Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Pastiche nostalgikoa

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI
Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Batek pentsatuko luke memoriaz arduratzen den museo publiko bat kultura sailari lotuta egongo litzatekeela, edo hezkuntza ministerioari. Edo, egongo balitz, aniztasun ministerioari. A ez, barkatu, espainiarrek aniztasunari gutxi batzuen pribilegio zaharkitu eta baztertzaile deitzen diotela ahaztu egiten zait batzuetan. Bueno, baita Frantzian ere, egia esan.

Kontua da aurreko astetik museo berria dugula Gasteizen eta memoriari lotua dagoela. Baina, hau bai arraroa, urtero Espainiako Barne Ministerioaren aurrekontutik lortzen dituela sosak. Datu horrexek bakarrik beharko gintuzke harritu. Badakit klixe bat dela, baina poliziak, kultura eta memoria ez dira joan ohi multzo berean. Eta memoria izatekotan, Jusapoleko eskumuturreko horietan dutena da, faxismoaren nostalgia. Beraz, nostalgikoz beteriko sail horrek berak jarri digu museoa Gasteizen.

Hain zuzen ere, alkateak Gasteizko sarreran ikurrin erraldoia jarri duen hilabete berean. Lakuara eta eskoletara egunero lanean datozen gipuzkoar eta bizkaitarrei ez dakit zer eragingo dien, baina gasteiztarroi nahikoa auzo lotsa sentiarazten digu. Gero eta gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoa hegoaldeko Pays Basque turistifikatua bihurtzen ari da. Baionan zezen beltzdun ikurrinak topatzen ditugun bezala, laster espainiar turistek txatka pintxo bat erdian duen ikurrina hartuko dute gure herriaren pop sinbolo bezala.

Nik espero nuen, ohiko duen maneran, Jaurlaritzak bere buletin ofizialean (Bilboko kazeta hori, falangisten egunkaria zena) Gasteizko museo berriaren apologia egingo zuela. Milaka turista ekarriko dituela esatea eta industria guztia ixten dutenean lasai egin ahal izango dugula lan guztiok, kontraturik gabe tragoak zerbitzatzen eta izugarrizko alokairuak ordaintzen. Izan ere, Andaluziako eta Kanarietako datuek erakusten duten bezala, zenbat eta turista gehiago, orduan eta lanpostu eta lan baldintza hobeak. Edo alderantziz ote zen? Fidatu beharko dugu Abiadura Handiko Trena bihotzarekin eraiki nahi izan duten horiekin. Donostiako metroa ere bihotzarekin diseinatuko zuten…

Arreta ematen duena da bai gure ikurrin erraldoi berria bai poliziaren finantziazioa duen museoa, elkarrekin erabat uztargarriak direla. Turismoaren uholdea sorrarazteko, lehenik eta behin, paisaiak eta kaleak hil behar ditugu, argazkirako klixe bihurtu. Eta pastiche aspergarri horren zati behar du memoriarik eta historiarik gabeko ikurrinak. Nostalgia eta klixea estatikoak dira, ipuin baterako paisaiak. Hain zuzen ere, Terrorismoaren Biktimen Memoriala horixe bera egitera dator, turistentzako ipuin bat kontatzera.

Nik esango nuke munduko leku gehienetan poliziak faxismo garaiko bere agintariak omentzea delitua dela (hemen, udaltzainei «pitufo» deitzea da izugarri larria eta polizia gutxiengo zapaldu bat omen da). Ez da batere fina, aizu. Are gehiago, gustu txarrekoa da. Barnean, poliziak eraildako ETAko kideen argazkiak ere jarri dituzte, ehizako trofeoak bailiran. Garai batean, Gasteizko teatroa egon zen orain memoriala dagoen lekuan.

Noizbait berreskuratuko dugu espazioa kulturarako, bai fabularako, bai ipuinetarako, baina klixe turistikoetatik eta poliziatik urrun. Ahalik eta urrunen. •