Antton Izagirre

Parentesiak

Uda badoa eta betor agudo negua. Ez da ni hotz eta euri zalea naizelako, baina uda parteak eguneroko berriketa, albistegi eta eztabaida politikoan utzi digun hustasun eta arinkeria sentsazioak gainditzeko lehenbailehen uda atzera uztea hobe, nahiz eta neguak berekin duen iluna, lana, nekea eta ekaitza.

Ez da oraingoa, ez da berria, uda garaian komunikabideek «udako sugetzarrak» sortzeko duten joera eta abilezia. Badirudi pultsu politikoak indarra galtzearekin batera komunikabideak bihurtzen direla parlamentu, ideologo eta kale eragile. Aurtengoan ere, beste horrenbeste.

Nahiz eta negu partean ere, komunikabideek eta sostengatzen dituzten botere ekonomikoek iritzi publikoa honetara edo hartara bideratzeko ahalmen osoa izan, pentsatu nahi dut –irudipen hutsa eta ustela agian– esku artean ditugun eta eztabaida politikora salto egiten duten berri eta albisteek beste sendotasun eta pisu bat hartzen dutela udatik bueltan.

Ikusi dugu, nolako lehentasuna eman nahi izan zaion pandemiaren azken bolada honetan, kutsatu eta ospitaleratuen kopuru eta zifra dantzari, kale edanari, horrekin loturiko oldarraldiei eta gau giroan sorturiko zenbait liskarri, arazo politiko larrienen mailara jasoak izan direnean.

Horretan tematu dira diru publikoz sostengatzen ditugun gure gertuko telebista eta irratiak eta hedabide nagusiak.

Udako beroak urtuta edo, gure sen kritikoa ere itzali xamarra izaten dugu, eta lerro editorial horiei jarraitu beste erremediorik ez dugula dirudi.

Ez da zuhaitzak ikustea nahikoa, basoa ikusteko. Maiz, albiste zenbaitetan azpimarra egiten dutenean, beste hura ezkutatzeko izaten da eta «mozkor borrokaz» eta gau giroko «ukabilkadaz» entretenituta gauzkaten bitartean, herritarrontzat premiazkoak direnak –argindarraren prezioa, osasun arloko gabeziak, gutxieneko soldata, sakontasun politikoa eskatzen duten politika ausartak– ez dira lerroburu izango; politikari profesionalen kontuak direla esango digute, udako giroaz gozatzeko.

Betor negua, ekarri geurera gihar politikoa, ez soilik futbola. •