Iñaki Soto

Harresiak gaindituko dituen gogoeta behar dugu

Afganistango egoerari beste enfoke bat bilatu nahian, AFPko Ozan Kose argazkilariaren erreportaje miresgarri batekin egin genuen topo aurrekoan. Talibanak Kabulen sartzen ari zirenean, afganistandar migranteen talde batekin batera Iranen eta Turkiaren arteko muga gurutzatu zuen Kosek, Kurdistanen erdian. Bidaiaren azken txanpa migranteekin eta kontrabandistekin batera egin zuen eta ibilaldiaren une desberdinak harrapatu zituen. Hara heltzerako, 80 egunez ibili behar izan dira. Mugara gerturatu ahala, kontrolak ugaltzen doaz. Mugalariek esandako etxoletan ez bada, leizetan egiten dute lo. Irudiak gogorrak eta aldi berean oso onak ziren.

Egunkariaren azalera argazki horietako bat eraman genuen, eta barruan hiruzpalau irudi sartu genituen. Erredakzioan gustuko ditugun erretratuez gain, paisaia batekin harritu ginen: irudietako batean muga horretan eraiki duten murrua agertzen da.

Guztira, 243 kilometroko harresia izango da, 3 metro altuerakoa, lubanarroz eta dorretxoz josita egongo da. Hemendik eta urte amaierara turkiar agintariek 64 kilometro gehiago eraiki nahi dituzte. Bertan dimentsio horietako harresirik zegoenik ez genekien. Pentsatzen hasita, ordea, egia da azkenaldian murru eta hesi berriei buruzko albisteak argitaratu ditugula.

Uste baino harresi gehiago, uste baino gertuago

Hortik tiraka, migranteen aurkako sistemen errepasoa egin genuen. Urrutira joan gabe, aurreko astean greziar Gobernuak Evros ibaiaren inguruan 40 kilometroko hesi metalikoa amaitu duela esan zuen. Kasu honetan, ez da hesia soilik. Kamerak, radarrak eta soinu-kanoiak ditu, «migranteen jauzi masiboak ekiditeko». Ekainean honen berri eman genuen.

Hortik gutxira, uztailean, Europaren beste puntan murru berri baten berri ematen genuen: Lituaniak eraikiko duen 500 kilometroko harresia, hain zuzen ere. Bielorrusiako gatazkaren ondorioz bide hori indartu da, eta Baltikoko herrialdeak Europar Batasunaren babesa izan du murrua altxatzeko. Oraingoz, pertsonen fluxua zailtzeko, hesi metalikoa eta txarrantxa bota dute. Aurreko astean Poloniak Bielorrusiarekin duen mugan harresia eraikiko duela agindu du.

Zerrenda honetan ezin ditugu ahaztu Ceuta eta Melillako hesiak, Europaren beste izkinan. Maiatzean azken krisia bizi izan zutenak, Marokoren bultzadaz. Orain gertakari haren ajea ari da bizitzen espainiar Estatuan, Fernando Grande Marlaskaren Barne Ministerioak hesia gainditu zuten umeekin eta nerabeekin izan duen jokabide bidegabeagatik.

Joera orokorra da eta ez dugu behar bezain serio hartu. Trumpen edo Israelen murruaz ari ginen bitartean –eta aritu behar zen, behar da–, etxeko patioan hormigoi-makina gelditu gabe bueltaka ari zen. Bidasoan hildako migranteen kasuek euskal jendartearen parte baten kontzientzia ukitu dute, urruti ikusten zen errealitate hori gure lurraldean itotzen ikusi dugulako. Migrazioaren auziari ez diogu dimentsioa hartzen. Egia da larrialdiak erantzuna behar duela, itotzen ari denari bost axola diolako zure gogoetak edo gogoeta faltak. Baino heldu beharko diogu, gurean mugaz gain murrurik ez badugu nahi. •