Antton Izagirre

Niniak

Nini» hitza euskaraz, haur txikien hizkeran, «haurra» adierazteko erabiltzen dugu. Gazteleraz berriz, “ni-ni” kontzeptua, “ez ikasi eta ez lan” egiten ez duten gazteak izendatzeko erabiltzen da.

Aurreko astean, osasun zentrora joan behar izan dudan horietako batean, belarria luzatu nuen bi erizainek zerabilten gaiari arreta jartzeko. Haien hitzetatik tiraka, “ni-ni” esamolde horren hirugarren adiera bat sumatu nuen, ondo labur dezakeena egoerak erizain horiei sortzen zien ezinegona.

Euskara jatorrean elkarri kontatzen zioten berriki beren eguneroko lanean izan zituzten esperientzien berri. Haserre antzera sumatzen nituen: nonbait gaztetxo asko covid proba egitera hurbildu zen, ustez axolagabe antzera ibili zirelako eta haien portaera larregi berekoia antzematen omen zuten. Berekoikeria horren berri ematerakoan erdarazko adiera erabiltzen zuten, “yo-yo” modura adieraziz. Eskubideak bai baina betebeharrak ahaztu egiten zirela esanez amaitu zuten.

Edonork pentsa lezake hitz egiten ari direnek adinez erizain helduak beharko luketela. Jakina da azkenaldi honetan gazteak errudun egiteko joera areagotu dugula eta covid-aren aurreko portaerak ere gazte-helduen arteko arrakala nabarmendu duela.

Hala izan balitz, beharbada ez ninduketen harrituko, baina tertulian ari zirenak hogei urte pasatxo zituzten erizainak izanik, belaunaldi arrakala ezin izan zitekeen gazteen portaeraz eman zezaketen epaiaren arrazoia.

Egunerokotasunean birusaren aurkako borrokan ari diren osasun langileak izateak eta kutsatzeak eragiten dituen ondorioen jakitun izateak pentsarazi zidan arrakala hori, adinak baino gehiago, ezagutzak, eskarmentuak eta sen onak sortzen dutela.

Gazte zein heldu, erizain horiei aitortu dizkiegun balioak bizitzak eskaintzen digun zeinahi aukera zentzuz epaitzeko baliatzeak on egingo digu. •