Maddi Txintxurreta Agirregabiria
BAYNANA ATARI DIGITALA

Errefuxiatu eta migranteen istorio desberdin, anitz eta positiboak, errefuxiatuek sinatuta

Ayham Greeb, Muhammed Shubat, Moussa al-Jamaat eta Okba Mohamed. Madrilen bizi diren errefuxiatu siriarrak dira laurak. Gerran den herrian kazetariak ziren eta ogibideari segitu diote atzerrian ere, Madrilen, proiektu komunikatibo berri batekin: Baynana. Gazteleraz eta arabieraz idazten dute, estigmak apurtu nahian eta zubiak sortzeko helburuz.

Edukiak ez dira asko oraindik, baina dagoenetik aurreikus daiteke komunikabide jantzia, anitza eta desberdina izateko sortu dela Baynana. Elkarrizketa eta erreportaje luzeak, errefuxiatuak kazetari eta errefuxiatuak elkarrizketatu; nork berea kontatzen duenean ageri den errealitateari zintzo, bozgorailuz mozorrotutako paternalismoaren beharrik gabe. Ageri da, baynana.es atari digitalean, sukaldaritza espainiarrak arabiarrarekin konpartitzen duen sustraia, Ekialdeko Mediterraneoan zehar bidaiatu daiteke Darawish-eko musikarien bidez, espainiarrak arabiera ikastera zerk bultzatzen dituen ikasi, sukaldaritzaren bidez errefuxiatuak laguntzen dituen Malak Zungi libanoarra ezagutu, edo Madrilgo Cañada Real auzunean emakume arabiarrek bultzatutako erresistentziari buruzko erreportajea irakurri.

Arabieraz eta gazteleraz irakur daitekeen atari informatiboa da Baynana, Estatu espainiarrean errefuxiatuek sortutako lehenengo komunikabidea. Berriki aurkeztu dute, apirilaren 7an, eta sortu berria ez ezik berritzailea denez gero, lan asko dauka oraindik aurretik. Informazioa eta bideoak gaztelaniaz eta arabieraz ekoizteaz gain, sortzaileek Estatu espainiarreko hainbat tokitara joatea eta beste nazionalitate batzuetako pertsonekin lankidetzan aritzea dute jomuga.

«Kazetaritzaren bidez gauza asko egin daitezke; guk bideoak, analisiak, erreportajeak, egin nahi ditugu. Uste dugu gauza asko kontatu ditzakegula atari honetan», agertu du Muhammed Shubat-ek, Baynanaren sortzaileetako batek.

Zerbitzu publiko eta soziala

Zerbitzu publiko izateko bokazioarekin sortu dute Baynana, gazteleraz oraindik ez dakiten errefuxiatu eta etorkin arabofonoek helmugako Estatura iristean beharrezko dituzten gakoak eta kalitatezko informazioa eskaintzen baititu; eta gizarte bokazioa ere badu, berdinzalea, beste zenbait komunikabidek errefuxiatuei buruz zabaltzen duten irudi distortsionatuarekin apurtu eta migranteen istorio positiboak zabaltzeko espazio propioa eraiki baitute.

Proiektuaren aurkezpenean azaldu zuten moduan, komunitate migrantearentzat erabilgarria den eta migrazioaren beste alderdi bat erakutsiko duen baliabide bat sortzea pentsatu zuten sortzaileek, errefuxiatuak «biktima edo gaizkile» dikotomia faltsutik erauziz.

«Espainiara iristen garenean gauza asko daude egiten ez dakigunak: paper bat, adibidez, edo bertako albisteak irakurtzea, ez baitago komunikabiderik informazioa gazteleraz eta arabieraz ematen duenik. Gainera, Espainian migrante edo errefuxiatuak biktima edo gaizkile bezala islatzen dituzte komunikabide gehienek. Guk zerbait desberdina egin nahi dugu, istorio desberdinak kontatu modu desberdin batean, alderdi positiboa nabarmenduz. Espainiara iristen diren errefuxiatuek proiektu interesgarriak egiten dituzte, gauza oso politak egiten dira. Istorio horiek kontatu nahi ditugu», esplikatu du Muhammed Shubatek.

Errefuxiatuen eta gainontzeko herritarren artean zubi lanak egiteko bokazioa ere badu proiektuak. Sortzaileek nabarmendu dutenez, kultura arabiarrak eta espainiarrak «gauza asko dituzte komunean». Hortik dator izena; baynana, «guztion artean» arabieraz. «Baynanak dena elkartzen du eta aldizkari honekin egin nahi duguna ondo islatzen du», dio Shubatek.

Ayham Greeb, Moussa al-Jamaat, Okba Mohamed eta Muhammed Shubat dira atari digital berriaren sortzaileak eta Andrea Olea kazetari espainiarrak koordinatzen du. Siria hegoaldeko kazetariak dira lehenengo laurak eta Kazetarien Babeserako Batzordeak (CPJ, gaztelerazko siglatan) Siriatik ateratzen lagundu zien duela urte bat eta hamar hilabete.

«Kazetari lanetan ari ginen Sirian, gerran. Espainian ere kazetaritza egiten jarraitu nahi dugu, baina hemen kazetaritza egitea oso zaila da. Hala ere, errefuxiatuok komunikabide bat sortu dugu, bi hizkuntzatan, nahiz eta gure gaztelera maila erdizkakoa den oraindik», agertu du Shubatek.

Zailtasunak zailtasun eta komunikabidea martxan jartzeko denbora luzez lan eskerga egin dutela nabarmendu duen arren, Shubatek dio «zorte» handia izan zutela Por Causa fundazioarekin gurutzatzean, migrazioa lantzen duen kazetari eta ikerlari taldea izan baitute bidelagun Baynana sortzerakoan. «Pozik gaude honaino iritsi garelako», esan du Shubatek.

Siriatik Madrilera

Urte luzez Sirian kazetaritza egiten iraun ostean, herria, gerra, atzean utzi eta Madrilen berreskuratu dute ogibidea lau kazetariek. Lurralde batean edo bestean lan egitearen arteko aldeak nabariak dira Muhammad Shubatek ziurtatu duenez, zailtasunak nonahi daudela aitortu duen arren: «Gerran lan egitea oso zaila da, zure bizitza arriskuan dago. Ni erreportaje bat egiten ari nintzen eta hankan zauritu ninduten. Ez dago ezta ere askatasunik hitz egiteko. Hemen, Espainian, hitz egin dezakezu, espazio eta askatasun gehiago dago. Baina zailtasunak ere badira. Hizkuntza, kontaktuak... herrialde bakoitzak ditu bere zailtasunak, baina, orokorrean, kazetaritza egitea herrialde eta hizkuntza berri batean oso konplikatua da».

Diru-bilketa kanpaina

Ayham Greeb, Moussa al-Jamaat, Okba Mohamed eta Muhammed Shubat boluntarioak dira momentuz Baynana proiektuan eta beste lan batekin uztartu behar dute, ezinbestean, komunikabide berria. Hala, atariak behar dituen baliabideak lortzeko, langileen soldatak ordaindu ahal izateko eta proiektua gorpuzteko diru-bilketa kanpaina martxan dute Goteo atarian (www.goteo.org/project/baynana).

Shubatek jendea animatu nahi izan du ekarpen ekonomikoen bidez Baynanari bultzada ematera: «Jarraitzeko ezinbestekoa dugu. Aurrera jarraitzeko indarra ematen digute jasotzen ari garen zorion hitzek, baina laguntza ekonomikoa ere behar dugu».