Maite Ubiria Beaumont

Aho batez, hizkuntzek batzen gaituztelako

Paul Molac diputatuaren enegarren saiakera izanik, ez zen errana zer gertatuko zen iragan apirilaren 8an frantses Asanblea Nazionalean deituriko eztabaidan. Aurreikusita zen, ordea, frantses Gobernuan den Martxan mugimenduaren estrategia. Prozedura bihurrituz, aurreko abenduan Senatuak aintzat hartu zuen arauari azkeneko irakurraldian estropezu eginarazi eta fitxa hasierako laukitxoan ezartzea. Beste behin, denbora luzez hizkuntza gutxituen hiztunak oinarrizko lege koadrorik gabe lagatzeko aukera egokia zirudien.

Emmanuel Macroni Asanblea Nazionalean duen gehiengo sendoak berme nahiko ematen zion lege egitasmoa aterabiderik gabeko karrikarat eramateko.

Jean-Michel Blanquer bere Hizkuntza ministroak eginiko hitzaldiak ez zuen duda izpirik utzi. Gobernuak ez zuen begi onez ikusten bereziki zerbitzu publikoan, eta konkretuki hezkuntza sisteman, okzitaniera, katalana, bretoiera, korsikera, alsaziera edo euskararen itzala zerbait aiseago zabaltzea ahalbidetu behar lukeen legea.

Eztabaida heldu aurretik, ordea, urteetako eskarmentuari esker oztopoak gainditzeko garatutako gaitasuna, alde batetik, eta konbentzimenduz buruturiko elkarrizketa prozesu zabala, bestetik, herdoilduriko giltzarrapoa irekitzeko ezinbesteko olioa bilakatu ziren.

Batzordeko lanetan bidea aski libre geratu zen, egiari zor. Eta horrek argia piztu zuen. Nahiz eta inoiz fio ez izan kandelako sua itzaltzeko moduko haizerik ez zela finean legebiltzarreko korridoreetatik bilkura aretora sartuko. Legearen behin betiko mamia zehazte aldera garaturiko batzorde lanketan harriak ezarri zituzten Martxan taldeko korronte ofizialeko ordezkariek. Bestelako jarrera hartu zuten, ordea, hizkuntza gutxitu baten jabe diren lurraldeen izenean jarduten duten mugimendu bereko legebiltzarkide askok. Paris ahalmen guztien sorburu eta amets gehienen terminus geltoki gisara irudikatzen dutenek, azkeneko hamarkadetan gertatu bezala, finean inertzia zentrifugatzailea gailenduko zelakoan jardun zuten. Alta, egitasmoaren defendatzaile sutsuenek espero ez zuten gehiengo zabal batekin onartua izan da Molac Legea. Gehiengo paralelo horren eratze prozesuan murgildu zen Vincent Bru diputatu macronista kanboarrak ez zuen ahazteko emaitza: 247 diputatuk alde bozkatu zuten, 76k kontra eta 19k abstentziora jo zuten. Xifrak aletu zituen, hainbat euskal hautetsik eta erakundetako buruek «hizkuntzek batzen gaituztela» sinetsita Baionan antolaturiko agerraldian.

Departamendu eta eskualde hauteskundeetarako bi hilabete eskas falta direnean bozketa zinez esanguratsua galdu du Macronek. Are gehiago kontuan izanik 2017an presidentetza irabazi ondoren legebiltzarrean gehiengo estratosferikoa lortu zuen politikariak kanpaina horretan jakobinoen eta girondinoen arteko amaigabeko lehia sinbolikoan bigarrenen aldeko hautu teorikoa egin zuela. Jean-Michel Blanquer ministroaren hatsaren pean Kontseilu Konstituzionalean 61 bat diputatuk ezarri duten helegiteak, Martxan mugimendu barruan arrakala eragitetik harago, arrisku gehigarria sor diezaioke Macroni. 2022ko lehiari begira, ultraeskuinaren aurrean salbatzaile taula «seguru eta bakar» gisa agertzeko xedez bere «altuera morala» nabarmentzeko interes osoa duen agintaria joko arau demokratikoen erabiltzaile gaiztoaren paper itsusia betetzera kondenatzen baitu. •