Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Parekidetasuna garunean

Feminismoa ezagutzen eta jorratzen hasi nintzenetik pasa dira 20 bat urte. Ikasle mugimenduaren baitan, hezkidetza lantzeko formatu ginen lehenik hainbat militante, eta eskolak eman gero, kontzeptu sinple (sinplista apika) batzuen inguruan: sexua eta generoa bereiziz hasten ginen, ezaugarri “maskulino” zein “femeninoak” identifikatzen genituen eta bietatik ezaugarri positiboak hartuta pertsonak –ez emakume edo gizonak– heztea hartzen genuen hezkidetzaren xede. Ezberdinak garela aintzat hartuta, parekidetasuna zen hitz gakoa. Ezberdintasun horiek ezaugarri biologikoek determinatzen zituzten, hasi genetikatik, sexutik eta hormonetatik, eta horien eraginez antzematen diren dimorfikotasunetara. Adibide erabiliena izaten zen muskulatura eta indarrarena, baina aipatzen ziren ere bai garunarekin loturikoak, hala nola arren garunak ikuspegi espazial hobea duela edo emearenak enpatiarako prestatuago daudela, dena bere abal zientifikoarekin.

Denbora, baina, ez da debalde pasatzen eta gaur badakigu ez dela ar eta emeen garunen artean desberdintasun esanguratsurik. Desberdinak dira handiagoak direlako arren garunak, handiagoak baitira hauen gorputzak eta baita organoak ere (bihotza %17 handiagoa da, birikak %23, gibela %14,... eta garuna soilik %11 handiagoa). Baina tamaina ezberdintasunak ez du esan nahi dimorfikoak direnik (arrakastaz transplantatzen ahal dira organo asko sexuen artean) eta garuneko materia zuri/gris kantitatea, konexio intrahemisferiko/interhemisferiko erlazioa edo bolumen kortikal zein subkortikalari erreparatuz gero, ez da desberdintasunik antzematen sexuaren arabera. Tamainak ez du ostera ere garrantzirik antza eta sexu bietan garunak parekideak dira.

Garunaren egitura eta funtzioak kanpo esperientzien menpekoak diren heinean, ez da erraza bereiztea antzematen diren ezberdintasunen jatorria berezkoa edo soziala den. Hala ere, aipaturiko espazio eta emozioen prozesatze ezberdinaren hipotesi zaharrak baztertuak izan dira erresonantzia magnetikoz garuneko morfologia eta aktibitatea aztertu denean soilik %1eko aldea behatu denean. Lerro beretik, beste azterketa batzuek erakusten dute pertsonen gaitasun kognitiboak norbanakoen artean handiagoak direla emakume eta gizonen artean baino. Azken hiru hamarkadetan gaiari loturiko ikerketak berraztertu berri dituzte Rosalind Franklin Unibertsitateko zientzialariek eta ondorioa argia da: gizon eta emakumeen jokabideetan antzematen diren ezberdintasunei azalpen neurologikoa eman nahi izan zaie urteetan zehar, baina baldintzapen kulturalek eta genero arrakalak sorturiko ezberdintasunak dira funtsean. Ez daude bi garun mota, ez eta maskulinotik femeninorako gradiente bat ere, baizik eta “mosaiko” multidimentsional bat, non indibiduo bakoitzak eredu bakarra eta desberdina osatzen duen.

Pozten naiz zientzia eta teknikaren aurrerapenak, pertsonen arteko harremanak definitzeko ekuazio konplexuan, faktore biologiko determinista bezain sinplistaren aldagaia ezabatzen laguntzen duela ikusita. •