Isidro Esnaola

Ikuspegi berekoiak hondamendira garamatza

Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC ingelesezko sigletan) azken txostenak hautsak harrotu ditu. Beharbada harrotu gehiegi esatea da, baina gutxienez, aurrekoetan baino oihartzun handiagoa lortu du. Ematen du larrialdi klimatikoaren kontzientzia, azkenean, hedatzen ari dela gizartean eta politikarien artean. Lehen mailako arazo bezala kokatzen dute askok, teorian behintzat.

Praktikan, aldiz, ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen du jendeak betiko leloak errepikatzen. Horretan oso adierazgarriak dira albistegiak. Larrialdi klimatikoari buruzko informazioaren ondoren berri ekonomikoak lantzen dituzte eta inolako hausnarketarik gabe hazkunde ekonomiko mugagabea goraipatzen dute. Esate baterako, orain dela gutxi aire garraioaren datuak zabaldu dituzte eta herrialde askotan 2019ko maila berreskuratzen ari direla esan zuten. Nonbait hori berri ona da ekonomiarentzat, besteak beste, esan nahi duelako turista gehiago iristen ari direla. Turistekin batera, dirua, enpleguak ostalaritzan eta ostatuetan, eta abar. Eta inori ez zaio okurritzen aire garraioaren hazkundea eta larrialdi klimatikoa lotzea. Eta bien arteko lotura estua da. Besteak beste, ingurumenaren ikuspuntutik aire garraioa oso kutsakorra eta efizientzia gutxikoa da eta hegazkin elektrikorik ez da epe laburrean aurreikusten. Horretaz gain, Europar Batasunean hegazkinentzako kerosenoak ez du zergarik ordaindu orain arte, badakizue, lehiakorrak izateko...

Aire garraioaren birmoldaketa ezinbestekoa da. Horrek zera eskatzen du, besteak beste, hegaldi laburrak murriztea, baina aire konpainiek hegazkinetan inbertitu dute eta horrek galerak sortuko ditu; kerosenoa behar bezala zergapetzea, baina horrek bidaiak garestituko ditu, turista gutxiagok bidaiatuko dute eta ostalaritza eta ostatuek kalteak jasango dituzte… finean, erpin askotako gaia da eta plangintza sakona eskatzen du galera ekonomikoak txikiagotzeko. Oso zaila da gauzatzea, baina hori da bidea eta oraindik ez da planteatu ere egin.

Egoera askoz larriago batean, errazagoak diren beste gauza batzuk egin ez dira bezalaxe. Esate baterako, pandemiari aurre egiteko bi neurri oso zehatz eta kostu gutxikoak zeuden. Lehenengoa, patenteak askatzea ekoizpena zabaltzeko. Hori egin beharrean, estatu boteretsuek farmazia industriaren monopolioa babestu dute jendearen osasun eta bizitzaren aurretik. Horretan, gainera, lidergoak EBk eraman du. Bigarrena, mundu mailako txertaketa kanpaina antolatzea, talde zaurgarrien arabera. Hori egin beharrean, estatu boteretsuek nahiago izan dute txertaketa kanpaina beren erara egin, pandemiaz horrela libratuko zirela pentsatuz. Oraindik ere harritu aurpegia jartzen dute entzuten dutenean pandemiaz inor ez dela libratuko mundu osoa libratu arte. Egoera larri batean, neurri errazak eta ondorio ekonomiko mugatuak zituzten erabaki politikoak ere ez dituzte hartu munduko boteretsuek. Nahiago izan dute etekinak pilatzea. Eta herritarrek ez dute indar nahikorik bildu erabaki horiek aldatzeko. Agian, herritarren artean ere ikuspegi berekoi hori nagusitu da.

Aspaldi ekologistek esan zuten munduko azken zuhaitza ez duela botako familia batek sua egiteko eta janaria prestatzeko, dirudun batek bere jauregiaren tarima aldatzeko baizik. Hor dago larrialdi klimatikoaren gakoa.