Miren Azkarate Badiola

Zer eta ezizenez deitzeko!

Haur bat jaiotzen denean eginbeharretako bat izena jartzea izaten da, eta a zer zeregina! Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Haur horrek, gero heldua izango denak, bere bizitzako egun guztietan berarekin eramango duen zerbait da. Bai, bai, orain aldatu daitezke izenak ere, eskerrak. Baina berez, gurasoek aukeratzen duten hori (gainera!), haur jaioberriaren izena alegia, sortzetik hil arte pertsonaren dokumentu ofizialetan aldatzen ez den gauza bakarrenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke. Horrexegatik bere garrantzia.

Aurreko batean Espainiako irrati bat entzuten ari nintzela, irakasle batek kontatzen zuen bere ikasgelan bazuela “Iloveny” izeneko haur bat. Bere amak ingelesezko “maite dut New York” idatzita zeraman kamiseta ikusi eta asko gustatu omen zitzaion. Eta istorio honek nik Palentziako espetxean ezagutu nuen haur polit hura ekarri zidan gogora, “Angelinajoli”, bai horrela, dena batera idatzita. Arazorik gabe Espainiako izen erregistroan sartutako izenak.

Gero EAEra gatozenean arazoak eta debekuak ditugu gure haurrei nahi bezala deitzeko: ezin diogu Zuhaitz neska bezala sailkatua izan berri den haur bati jarri, nahi baduzu Zuhaitza (zeinek eta guk, euskaldunok, gure hizkuntzan ez dagoenean generorik). Eta nola ez ekarri lerro hauetara nire amaren kasua; ez zioten uzten nire anaiari Donibane izena jartzen, haurrari izen horrek «sentsibilitatea zaurituko» ziola argudiatuz. Sentitzen dut honi buruzko iruzkinik ez egitea, argudio horri zentzua hartu nahian bizi naiz. Garbi dagoen bakarra da epaitegiko langile hari ez zitzaiola izena batere gustatu, diot nik! Amak, noski, azkenean eta esfortzu eta bidaia asko egin ondoren, lortu zuen izen hura erregistratzea.

Utzi zailtasunak jartzeari, demontre, nahikoa erabaki zaila da-eta gurasoentzako izena aukeratzea, zuek are zailago bihurtzeko afera! •