Maite Ubiria Beaumont

Txosten suntsitzaile bat tiradera batean sartuta

Euskal Herriko haurrek eskolako bidea hartu duten astean hitza askatu du «eztarri sakon» batek Bretainian. Hamar bat orriko txostenean, Diwan eskola sareak zerbitzu publikoa garatzen duela onartu arren bretoierazko hezkuntza sareak ez duela tokirik frantziar legedian argi eta garbi idatzi zuen Hezkuntza ikuskariak. Are, frantsesaren orduak emendatzeko eta bretoieraren itzala murrizteko gomendio zehatza eman zuen Yves Bernabe izeneko estatu funtzionarioak 2019. urtean landutako txosten horretan.

Filtrazioak agerian utzi du uda aitzin frantses Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua frantziar legediaren kanpo kokatuz emandako ebazpena ez zela sukarraldi baten ondorio izan. Ildo beretik, agiriak baieztatu du Hezkuntza Ministeriotik «Molac legearen» aurka bideraturiko erasoak ez ziola kasketaldi bati erantzuten baizik eta ondo hausnartutako estrategia bati.

Horren aztarnarik bazen. Michel Blanquer ministroak berak gidatu baitzuen aipaturiko lege proposamenaren aurkako bataila frantziar Asanblea Nazionalean.

Ezustean diputatu bretoiak bultzaturiko lege egitasmoa gehiengo zabal batez onartua izan zenean, Blanquerren ministerioa azpijokoetan murgildu zen ondotik Macronen gehiengoaren hainbat legebiltzarkidek helegitea jar zezaten. Emaitza ezaguna da: hiruzpalau hamarkada atzera eginez, hizkuntza gutxituetan jarduten duten hezkuntza sare ezberdinak, dela eredu elebiduna dela murgiltze sistema sustatuz, erabateko ziurgabetasun egoeran gelditu dira geroztik frantziar Konstituzioaren zaintzaileen erruz.

Glotofobia frantziar administrazio eta estamentuen zainetaraino txertatua dagoela jakinik aise idatzi zuen bere txostena Bernabek. Bere argudiategia, finean, Kontseilu Konstituzionalak doktrina finkatzeko lagungarria izan zela ondorioztatu dezakegu. Dagoeneko, euskararen aurkako egiturazko erasoa salatzeko indar erakustaldia izan zen Baionan maiatzaren hondarrean.

Gehiengo politiko-instituzionalaren babesarekin 10.000 herritarrek astindu zuten aldarrikapenak –«Euskarak murgiltzea behar du!»– babes sarea irudikatu zuen, ez ordea pitzatu ezinezko ezkutua.

Herritarrek ehundutako sareak ahalbidetu du, hori bai, murgiltze eredua hiru ikastetxe berritara zabaltzea. Idauze-Mendi, Ortzaize eta Aiherrako haurrek «baimena» eskuratu dute euskaraz ikasteko. Ez, ordea, Larraineko ikasleek. Zuberoako herrian murgiltze eredua garatzeko bidean sorturiko adostasun zabalari muzin egin dio Hezkuntza Ikuskaritzak. Larraindarrek, ordea, beren kabuz alternatiba garatzeko kemena erakutsi dute.

Finean, statu quo-a ez da orokorrean aldatu, baina filtrazio bati esker orain jakin badakigu Parisek eleaniztasunaren aurkako armategi suntsitzailea baduela kaxoian gordeta. Nahieran baliatzeko prest.

Konstituzionalak harturiko erabakiak triskantza handiagoa sor zezakeen kurtso hasieran, baina Gobernuak kolpea neurtu du. Interes osoa badu horretarako, heldu den urteko maiatzean Presidentetzarako bozak eginen baitira. 2017an Ipar Euskal Herrian –zein Bearnon– erro sakonak dituen familia zentristaren eskutik sostengu erabakigarria jaso zuen bere hautagaitza plantan emateko Emmanuel Macronek. Kontratua berritu nahi badu, hobe mamua oraingoz armairuan atxikitzea. •