Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Barazkiena

Lehengo astean gertatua. Joan da kaletarra ni, alegia etxepeko supermerkatura barazki bila. Garbitu ditu eskuak usain toxikodun olioz, hartu du orgatxo gorria eta han abiatu da apaletik apalerako ibili harroan. Eta hantxe aurkitu du, bere aurrean, kapitalismoaren kimu berrion amesgaiztorik makurrena: ezereza. Ez piper gorri eta berderik, ez kuiatxorik, ez laranjarik, ez mandarinarik, ez gailetarik... Denak falta. Eta han estutu da pandemia garaiko mundu distopikora ustez ohitua dagoen urbanita barazkijalearen hauspoa. Han hasi da xanpu, zabor poltsa eta komuneko paper marka koloretsuz betetako galerietan barrena, hara eta hona, orgatxoa baldosa zurietan kinki-klanka darabilela. Erantzun baten premiaz arakatu ditu dendari urdurituen begirada iheskorrak. Buzo zuriz jantzitako dendaria bera bezain estu dagoen larruzko berokidun andreari azalpenak ematen sumatu duen arte. “Filomena”. Bi gauza bururatu zaizkio gure asfaltokume mokofinari. Lehendabizikoa, santotomasetako zerriek eta borraskek antzeko izenak edukitzen dituztela. Eta, bigarrena, “Filomena” izen arrotza dela. Ikusi dituela Madrilgo, Toledoko eta Teruelgo irudiak, baina tokitan daudela. Ustez, behintzat.

Poltsa nahi baino arinagoekin etxera iritsi eta telebista piztu du zuzenean, informazio bila. Badaki apokalipsia iritsita ere ETB1en kantujiraren baten enegarren errepikapena ematen segituko luketela, baina, badaezpada ere. Eta baserri bat azaldu zaio pantailan. Eta baserrian jendea, peto gorriz eta urdinez jantzita. Off-eko ahotsa sumatu du gero, lehiaketa batek gure euskalduntasunaren esentziara eramango gaituela adieraziz. Baserrira, noski. Telebista itzaltzekotan egon da. Aztoraturik errepasatu du egin gabeko erosketen zerrenda. Laranjak eta mandarinak badaki Valentziatik iristen direla. Hortik aurrerakoak, auskalo. Kontsumo talderen batean izena eman behar duela erabaki du aurrena. Bere lurreko produktuak jaten ez dituena ez dela “benetako euskalduna”. Gero, ordea, supermerkatuan bere inguruan sumatu izan duen jendearekin akordatu da eta pentsatu du, akaso, ez dela bera gaizki dabilen bakarra. Ea nork erabakitzen duen zein den porlandar euskalakariaren esentzia.

Arnasa berreskuraturik, poltsak lurrean utzi eta besaulkian eseri da. Automatikoki iritsi zaizkio burura bere tribuaren inguruan gazteleraz esan izan direnak. “El mundo abertzale”; “el mundo independentista”, “el mundo del euskara”. Mundutik kanpoko munduak; beren baitara bildutako mundu paraleloak; zaharrak, txikiak, bortitzak, itxiak. Alde ederrean bizi dira mundutar modernoak. Eta kolpera aldatu dira telebistako irudiak. Lizuniagako gaina ikusi du. “Route barrée”. To mundu zabal eta kosmopolita.

Sukaldera jo eta maldizioka hasi zaio hozkailuari. «Háblame en castellano», erantzun dio tomate zimeldu batek. •