Gorka Zozaia
Kimikaria

Argazkien kimika I: solarigrafiak

Ezin zuen serie honek aste hobe batean hasi. Noiz eta, historian lehen aldiz, robot batek guztiz era autonomoan gizaki bati eraso egin dionean. Libian gertatu ei da, drone armatu batek pentsatu du ona zela pertsona armatu batzuk tirokatzea. Tankerako gertakariak makinen erreboltaren inflexio puntu gisa marraztu izan ditu zientzia-fikzioak, baina errealitatean, oihartzun askorik gabe pasatu da berria, informazio zaparradan negar malko baten gisan.

Bizi dugun garapen teknozientifiko azkar eta sakonean ez gaitu jada ezerk harritzen, bide batez ez dugulako hausnartzeko betarik ere, eta ohartzerako, ezagutzen genuen mundua ezezagun zaigu. Ez dut ukatuko serie honek baduela erromantizismotik; errealitatearekin esperientzia materialago bat, bizimodu analogikoago bat aldarrikatzera dator. Baina ezin ukatu, era berean, besteak beste, hau guztia kontatzea ahalbidetzen duen digitalizazioa.

Seriea abiatzeko, udako solstizioaren atarian gaudenez, eguzkiak zeruan marrazten duen ibilbidea jasotzen duen hilabete luzeetako argazkia egitera proposatzera nator; solarigrafia. Solstiziotik solstiziora egin ohi dira argazkiok, nahiz eta laburragoak edo urte osokoak ere izan daitezkeen, lortu nahi dugun argazkiaren arabera. Interneten hamaika adibide topa ditzakezue, positiboak normalki, horregatik eskatu dizkiot Marc Rider lagunari (@elpatonegativo) berak egin solarigrafiaren negatiboa (goiko irudian) eta positiboa artikulu hau ilustratzeko.

Lerrootan noizbait aipatu dudan kamera estenopeiko batekin aterako dugu argazkia, erraza da muntaia: freskagarri lata bat zabaldu, barrualdea belztu, zulo ñimiño bat egin (estenopoa, orratzaren puntarekin bakarrik zulatu eta alde bietatik lijatu gero), eta behin paper fotografikoarekin kargatuta (etxean zaharrik izatekotan balioko du, baina betiko argazki dendetan ere saltzen dira oraindik; matea hobe), dena zinta isolatzailearekin ondo itxi gero. Lata mugituko ez den leku apropos batean bermatu beharko dugu, hegoaldera begira eguzkiaren ibilbide osoa harrapatu nahi badugu, estenopoa zabaldu eta hilabete batzuen ostean, estenopoa berriz estali eta argazkia “errebelatuko” dugu.

Teknika honen berezitasunetako bat da kameratik aterako dugun paper fotografikoari ez diogula ohiko prozesu kimikoa (errebelatzea>gelditzea>finkatzea) egin behar, ez eta argi gorridun gela ilunik behar ere berau manipulatzeko. Papereko zilar bromuroa (zilar katioia) soilik argiaren eraginez, denboraren poderioz, erreduzituko da beltza den zilar atomora (Ag+ + argia -> Ag). “Errebelatzeko”, beraz, latatik ateratzen den negatiboa eskaneatu ohi da (behin, eskanerreko argiak negatiboa kaltetuko baitu) eta irudi prozesadore batekin gero koloreak inbertitu eta ezker-eskuin biratu, argazkiaren positiboa lortzeko.

Eskanerra errebelatuko zaigulakoan argazkia errebelatzeko bide digitala baztertu nahi badugu, negatiboa finkatzeko kimikoz tratatu beharko dugu lehenik, zilar katioiak paperetik kendu eta argiarekin erreakzionatzea ekiditeko. Gero, kontaktuz positibatu dezakegu bestelako prozesu batzuen bidez, baina horiek hurrengo kapituluan ikusiko ditugu. •