dutenak. Beste guztietatik aldendu da.

Klik!

5. Behaketa: Gerturatzen hasi gara argazkiak ateratzeko intentzioz. Zirrikitutik metro eta erdira nagoela sugandila gehienek zulo barrura egin dute alde. Bi taldetxo baino ez dira gelditu: sugandila gaztea eta ar heldu handiak eta emeak osatzen duten bikotea. Galdera: zergatik ez dute alde egiten?

Sugandilek ez dute eguzki nahikorik jaso. Beraz, azkar erreakzionatu eta alde egitea kosta egiten zaie. Hortaz, ez dute arriskatu nahi. Babesera joan dira gu gehiegi gerturatu aurretik. Gazteak, ordea, ez du arriskurik ikusten.

Arra eta emea elkarrekin daude. Ar helduak esperientzia nahikoa du noiz alde egin behar duen jakiteko. Arra mugitu aurretik joango da emea. Oraindik ez, ordea.

Klik!

6. Behaketa: Metro batera gerturatu naiz gutxi gorabehera. Ar helduarekin dagoen emeak alde egin du. Arrak asko iraun du, baina distantzia jakin batera iritsita, zirrikitura sartu da. Gazteak bertan jarraitzen du. Harrapatzeko moduan nago. Zergatik iraun du gazteak ar helduak baino gehiago?

Ar helduak ondo asko daki non dagoen sugandilaren eta gizakiaren arteko distantzia markatzen duen marra gorria. Marra gorri hori pasa dugunean alde egin du. Gazteak, ordea, esperientziarik ez du, eta bertan gelditu da, harrapatzeko moduko distantzian. Utzi egin dut, baina jokaera horrekin berarekin, harrapatua eta jana izateko arriskua du.

Populazioaren jarrerak

1990. urtea da. Hamar urte dira jada Alberto Gosak Beorburuko ikerketa hasi zuela. 1982tik behaketa gutxiago egin ditu, baina bertara bueltatzea erabaki du. Ikerketa etologiko bat egin nahi du ermitako sugandilekin. Populazioaren jarrerak ikertu nahi ditu, Jaizkibelen egiten ari garen moduan. Bertara iritsi denean, ordea, ezustekoa hartu du. Hori bai ez zuela espero…

Jaizkibelgo itsaslabarrean, berriro ere atzera egin dugu sugandilak bakean uzteko. Ostera ere bakoitza bere lekutik atera da, baina guztiak zirrikitu beretik. Kuriosoa da, atentzioa eman digu jarrera batek. Oraintxe ikusten ari garenaren erantzunik ez dugu....

Beorburuko ermitako hormak hitz egingo balu, agian zehaztasun guztiekin kontatuko lioke Albertori gertaturikoa. 1990ko urte hartan, horma sugandila zegoen ermitako pareta zaharrean, liolepis sugandilak bere agerpena egin zuen. Bi espezieen populazioak ageri ziren horma berean. Heldu, gazte eta jaioberriez osaturiko populazio ondo egituratuak biak ere. Bi sugandila ezberdin leku bera partekatzen. Populazio sintopikoa. Baina, nondik azaldu da liolepis sugandila, aurretik inguru hartan apenas bazegoen?

Arratsaldeko hiruretan eguzkiak beste aukera bat eman die Jaizkibelgo liolepis sugandilei. Ostera ere atera dira, eta gure harridurarako, ar helduak eta emeak gainontzekoetatik aparte jarraitzen dute. Behaketa soil bat baino ez da, baina argazki honetarako erantzunik ez dugu: ugal garaia amaitu ondoren, sugandila ar eta eme horiek elkarren ondoan iragango al dute negua? Zergatik jarraitzen dute besteengandik banatuta? Behaketaren erantzunen artean sortzen dira galdera berriak… Oraingoz erantzunik ez duten galdera berriak.

1990. urtean Alberto Gosak Beorburuko bideak arakatu ditu. 1985ean lehenbiziko aldiz liolepis sugandila ikusi zuen eremu beretik ermitarainoko bideak lagintzen ari da. Paisaian aldaketa nabarmenik ez da egon. Alegia, liolepis sugandilari mesede egin dion giza aldaketarik ez dela egon esan daiteke. Ermitarako bidean, alabaina, liolepis sugandilen presentzia jarraitua da. Beorburu herrian ere gauza bera. Lehen horma sugandila zegoen lekuan, orain liolepis sugandila. Kolonizazio naturala dirudi.

Alberto Gosak hipotesi bat du buruan. Espezieek haien bizi eremuetan aurrera eta atzera egiten dute historian zehar, eta gutxitan gertatzen den moduan, kasu honetan gizakiak mugimendu hori ikusteko aukera izan du. Alegia, bere ikerketa eremua txikia den arren, populazioen dinamikaren barruan urteetako prozesua dela pentsa zitekeena ikusi du Albertok apenas hamar urtetan. Herpetologoaren ustez, egun pil-pilean dagoen, eta garai hartan entzuten hasi berri ziren faktore batek mugimendu horiek laguntzen ditu: klima aldaketa aipatzen du. Alegia, klima aldaketaren eraginez, mediterraneoena den espeziea, liolepis sugandila, iparralderantz lekualdatzen ari dela, eta agian, berak ikusitakoa horren aztarna bat izan daitekeela.

Izan ere, eskala txikian egiten diren ikerketek ere badute bere garrantzia zientzia komunitatean. Eta hamarkada askotan, anfibioen eta narrastien azterketetan ezaugarri horiek zituzten eta behaketetan oinarrituak zeuden iraupen luzeko ikerketak egin izan dira. Eta horretan izan dugu eredu Alberto Gosa herpetologoa, eta hala, Beorburuko ikerketen datuak hainbat artikulutan publikatu ziren bere garaian. Egungo gizartearen abiaduraren ondorioz, alabaina, emaitza azkarrak eta ondorio orokorrak dira lehentasuna dutenak.

Gizakiak sugandilari behatzen dionean, denbora ere gelditu egiten dela dirudi. Eta abiadura gutxitu, berriro ere pertsona naturaren erritmora eramanez. Behaketak lagundu egiten du gure inguruan gertatzen ari dena aztertzen, eta azterketak geure buruari galderak eginarazten. Hezkuntza munduan hain pobre darabilgun metodo zientifikoari eusteko aitzakia ederra izan daiteke behatzen erakustea. Horrek sortuko baitu bizitzarekiko jakin-mina; eta jakin-nahia, erantzunak bilatzeko beharra.

Klik!