Juantxo EGAÑA

Polixene trabudua eta Haydee Agirre, giltzapean

1933ko urtarrilean, Emakume Abertzale Batzako bi buruzagi atxilotu eta espetxeratu zituzten Bilboko Larrinagako kartzelan: Polixene Trabudua sondikoztarra eta Haydee Agirre santurtziarra. Mitinetan independentziaren alde aldarri egiteagatik Bizkaiko gobernadore zibil Jose Maria Amilibia Acción Republicanakoak ezarritako isuna ez ordaintzearen ondorioz giltzapetu zituzten. Haydee Agirre aurreko urtean ere atxilotu zuten, eta Polixene Trabuduak hamabi epaiketa baino gehiago izan zituen bere hitzak eta eslogan independentistak zirela eta. 15 egun igaro zituzten Larrinagan. Madrilgo prentsak haien askapenaren berri eman zuen, eta kartzelatik atera zirenean ehunka lagun, gehienak emakumeak, hara bildu ziren “gora Euzkadi” oihukatuz. Eraso-guardiek barreiatu egin zituzten bildutakoak. Josefina Carabias kazetariak honela zioen 1933ko apirilean "La Estampa" aldizkarian agertutako artikulu batean: «Emakumeek borroka politikora modurik ausart eta borrokazaleenean jo duten lekua Bilbo da». Amado argazkilari bilbotarrak egindako irudian, Polixene Trabudua eta Haydee Agirre ageri dira Larrinagako kartzelan.